Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Ekainak 13

Nafarroako Gobernua premiatzen da protokolo bereziak egin ditzan, goi-mailako adimen-gaitasunak dituzten ikasleak detektatzeko

Hezkuntza komunitatean formakuntza bultza dadin eskatzen da, maila metodologikoan eta didaktikoan erantzun egokiak emateko, osasun esparrua ere zainduz

Hezkuntza Batzordeak aho batez ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “susta dezan protokolo bereziak egitea, eskolatzearen hainbat unetan, goi-mailako adimen-gaitasunak dituzten ikasleak detektatzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “aniztasunari arreta emateko planetan neurriak sar ditzan goi-mailako adimen-gaitasunak dituzten ikasleendako arreta hobetzeko”.

 

Horrez gain, eskatzen da “ikastetxeetan bultza ditzan goi-mailako adimen-gaitasunak dituzten ikasleendako programak, multzokatzeak eta metodologia egoki eta kolaboratzaileak, halako moduz non ikasle horiei erraztuko zaien taldean-ikasgelan integratzea eta ikasteko ahalmen guztiak garatuko dituzten”.

 

Gainera, Gobernua premiatzen da “bultza ditzan irakasleen, zuzendaritza-taldeen eta orientazioko profesionalen prestakuntza, goi-mailako adimen-gaitasunak dituzten ikasleen eta haiekiko hezkuntza-erantzun egokiaren gaineko ezagutzan. Delako erantzun egoki horrek ikasle horiei pizgarriak eta laguntza eskaintzeko metodoak eta didaktika egokiak bilduko ditu, bai eta programak, neurriak eta berariazko baliabideak ere”.

 

Bestalde, Exekutiboari eskatzen zaio “familiendako prestakuntza-programak egitea, oinarritzat hartuta goi-mailako adimen-gaitasunak dituzten haurren detekzio goiztiarra eta hezkuntza-orientazioa familiaren arloan”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “osasun sistemekin lankidetza-protokoloak ezartzea, pediatria, psikologia, psikiatria, pedagogia, psikopedagogia eta abarreko profesionalekiko lankidetza sortu eta hobetzeko, detekzioaren fasean”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak defendatzen du “kalitateak ardatz izan behar duela ikasleei arreta ematea testuinguru normalizatu eta inklusibo batean, eta, aldi berean, arreta zorrotza eskaini behar die ikasleen banakako desberdintasunei”.

 

Goi-mailako adimen-gaitasunaren kontzeptua “konplexua eta dimentsio-aniztuna da, bere baitan biltzen dituelako alderdi kognitiboak, gaitasun sozial eta afektiboak, motibaziokoak eta testuingurukoak”, eta horregatik, “hezkuntzatik erantzuna eman behar zaie goi-mailako adimen-gaitasunak dituzten ikasleei, curriculumetik curriculumetik kanpokoraino, eta hezkuntza-arreta “arruntetik” (ohikotik) “desberdinera” (pertsonalizatura) doan ibilbide jarraitu batean”.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saiora bertaratu diren parlamentarioak hurrengoak izan dira: Alberto Catalán, Luis Zarraluqui, Ana San Martín, Iñaki Iriarte (UPN), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi, Rafa Eraso (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).