Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekainak 7

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Hezkuntza Bereziko ikastetxeen arteko koordinazio sare bat sor dezan

Desgaitasun mota desberdinak dituzten ikasleei arreta eta prestakuntza ematen dieten profesionalek baliabideak, esperientziak, berrikuntzako proiektuak, metodologiak eta abar partekatze aldera

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Hezkuntza Bereziko ikastetxeen arteko koordinazio- eta lankidetza-sare bat sor dezan, desgaitasun mota desberdinak dituzten ikasleei arreta eta prestakuntza ematen dieten profesionalek baliabideak, esperientziak, berrikuntzako proiektuak, metodologiak eta abar partekatze aldera”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “on line plataforma bat sor dezan partekatutako material eta baliabideak eduki, profesionalen lana sarean erraztu eta profesionalen elkarrizketa eta foro bat ezartze aldera”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen da “Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan garatzen diren Helduarora igarotzeko programak arautu ditzan, halako moduz non programa horietan sartzeko adina nola haien iraupena Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako berberak izanen diren”.

 

Gainera, eskatzen zaio “Hezkuntza Bereziko ikastetxeekin batera erregelamendu organiko berri bat sor dezan, ikastetxe horien beharrizan berezietara egokiturik, non lanbide-profilek erantzunen dieten ikasleen beharrizanei, hezkuntza, gizarte zein osasun arloetan”.

 

Azkenik, eskatzen zaio “Nafarroan hezkuntza bereziko zentroetan langile baliabideen kopurua ezartzen duen 1990eko irailaren 18ko 24063 Ordenak jasotzen dituen irakasle/ikasle kopuruak ezar ez ditzan, arau proposamen berri bat garatu eta eguneratu dezan proposamen pedagogikoa eta ikaslegoaren gaitasunak sortzen duen hezkuntza beharrean oinarrituta”.

 

Zioen azalpenean, PSNk aurkeztutako mozioak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa eta 93/2008 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duena, aipatzen ditu, oroitarazteko “mota horretako ikastetxeetarako berariazko araudirik ez dagoenez, Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako erregelamendu organikoa prestatu beharra dagoela”.

 

Zentzu horretan, azpimarratzen da hezkuntza berezia hezkuntza sistema orokorreko zati bat dela, eta eskolatzeko adinean Lehen eta Bigarren Hezkuntzako adinak sartu ohi direla. Salbuespen gisa Haur Hezkuntzako bigarren zikloko adineko ikasleak eskolatzen dira. Era berean, helduarora eta lanera igarotzeko programan eskolatzeko adina salbuespen gisa luzatu ahalko da hogei urtera arte..

 

Testuinguru horretan, mota honetan ikastetxeetan lan egiten duten profesionalen gaitasuna nabarmentzen da: “egunero berrikuntzan ari dira eta proiektu motibatzaile bereziak sortzen dituzte, ikasle bakoitzaren desgaitasunarekin lotutako hezkuntza-beharrizanen berezitasunetara egokitze aldera”. Horregatik diote garrantzitsua dela “ikastetxe bakoitzean sortutako eta garatutako lan eta esperientzia partekatzen ahal izatea beste ikastetxe eta autonomia erkidegoetako profesionalekin, are gertuko erkidegoetakoekin ere”.

 

Hezkuntza Bereziko ikastetxeak titulartasun publiko edo pribatuko ikastetxeak dira, erantzuna ematen dietenak ikasle jakin batzuen beharrizanei, ikasle horiek behar dituzten egokitzapen esanguratsu eta guztiz muturrekoak direla kausa, hezkuntza- eta psikopedagogia-orientazioko taldeen eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko modulu berariazkoen ebaluazioaren ondoren, ondorioztatzen denean ikastetxe arrunt batean integrazio maila guztiz txikia izanen dutela. Horiek horrela, ikastetxe horietako ikasle izanen dira hezkuntza- eta psikopedagogia-orientazioko taldeek zehazten dituztenak, ikasleen gurasoekin harremanetan jarririk.