Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urriak 13

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du urriaren 15ean ospatzekoa den Landa Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko urriaren 13an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu urriaren 15ean ospatzekoa den Landa Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du urriaren 15ean ospatzekoa den Landa Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta aitortzen du emakumeek nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan egiten duten lan eskerga, ausarta eta berritzailea, nekazaritzako elikagaien industriaren sostenguari eginiko ekarpenagatik eta landa exodoarekin amaitzeko betetzen duten ezinbesteko eginkizunagatik.

 

2. Nafarroako Parlamentuak ulertzen du berdintasun benetakoari eta eragingarriari generoaren eta landa-eremukoa izatearen ikuspegi bikoitzetik heldu behar zaiola, eta nekazaritzan nahiz landa-eremuan betetzen duten ezinbesteko eginkizuna aitortu, ikusarazi, hobetu eta indartu egin behar dela, nekazaritzako ustiategietako titular, negozio-eredu berrietako ekintzaile eta landa-eremuko enpesa, erakunde eta kooperatibetako kide eta buru direnez gero.

 

3. Nafarroako Parlamentuak lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, Nekazaritza-ustiategien Titulartasun Konpartituari buruzko Legea eraginkorra eta baliagarria izan dadin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoko emakumeen errealitate berariazkoak ikusarazten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bai eta oraindik indarrean dauden desberdinkeria-adierazpen guztiei garrantzia ematekoa ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela elkartegintzarako laguntzak bultzatzen eta berrikuntzaren, digitalizazioaren eta prestakuntzaren arloetan emakumeentzako neurri berariazkoak sustatzen jarraitzea.

 

6. Nafarroako Parlamentuak uste du lehentasuna dela landa-eremuan ekitate-politikak garatzen jarraitzea eta emakumeen presentzia gizonezkoena baino txikiagoa eta baldintza okerragoetakoa izatea ahalbidetzen duten oztopoak suntsitzeko lanean jarraitzea. Hain zuzen, landa emakumeek nekazaritzan eta jarduera ekonomikoan eraginkortasunez parte har dezaten sustatuko duten politikak, hori behar-beharrezkoa baita landa eremuak egituratzeko. Ez da soilik ekitate kontua, baizik eta gure herriak bizirik eta jasangarri mantentzeko beharra ere.

 

7. Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela politika transbertsalak garatzea, gizonen eta gizarte osoaren inplikazioa eta kontzientziazioa ere aintzat hartuko dutenak; izan ere, gizarte bat ez da aldatzen haren kideen erdia soilik aldatzearekin.

 

8. Nafarroako Parlamentuak aitortu nahi du, baita ere, emakumeen elkarteak egiten ari diren ahalegin eta aktibismo handia; izan ere, ikuspegi eta jarduketa-eremu desberdinetatik ahalbidetzen dute emakumeen parte-hartzea eta lidergoa landa eremuan. Emakumeek, eta bereziki landa emakumeek, ekonomia digital eta berderanzko eraldaketaren erdigunean egon behar dute”.