Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Martxoak 30

Nafarroako Gobernua errepideetako inbertsioei buruzko ekintza-plan urgente bat taxutu dezan premiatzen zuen mozioa baztertu da

Ganberak ez ditu aintzat hartu Navarra Sumaren baieztapenak, zeinak mantentze-lanetan egiten den inbertsioa gutxitzen ari dela ohartarazi duen, eta aurreikuspenak, helburuak eta lehentasunak zehazteko eskatu duen

Lurralde Kohesiorako batzordeak mozio bat baztertu du gaur, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatuta eta Navarra Sumak, berriz, alde, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “ekintza-plan urgente bat taxutu dezan –sei urtean egitekoa eta 90 milioi eurokoa–, zenbait jarduketa jasoko dituena errepideetako bide-zorua hobetzeko, sarearen kontserbazio arrunterako, bide-zorua sendotzeko eta seinaleztapen bertikalen, horizontalen eta hesien mantentze-lanetarako”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “errepideei buruzko plan estrategiko bat taxutu dezan, aurreikuspenak, helburuak eta lehentasunak ezarri eta azpiegitura horien etorkizuna planifikatuko duena”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak beharrei egokitutako aurrekontu-zuzkidura eskatzen zuen, izan ere, nabarmentzen zuen Nafarroako errepide-sareak "tradizionalki" izan duen kalitatea, salatuz “aurrekontu-zuzkidura gutxituz” joan dela, halako moduan non zainketa nahiz obra berriak gutxitu egin baitira. “Sarea hobetzeko beste jarduketa batzuk ere egin beharra dago, kalitatezko zerbitzuak modernizatzeko eta salgaien garraioa sustatzeko, arlo horretan atzeratuta goaz-eta”.

 

Ildo horretan, ohartarazten zen “errepide sarearen ondare-balioaren arabera”, Nafarroak 90,8 miloi euro bideratu beharko lituzkeela urtero errepideak zaintzera, Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak urtero bideratzen duena baino 18 milioi gehiago”. 

 

Pachi Pérez (Navarra Suma) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Javier García, Elena Llorente, Yolanda Ibáñez, Carlos Pérez Nievas, Miguel Bujanda (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Inma Jurío, Carlos Mena (PSN), Pablo Azcona, Jabi Arakama (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Laura Aznal (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (35. NPAO, 2021-03-12koa)