Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da Haur Hezkuntza osoaren titulartasuna, ardura eta doakotasuna bere gain har ditzan

Sei hilabeteko epean kronograma bat aurkez dezan eskatzen da 2020 urtera arte egin beharreko jarduketekin, Programa Akordioan hitzartutakoari jarraiki

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Haur Hezkuntzak duen izaera hezigarria dela eta, ziklo hau Hezkuntza Departamentuak kudeatu dezan, eta doakotasuna eta sare bakar bat sortzea helburu izanik, hezkuntzako eragileekin batera atalka exekutatu daitekeen planifikazio bat egin dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat dauka, Exekutiboa premiatzen duena “kronograma bat aurkez dezan sei hilabeteko epean, 2018-2020 urteetan egin beharreko jarduketena, gutxienez ere honako alderdi hauek jasoko dituena”.

 

Lehenik eta behin, “zero-sei urteko etapa garatuko duen araudi bat egin eta garatu dezan, bereziki lehen zikloan, eta arautu dezan ikastetxe publiko zein pribatuetan, Foru Erkidegoko bi hizkuntzetan arreta hau bermatu dadin, familiek eskatzen dutenaren arabera”. PSN puntu honetan abstenitu egin da eta gainerakoek beren botoa mantendu dute.

 

Bestalde, eskatzen da “0tik 3 urtera bitarteko zikloaren doakotasuna arian-arian ezartzeak izanen lukeen kostuari buruzko azterlana egin dezan, honako hauek adierazita: ratioak, ukitutako ikasleen portzentajea, epeak, eremuak, eraikinak, eta abar”.

 

Gainera, eskatzen da “Hezkuntza Departamentuaren mendeko erakunde bat eratzea, etapa horretako lehen zikloaren hezkuntza izaera bermatu eta izaera horretan sakonduko duena, honako hauek adierazita: ratioak, irizpide pedagogikoak, metodologiak, beharrezkoak diren profesional-motak, eta abar, hezkuntza-etapa horren helburuak garatzen lagunduko dutenak. Halaber, doakotasunean aurrerabidea egiten dela begiratuko du, bai eta titulartasun publikoko haur-eskolak Hezkuntza Departamentuaren mende egotera arian-arian eta ordenaz igarotzen direla ere. Erakunde horretan egonen dira, gutxienez ere, Eskubide Sozialetako Departamentua, udalak eta Nafarroako 0-3 Plataforma”.

 

Horrez gain, “jakin nahi da ikuskaritza Zerbitzua nola inplikatuko den etapari buruz dagoen araudiaren nahiz dimentsio pedagogikoaren kontrol zorrotzean, garapenean eta laguntzan”.

 

Azkenik, eskatzen da “etapa horretan egun lan egiten duten pertsonei buruzko txostena egitea haien lan- nahiz ordainsari-eskubideekiko errespetu osoa eta baldintza duinak bermatzeko, trantsizio-etapa horretan eta gero behin betikoz”.

 

PPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Podemos-Ahal Duguk onartu ez duena, eta Gobernuari eskatzen zion “Lege proiektu bat gara zezan, sei hilabeteko epean 0-3 zikloaren “doakotasuna eta unibertsaltasuna” ezarriko zuena. Gainera, “hezkuntza sisteman Haur eskola publiko guztiak integratzeko” deia egiten zuen, “titulartasuna kontuan hartu gabe”.

 

Zioen azalpenean, Podemos – Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak izaera “konpentsatzailea” aipatzen du eta “funtsezko baliabide bat dela” lana eta familia bateragarri egiteko, horrela, 0-3 zikloaren aldaketa eskatzen du “hezkuntza zerbitzu unibertsala eta doakoa” izan dadin.

 

Testuinguru honetan, sustatzaileak 2016ko maiatzean onetsitako ebazpen bat aipatzen du, eta oroitarazten du “tarifa eta onartze gaietan egindako aldaketek balorazio positiboa” izan zutela. Hala, testu horretan jartzen duena betetzeko deia egin du, baita Gobernua osatzen duten lau alderdiek sinatutako Programa Akordioak dioena ere.

 

Aipatutako arrazoien artean, aipatzen da Nafarroan 101 haur eskola daudela (0-3 urte bitartekoak) 76 udalerritan banatuta, 6.546 plazarekin eta 4.808 haur hartatzen dituzte.