Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Martxoak 21

Mozio bat baztertu da, seme-alabak hezkuntza-sare publikoan matrikulatzeko familiak animatzen zituena

Contigo-Zurekinek eskola publikoa defendatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartzeko deia egiten zuen, "ekitatearen eta gizarte-kohesioaren bermatzaile" den aldetik, are gehiago gero eta anitzagoak diren testuinguruetan

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PPNren eta Voxen aurkako botoekin, EH Bildu eta Geroa Bairen abstentzioekin eta PSNren eta Contigo-Zurekinen aldekoekin, zeinaren bidez proposatzen zen Foru Legebiltzarrak “Nafarroako familiak animatzea seme-alabak hezkuntza-sare publikoan matrikulatu ditzaten 2024-2025 ikasturterako aurreinskripzioa eta matrikula egiteko hurrengo prozesuan”.

 

EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Contigo-Zurekinek onartu ez duena, Nafarroako Gobernuari eskatuz “kalitatezko hezkuntza-sistema publikoa eskain dezan, horretarako beharrezkoak diren baliabideak esleituta, eta familia guztien hizkuntza-eskubideak errespetatu eta Nafarroa osoko haurrei bermatu diezaien D ereduko irakaskuntza, hizkuntza murgilketako baldintzetan”.

 

Gauza bera gertatu da Geroa Baik aurkeztu duen gehitzeko zuzenketarekin, zeinak “familiei oro har eta familia migratzaileei bereziki dei egiten zien beren seme-alabak matrikulatu ditzaten euskarazko eta euskara duten ereduetan”.

 

UPNk aurkeztu duen ordezteko zuzenketa ere ez da onartu, Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzion “hezkuntza-eskaintzak ahal den neurrian berma zezan familiek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza aukeratzeko eskubide konstituzionala".

 

Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentariak sustatutako mozioak sare publikoaren nagusitasuna goraipatzen zuen, izan ere, ikasturte honetan, ikasle berrien % 63,7 sare publikoan matrikulatu da. Era berean,  eskola hauen jarrera berritzaile eta integratzailea azpimarratzen zuen, ahaleginaren kulturara eta etengabeko prestakuntzara ohitutako giza baliabideez eta "berezko bi hizkuntzetan kalitatezko irakaskuntza bermatzen duten" hizkuntza-ereduez hornituta baitaude.

 

Testuinguru horretan, adierazten zen Nafarroako Parlamentuari dagokiola bere lehentasunen artean kokatzea "eskola publikoaren defentsa eta hobekuntza", "ekitatearen eta gizarte-kohesioaren bermatzaile" den aldetik, are gehiago "erlijio- eta kultura aldetik gero eta anitzagoak diren testuinguruetan".

 

Gizarte-sektore jakin batzuek eskatzen duten "ikastetxea hautatzeko askatasunari dagokionez”, honako hau ohartarazten zen: "itunak ez luke balio behar ikasleak hautatzeko eta, beraz, bereizteko"; izan ere, hori ez dator bat "botere publikoen betebehar sozialarekin", "ikastetxe publiko guztietan ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzera bideratu behar baitira ahaleginak, familiaren bizilekutik hurbilen dagoen eskolatzea bultzatuz".