Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Irailak 22

Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen eta Neskatoen Sexu-esplotazioaren eta Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Parlamentuak erakunde eta taldeen lana aitortzen du eta berdintasuna, errespetua eta pertsonen duintasuna eta giza eskubideak aintzat hartzen dituen gizarte-eredu bat aldezten du

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen eta Neskatoen Sexu-esplotazioaren eta Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Emakumeen eta Neskatoen Sexu-esplotazioaren eta Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin, zeina irailaren 23an baita.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak emakumeak pobreziaren feminizazioagatik eta gizonen eskariagatik prostituituak izatera behartzen dituzten kausak desagertzearen alde borrokatuko duen gizarte-eredu bat defendatzen du, eta kausa horiek desagerrarazteko eta ondorioei aurre egin ahal izateko jardun behar dugu. Emakume horien sexu-esplotazioa bateraezina da berdintasunaren, pertsonen duintasunaren errespetuaren eta emakumeen eta neskatoen giza eskubideen defentsaren gizarte-ereduarekin.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du krisi honetan ezinbesteko zerbitzuak ematen jarraitzen duten organizazioen eta kolektiboen lana: biktimak bilatzen eta justizia, osasungintza nahiz laguntza eta babes soziala izan dezaten laguntzen, eta abusu nahiz esplotazio egintza gehiago gerta dadin ekiditen.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela sexu-esplotazioaren aurkako sentsibilizazio-kanpainak egiten jarraitzea, gizartearen sentsibilizazioa eta, ondorioz, delinkuentzia antolatuaren irabazi handitako negozio-bolumena mugitzen duten delituzko jokabide mafioso horien errefusa soziala lortzen laguntzeko”.