Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 23

Nafarroako Gobernuari talentua itzularazteko politika bat abian jartzeko eskatzen zion mozioa atzera bota du Parlamentuak

Pizgarriak eskatzen zituzten prestakuntza, gizarte eta lan arloetako baldintzarik onenak ahalbidetzeko eta kanpora joatera behartuta suertatzen diren gazteen jarioa geldiarazteko

Parlamentuak, atzera bota du gaur UPN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin, eta Geroa Bai, PSN eta UPNren aldeko botoekin, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa, “pizgarriak emateko plan bat egin zezan, Nafarroatik kanpora joan behar izan duten eta azken hogeita lau hilabeteetatik gutxienez seitan hemendik kanpo bizi izan diren gazteen itzultzerako eta laneratzerako”.

 

Besteak beste neurri hauek hartuko liratekeela zehazten zen: “laguntzak enpresa eta entitateentzat, pertsona horiei kontratu mugagabea egitearen truke; pizgarriak, jardun ekintzaileak Nafarroan garatzearen truke; eta laguntza ekonomikoa, bizilekua aldatzearen kostuari aurre egiteko”.

 

Atzera botatako ebazpenaren bigarren puntuan, Parlamentuak Foru Gobernua premiatzen zuen “Gazteriari buruzko 2017-2019 II. Foru Planean behar diren neurri eta jarduketa guztiak sar ditzan, Nafarroan prestakuntza, gizarte eta lan arloetako baldintzarik onenak ezartzeko, etxetik joatera behartuta suertatzen diren gazteen jario hori geldiarazte aldera”.

 

Hirugarren puntu batean, Geroa Baik eskatutakoan, hau eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuari: “plan bat egin dezala nafar migratzaileen eta Foru Komunitatearen arteko loturak ezartzeko, eta jatorrizko erkidegorako itzulera partziala edo osoa errazteko baldintza egokiak ahalbidetu ditzala, itzultzen direnei kontratu mugagabea egiten dieten enpresa eta erakundeentzako laguntza-neurriak barne”.

 

UPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, PSNk onartu ez duena. “Nafarroako Gobernuari “Nafarroako Talentua Itzultzeko Plana” burutzeko eskatzen zion, ez soilik neurri ekonomikoekin, baizik eta kanpoan bizi diren gazteekin komunikazio ekintzak ezarriko zituena; etortzekotan dauden gazteentzako lan eskaintzak eskainiko zituen plataforma baten sorrera; talentu nafarra kanpora bidaltzen duten enpresa nafarren zigilu baten sorrera; baita itzultzen diren gazteak eta euren familiak gai praktikoetan laguntza etengabe eskaintzea, beste neurri batzuen artean”.

 

“2.200dik gora gazte (medikuak, zientzialariak eta teknikariak, besteak beste) joan dira Nafarroatik 2008. urteaz geroztik, atzerrian jarduteko beren lanbidean”, gogorarazten da PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean. Eta, 2016ko otsaileko batzordean ezetsitako mozioaren ildo beretik, dei egiten da “talentua itzularazteko politika bat abian jartzeko”, Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020 aldirako egiturazko funtsak baliatuz, Gaztela-Mantxak edo Andaluziak “arrakastaz” egin duten bezala.