Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Martxoak 19

Nafarroako Parlamentuak Inés Zudaire margolariaren 'Atzerabegirakoa' erakusketa inauguratu du

Apirilaren 4ra arte begietsi ahal izanen den margolan-multzo honek iruindar margolariaren arte-ibilbidearen ikuspegi bat eskaintzen du, Nafarroan zehar paseatuz

Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariorde Ainhoa Unzuk inauguratu du, gaur goizean, Inés Zudaire iruindar margolariaren 25 olio-margolaneko bilduma, "Atzerabegirakoa" izenekoa, zeinak, "Nafarroan zehar paseatuz, margolariaren arte-ibilbidearen ikuspegi bat eskaintzen" baitu.

 

Hala mintzatu da inaugurazio-hitzaldian Ainhoa Unzu, eta orobat goraipatu du Nafarroako Parlamentuak egiten duen lana, nafar herritarren ordezkaritzadun erakunde bezala, "gure artea eta gure kultura ezagutaraziz".

 

"Plazera da gure KulturAtriok ere zure lanari abegi egin dioten tokien zerrenda luze horrekin bat egitea eta bere abaroan antolatzea zure ibilbide osoaren ikuspegi bat eskaintzen digun erakusketa hau, zeinak Nafarroan zeharreko paseo modura ekartzen baitizkigu Gares eta Eneritz, halaber igaroz Lizarra, Lantz, Altsasu eta Iruñetik, aldi berean aukera emanik genero desberdinez gozatzeko, hala nola natura hilak, paisaiak, arratsak eta loreak. Gure nahia da jende askoren bisita har dezala. Eskerrik asko", esan du, amaitzeko, lehendakariordeak.

 

Jarraian, Inés Zudairek Parlamentuari eskertu dio bere obra ikusgai jartzeko "interesa", artisten kolektiboari beren lana ezagutarazteko eskaintzen zaien aukera, eta erakusketa hau inauguratu ahal izateko eman zaion laguntza. Kulturaren "garrantzia" eta "pisua" nabarmendu ondoren, Zudairek Nafarroako Parlamentura etortzera animatu ditu herritarrak, erakusketa ezagut dezaten. "Espero dut koloretasuna gustatuko zaizuela, esker mila", bukatu du.

 

Inaugurazio-ekitaldia amaitu ondoren, parlamentariek 25 koadroen bisita gidatua egin dute, egilearen eskutik.

 

"Atzerabegirakoa" erakusketa Inés Zudaire pintorearen 25 oleo-margolanez osatuta dago. Paisaiak eta ohitura-gaiak irudikatzen dira bertan. Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, apirilaren 4ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik; eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko arras desberdinei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.

 

Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, bigarren idazkari Juan Luis Sánchez de Muniáin, Leticia San Martín (UPN), Carlos Mena (PSN), Xebe Txoperena (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Javier García (PPN).