Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 28

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko otsailaren 28an

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi du aho batez.

 

Gobernuak sustatutako foru legearen helburua da, lehenik eta behin, foru lege-dekretuen onespena eta Gobernuari eta kontseilariei erregelamendu eskumenak esleitzea arautzen dituen esparru juridikoa garatzea. Gainera, arau horretan bakarrik jaso nahi da arau eskumenen esleipena, bai eta legegintzako ekimena izapidetzeko prozedurei buruzko xedapenetako bakoitzaren definizioa ere. Hori guztia egiteko, azpimarratzen denez, testu osora hedatzen den hizkera inklusiboa erabili da.

 

Foru lege-dekretuei dagokienez —Gobernuak kasu berezi eta oso presakoetan erabil dezakeen aukera, behin-behineko legezko xedapenak eman ahal izateko—, garatu egiten da prerrogatiba hori, 14/2004 Foru Legea onetsi ondoren gure ordenamenduan sartu zena. Zehazki, urriaren 27ko 7/2010 Lege Organikoaren bidez gehitu zitzaion Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoari.

 

Gobernuak kontseilari eskudunen proposamenez onesten dituen foru lege-dekretuak aldarrikatu eta hogeita hamar eguneko epean berariaz baliozkotu behar ditu Parlamentuak, eta baliozkotu ezean indarrik gabe gelditzen dira. Epe horretan legebiltzarrak erabaki dezake foru lege-dekretuak foru lege proposamen gisa izapidetu daitezela presako prozedura erabiliz.

 

Bestalde, Estatuko legegilearekin bat etorriz, hark uste baitu xedapen arauemaileak prestatzeko lana administrazio prozedura arautzen duen arauan erregulatu eta jaso behar dela, urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusten den bezala, ildo horretatik berrantolatzen dira Gobernuaren legegintza-ekimenaren eta araugintzarako ahalmenaren izapideak.

 

Hizkera inklusiboari dagokionez, testu osoko hitzak eta esamoldeak eguneratu egiten dira sexismorik gabeko estilora egokitzeko, eta horrek, kasu honetan, karguen izenei eragin die batez ere. Hala, gaztelaniaz “vicepresidenta o vicepresidente”, “consejera o consejero”, “directora general o director general”, “secretaria o secretario” eta horrelako izenak jarri zaizkie karguei.

 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus

  • Foru lege proiektua (5. NPAO, 2019-01-18koa)

  • Zuzenketak (22. NPAO, 2019-02-15ekoa)

  • Irizpena (28. NPAO, 2019-02-26koa)