Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Otsailak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da Droga-mendekotasunari buruzko III. Foru Planaren ebaluazioa egin dezan

Ganberak osasuna sustatzeko eta prebenitzeko programa honen koordinazio- eta jarraipen-egiturak indartzeko eskatu du, eta IV. Plana urtebetean aurkeztea premiazkoa dela uste du

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Droga-mendekotasunari buruzko III. Foru Planaren ebaluazioa gehienez ere sei hilabeteko epean egin dezan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Droga-mendekotasunari buruzko foru plan berri bat presta dezan, arlo horretako adituekin eta elkarteekin lankidetzan, osasun arlokoak nahiz hezkuntza edo gizarte zerbitzuetakoak izan”.

 

Era berean, Foru Gobernua premiatzen da “Foru plan berrian portaera-adikzioen gaineko ikuspuntua jaso dezan”.

 

Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “planaren koordinatzailearen figura berreskura dezan, figura hori funtsezkoa baita planaren garapenean lidergoa eta zeharkakotasuna bermatzeko”. Atal hau aurrera atera da nahiz eta PSN, Geroa Bai eta Voxek aurkako botoa eman duten.

 

Ildo horretan, eskatzen zaio, baita ere, “planaren koordinazio eta jarraipen egiturak indartu ditzan”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen da “Droga-mendekotasunari buruzko IV. Foru Plana gehienez ere urtebeteko epean aurkez dezan Nafarroako Parlamentuan”.

 

Bestalde, Exekutiboari “Foru plan berrian laguntzaren eta gizarteratzearen esparrua, aurreko planetik kendu zena, berriz ere jaso dezan” eskatzen zion atalak ez du aurrera egin. UPN, PSN, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta Voxek aurka bozkatu dute eta EH Bildu eta PPNren aldeko botoak ez dira nahikoa izan.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2023ko otsailean onartutako ebazpenera jotzen du, adierazteko "indarraldia amaitu den arren" oraindik ez dela Drogei eta adikzioei aurrea hartzeko III. Planaren azken ebaluazioa egin, eta, horregatik, planean jasotako ebaluazioa egiteko deia egiten da, IV. Planean dagozkion eguneratzeak ezartze aldera.

 

Drogei eta adikzioei aurrea hartzeko III. Plana (2018-2023) 2019ko martxoaren 6an onetsi zen Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez. Plan hori, zeinak aurreko planak biltzen baitzituen, honako hauen esparruan kokatzen da: Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiaren 2013tik 2020ra bitarteko Plana, Adikzioei buruzko 2017tik 2024ra bitarteko Estatu-estrategia, Drogei buruzko Plan Nazionaleko Adikzioei buruzko 2018tik 2020ra bitarteko Ekintza Plana eta Nafarroako Osasun Plana nahiz gure erkidegoko bestelako plan estrategiko batzuk.

 

Planean 3 jarduketa-arloetako bakoitzerako ebaluazio-adierazleak ezarri ziren: gobernantza, lidergoa eta koordinazioa; osasunaren sustapena eta prebentzioa; ezagutzaren sozializazioa, prestakuntza eta ikerkuntza. Planak ebaluazio jarraitua eta azken ebaluazioa planteatzen zituen, hobekuntza etengabea ahalbidetzeko eta informazio garrantzitsua eduki ahal izateko Drogei eta adikzioei aurrea hartzeko Nafarroako IV. Plana taxutzeari begira.