Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Urriak 19

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Estatistikaren Mundu Egunaren ospakizunarekin

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2020ko urriaren 19an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Estatistikaren Mundu Egunaren ospakizunarekin. Proposamena Lehendakaritzak aurkeztu du.

 

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

 

“Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Estatistikaren Mundu Egunaren ospakizunarekin, zeina urriaren 20an baita, eta estatistikak egungo gizartean duen garrantzia aitortzen du.

 

 

Era askotako datuak biltzeaz, tratatzeaz, aztertzeaz eta interpretatzeaz arduratzen den zientzia da estatistika, dela erabakiak hartzen laguntzeko, dela gertakari baten erregulartasun-baldintzak azaltzeko. Izan ere, estatistikak ahalbidetu egiten du ezagutzaren edozein eremutako ikerkuntza zientifikoarekin lotutako prozesua bururaino eramatea: medikuntza, ekonomia, kirola, eta abar. Bestela esanda, estatistikarik gabe ez dago ikerkuntza aplikaturik.

 

 

Nazio Batuen Batzar Nagusiak Estatistikaren Mundu Eguna ospatzeko hautatu zuen urriaren 20a. Ospakizun hori bost urtean behin egiten da 2010az geroztik, mundu osoan ekitaldiak eginez. Egun horren garrantzia datza estatistikek erkidego-, enpresa- eta gobernu-erabakiak hartzean duten garrantzian. Ospakizun horren helburua da estatistika ofizialen ekarpen ugariak nahiz estatistika publikoaren oinarrizko zerbitzu- nahiz osotasun-balioak ospatzea. Halatan, estatistika ofizialen ikusgarritasuna eta gizarteak horiengan duen konfiantza areagotzea bilatzen da, datuaren independentziaren eta kalitatearen oinarrizko printzipioak berretsita.

 

 

Nafarroako Foru Komunitatean, Nastat-Nafarroako Estatistika Institutuak bere gain hartzen du produkzio estatistikoaren plangintza, eta Gobernuko gainontzeko unitateekin batera prestatzen ditu demografiari, ekonomiari, gizarteari, zientziari eta teknologiari, nekazaritzari, industriari eta zerbitzuei buruzko estatistika ofizialak. Gainera, gainontzeko erregioetako estatistika-bulegoekiko eta Estatistikako Institutu Nazionalarekiko koordinazioaz arduratzen da.

 

 

Halaber, erakundeei, enpresei nahiz herritarrei dei egin nahi zaie aipatu printzipio horien arabera erabil ditzaten estatistika ofizialak, erabakiak hobeki hartzeko modu gisa eta kontu-ematea irizpide objektiboetan oinarrituta hartzeko modu gisa”.