Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Irailak 6

Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu Iruñeko Alde Zaharrean bereziki gertatu diren ekintza bandalikoak eta gizalegerik gabeko jokabideak

Ganberak ez du zalantzan jartzen Rotxapeako Gaztetxea uztean poliziak egindako lana, eta bat egiten du Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Egunarekin eta Gazteriaren Nazioarteko Egunarekin

- Eledunen Batzarrak EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu bereziki Iruñeko Alde Zaharrean gertatutako ekintza bandalikoak eta gizalegearen nahiz elkartasunaren aurkako jokabideak.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu bereziki Iruñeko Alde Zaharrean gertatutako ekintza bandalikoak eta gizalegearen nahiz elkartasunaren aurkako jokabideak, eta elkartasuna adierazten die kaltetutako pertsonei; bereziki, Alde Zaharreko bizilagunei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak apustu egiten du erakundeen eta auzo-, ostalaritza- nahiz gazte-elkarteen arteko elkarrizketaren alde, aisialdiaren gaineko alternatiba eta konponbide adostuak bilatzeko denik eta azterketarik zabal eta sakonenetik abiatuta.

 

3. Nafarroako Parlamentuak goratu eta eskertu nahi ditu Nafarroako gizarteak pandemian zehar egindako ahalegin handia eta erakutsitako konpromiso eta inplikazio handia, eta elkarrenganako zaintzaren eta ondasun komunaren aldeko hautua egiten du, jarrera indibidualista eta elkartasunik gabekoen aldean”.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi Navarra Sumak aurkeztutako adierazpen instituzionala. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten zituen Nafarroako zenbait herritan eta bereziki Iruñeko Alde Zaharrean gertatutako ekintza bandalikoak eta gizalegearen aurkako jokabideak.

 

Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik aldeko botoa eman dute, EH Bildu abstenitu egin da eta Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek ez dute ezer adierazi.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu bereziki Iruñeko Alde Zaharrean gertatutako ekintza bandalikoak eta gizalegearen aurkako jokabideak, eta elkartasuna adierazten die kaltetutako pertsonei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die ekintza bandaliko horiek direla-eta esku hartu behar izan duten Nafarroako polizia guztiei (Foruzaingoa, Tokiko Poliziak, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila)”.

 

- Eledunen Batzarrak Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Suizidioaren Prebentziorako Mundu Egunaren ospakizunarekin, zeina irailaren 10ean izanen baita.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“2003az geroztik,  Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Elkarteak, Osasunaren Mundu Erakundearekin elkarlanean, Suizidioaren Prebentziorako Mundu Eguna sustatu du irailaren 10ean urtero. Egun hori pentsatuta dago mundu osoko herritarrek bat egin dezaten eta arazoaz kontzientzia har dezaten.

 

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Suizidioaren Prebentziorako Mundu Egunaren ospakizunarekin, zeina irailaren 10ean izanen baita, eta Parlamentuaren fatxada laranja kolorez argiztatzea erabaki du, helburu bikoitzarekin: herritarrak suizidioaren errealitatea eta egun horren garrantzia direla-eta sentsibilizatzea eta suizidioaren prebentzioarekiko konpromiso irmoa erakustea. Funtsezkoa da jokabide suizidak edo osasun mentaleko arazoak direla-eta laguntza bilatzen ari direnen estigmatizazioa ekiditea eta suizidatu direlako gertu-gertuko pertsona bat galdu dutenak babestea, kolektibo hori historikoki izan baita ulertu gabea eta ikusmiratik desagerrarazia.

 

Galdutako bizitza bakoitzaren atzean bikotekide, seme-alaba, aita, ama, laguna edo adiskidea daude. Suizidio bakoitzak senitarteko eta lagun askoren hondamen emozional, sozial eta ekonomikoa dakar.

 

Suizidioa osasun publikoko arazo tragikoa da mundu osoan. Suizidioaren prebentzioak erronka izaten jarraitzen du mundu mailan; izan ere, urtero dago adin guztietako pertsonen 20 heriotza-zio nagusien artean. 800.000 heriotzaren erruduna da; hau da, 40 segundoero, suizidio bat. Espainian kanpo-heriotzaren lehen zioa da.

 

Portaera suizidak suizidioa barne hartzen du, baina baita ideiagintza suizida ere, nork bere buruari kalte egiteko jokabideak eta suizidio-saiakerak ere. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, suizidio bakoitzeko 20tik 25 saiakerara bitarte gertatzen dira, eta askoz ere gehiago dira suizidatzeko aukera gogoan serio darabiltenak.

 

Suizidioa arriskuko hainbat faktorek bat egitearen ondorioa da: genetikoak, psikologikoak, sozialak, kulturalak eta abar; sarri, bestelako trauma- eta galera-esperientzien eskutik heldu da.  OMEk 2020ko martxoan COVID-19aren pandemia deklaratu zuenetik, nabarmen igo da krisian egonik galerak, sufrimendua eta estresa bizi izan dituzten pertsonen kopurua, eta hori ere arrisku-faktore bat da.

 

Bere buruaz beste egiten duten pertsonek talde heterogeneoa osatzen dute, arrazoi bakar, konplexu eta multifazetikoak dituzte, beren azken ekintza horren atarian. Heterogenotasun hori erronka handia da suizidioaren prebentzioaren arloko adituendako. Erronka horiei maila eta diziplina anitzeko ikuskerarekin heldu behar zaie, kohesio-ikuskerarekin.

 

Suizidioaren prebentzioa erdigunean jartzea bereziki garrantzitsua da lotura sozial sortzeko, kontzientzia-hartzea sustatzeko eta esperantza eskaintzeko. Maite ditugunengana beren osasun mentalaz eta ongizateaz galdezka hurbiltzeak haien bizitza salbatzea eragin lezake.

 

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du suizidioaren prebentzioak ikuskera berritzaile, integral eta multisektoriala izan behar duelako ideiarekin, horretan parte hartu behar luketelako osasunaren, hezkuntzaren eta lanaren sektoreek, poliziak, justiziak, erlijioak, zuzenbideak, politikak eta hedabideek.

 

Nafarroako Parlamentuaren ustez, funtsezkoa da gizartea suizidioaren arloan heztea eta sentsibilizatzea; eta beste horrenbeste osasungintzako profesionalak, eragile sozialak, erkidegokoak eta hedabideetako profesionalak.

 

Nafarroako Parlamentuak aldeztu egiten ditu suizidioaren prebentziorako estrategiak: pertsona eta kolektibo zaurgarrien identifikazio goiztiarra, osasun mentaleko zerbitzuetarako sarbidea eta asistentzia, alkoholaren kontsumoaren gaineko politikak, bitarteko hilgarriak eskuratzeko mugak ezartzea, telefono nahiz Internet bidezko laguntza-lerroak, eskolako prebentzioa. Gainera, etorkizun oparoko estrategiak dira esku-hartze psikosozialak, suizidioaren prebentziorako zentroak eta eskolako prebentzioa.

 

Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da hedabideek modu arduratsuan jorratzea suizidioei buruzko albisteak, sentsazionalismoan erori gabe".

 

- Eledunen Batzarrak PSNk aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egin du Gazteriaren Nazioarteko Eguna dela-eta abuztuaren 12an egindako ospakizunarekin.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gazteriaren Nazioarteko Eguna dela-eta abuztuaren 12an izan diren ospakizunekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio lan egiten jarrai dezan, politika publikoek beti izan dezaten gazte-ikuskera, gazteriak pairatzen dituen desberdinkeria partikular eta berariazkoak mozteko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako gazteriari eragiten dioten politikak egiteko prozesuetan Nafarroako gazteriaren parte-hartzea bermatu nahi du, kolektibo horren zeharkakotasuna aintzat hartuta.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako adierazpen instituzionala. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten zuen Arrotxapeko Gaztetxea hustu izanaren aurka protesta egiten ari ziren gazteen aurka poliziak izandako jokabide neurrigabe eta biolentoa.

 

Navarra Sumak aurkako botoa eman du, eta PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk ez dute ezer adierazi.

 

Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Arrotxapeko Gaztetxea hustu izanaren aurka protesta egiten ari ziren gazteen aurka Polizia Nazionalak izandako jokabide neurrigabe eta biolentoa.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari eskatzen dio poliziaren jokabide zorrotz azter dezan eta eman beharreko azalpenak eman ditzan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dio bide autoritario eta errepresiboa ez dela konponbidea gazteriak bizi duen egoerari begira, eta apustu egiten du gazteei auto-antolakuntzarako eta aisialdirako egiazko alternatibak eskaintzen dituzten politika publikoak baliatzearen alde.