Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Maiatzak 2

Nafarroako Gobernua premiatzen da Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako Lege Organikoa bete dezan

Genero ikuspegia aipatzen da Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresetako administrazio kontseiluetako pertsona titularrak izendatzean

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (PPNren presentziarik gabe), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa bete dezan legegintzaldi hau bukatu aitzin, halako moduan non emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa bermatuko baita Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresetako administrazio kontseiluetako pertsona titularrak izendatzean”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Gobernua premiatzen du “Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresen administrazio kontseilu guztietan arian-arian sar ditzan zenbait profil profesional eta tekniko independente, zeinen ibilbidea eta ezagutzak kasuan kasuko enpresak lantzen dituen gaiekin bat datozen”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak defendatzen du “egokitasuna, gaurkotasuna eta garrantzia duela genero ikuspegiak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresetako administrazio kontseiluetako izendapenetan”, eta zentzu horretan, azpimarratzen du 33/2002 Foru Legeak, azaroaren 28koak, emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzekoak, helburu gisa ezartzen duela “generoaren ikuspegia txertatzea administrazioaren jarduketa guztietan”.

 

Aipatutakoaren harira, ohartarazten da “nahiz eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresetako kontseilarien emakumezkoen eta gizonezkoen guztizko batura ez dagoen berdintasunetik urrun, haietako askotan, Intia, Tracasa Instrumental edo Naserticen esaterako ez da Lege Organikoak xedatutakoa betetzen”.

 

Bestalde, Sodenaren adibidea jarraitzeko deia egiten da, non, bere osaeran ez da berdintasuna betetzen, baina 2017ko urriaren 10ean enpresa-mundutik etorritako lau profesional independente sartu zituen, eta hori ez da gertatu Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko beste gobernu organotan. Horien eragina argi eta garbi ikusi ahal izan da arrisku-kapitalaren bidez enpresa-ehuna garatze aldera Nafarroako Gobernuaren finantza-instrumentuak hartutako azken erabakietan.

 

Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu) lehendakari izan duen saiora bertaratu diren parlamentarioak izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, Carlos García Adanero, Mónica Doménech, Ana San Martín (UPN), Virginia Alemán, Rafael Eraso, Patxi Leuza (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Nuria Medina (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).