Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Otsailak 21

Nafarroako Parlamentuak babesa ematen dio Igari-Bidankoze-Erronkariko kontzentratze-guneko gertakariak gizateriaren aurkako krimen deklaratuak izateko kereilari

2019tik Memoria Historikoaren Toki den Erronkaribarko gunean bildutako "frankismoaren esklaboen" senideek bultzatutako eskariak sindikatuen babesa du

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez Ganberak “bere sostengua ematen baitio Nafarroako Igari-Bidankoze-Erronkariko kontzentrazio-tokian giza eta lan-esklabotzako baldintzak, errepresioa eta zigorra jasandako zenbait pertsonaren senitartekoek aurkezturiko kereilari, zeinean eskatzen baita egoki diren zigor-arloko ikerketa-eginbideei ekin dakiela, gertakari haiek gizateriaren aurkako krimen deklaratuak izan daitezen”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean ezartzen du “erabaki hau helaraztea Nafarroako Probintzia Auzitegiari eta Buenos Aires-Argentinako 1. zenbakiko Epaitegi Federalari, zeinaren titularra, María Servini de Cubría andrea, frankismoaren krimenen aurkako "Argentinako kereila" deiturikoa izapidetzen ari baita”.

 

Zioen azalpenean, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek onetsitako ebazpenak gerra-krimenen eta gizateriaren aurkako krimenen arloan indarrean dagoen nazioarteko araudira jotzen du, zehazki 29/2018 Foru Legera, zeinaren babespean deklaratu baitzen Igaletik Bidankozera doan errepidearen memoriala Nafarroako Memoria Historikoaren toki gisa. Izan ere, Zaraitzu eta Erronkari ibarrak elkartzeko errepidea eraikitzeko kontzentrazio- eta lan-esparru giltzapetu bat erabili zen eta bertan "esklabotza, errepresioa eta zigorra" jasan zituzten pertsonen senideek aurkeztutako kereilari Foru Legegileak babesa ematea du helburu ekimenak.  

 

Testuinguru horretan, eta Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearekin bat etorriz, zeinaren 3. artikuluan espresuki biktimatzat hartzen baitira "kontzentrazio-esparruetan, espetxe-kolonia militarizatuetan... bortxazko lanak jasan zituzten edo horietan barneratuak izan ziren pertsonak”, Parlamentuak babesa ematen dio Nafarroako Probintzia Auzitegian jarritako demandari, gertaera horiek "gizateriaren aurkako krimentzat jo daitezen".

 

Horri dagokionez, proposamena egin dutenek jakinarazi dute kereila horrekin bat etorri direla Nafarroako indar sindikal guztiak (CCOO, CGT, ELA, EHNE, ESK, LAB, UGT, STEILAS eta SOLIDARI), bai eta dozena bat udal ere, kereila jarri duten pertsonak bizi diren udalerrietakoak, hain zuzen (Berriz, Bakio, Berango, Gernika, Laudio, Lezama, Portugalete, Erronkari, Zaraitzuko Ibarreko Batzarra, Santurtzi, Uztarroz eta Zumaia).

 

Itxaso Soto (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, Javier Trigo, Félix Zapatero, Leticia San Martín (UPN), Inma Jurío, Ainhoa Unzu, Ibai Crespo (PSN), Arantxa Izurdiaga, Eneka Maiz (EH Bildu), Mikel Asiáin (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

· www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (24. NPAO, 2024-02-20koa)