Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Urtarrilak 26

Nafarroako Parlamentuak 'Holokaustoa Gogoratzeko Europako Eguna' ospatu du

Holokaustoa eta “giza eskubideen urratze guztiak, pertsonen duintasunari erasotzen diotenak” gogoan izatearen beharra azpimarratu du Legebiltzarrak

Nafarroako Parlamentuak Holokaustoa Gogoratzeko Europako Eguna ospatu du gaur, Legebiltzarraren egoitzako atarian egindako muntaketa xume baten bidez.

 

2005eko urtarrilaren 27an Europako Parlamentuak erabaki zuen Holokaustoa Gogoratzeko Europako Eguna izendatzea urtarrilaren 27a, egun horretan eman zitzaielako amaiera Auschwitzeko deuseztatze esparruari eta milioika pertsonak jasan zuten Holokaustoari.

 

Nafarroako Parlamentuak biktima horien oroimenezko ekitaldiak antolatu izan ditu, Europar Batasuneko herrialdeetako beste hainbat gobernu eta parlamentu nazional nahiz erregionalekin bat eginez.

 

Legebiltzarraren ustez, honako hau aukera handia da Nafarroako herritarrek Holokaustoaren izugarrikeria eta tragedia oroitu eta gaitzets dezaten. Baita antisemitismoaren hazkunde kezkagarriari (batez ere Internetekoari) aurre egiteko ere, eta beste behin ikasteko zer nolako arriskuak sortzen diren pertsonak pertsegitzen direnean beren arraza, jatorri etnikoa, erlijioa, gizarte maila, iritzi politikoak edo sexu joera direla eta.

 

Horri dagokionez, Parlamentutik nabarmendu dute oso garrantzitsua dela beti gogoan izatea Holokaustoa eta "giza eskubideen urratze guztiak, pertsonen duintasunari erasotzen diotenak, munduko edozein bazterretan herritar guztiek dituzten edo izan behar lituzketen oinarrizko eskubideak eta askatasunak deuseztatuz edo murriztuz”.