Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Martxoak 8

Martxoak 8, 2021eko 'Emakumearen Nazioarteko Eguna' ospatzeko ekitaldia

Nafarroako Parlamentuak mugimendu feministak berdintasunaren arloan egindako ekarpenak aitortzen ditu, eta erantzunkidetasuna eta jasangarritasuna politika publikoen ardatz gisa hartzen ditu

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Helburua zaintza-lanak ikusaraztea eta haiei balioa ematea da, erantzunkidetasuna sustatuz, garapen ekonomiko eta sozialari lotutako politika publikoen ardatz gisa jasangarritasuna bultzatzeko.

 

Horri dagokionez, eta pandemiarekin lotutako osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisiak utzitako esperientziatik abiatuta, Nafarroako Parlamentuak mugimendu feministak berdintasunaren arloan egindako ekarpenak aitortzen ditu, eta bere egiten du gizonen eta emakumeen arteko harreman justu eta erantzunkidearen esparruan zaindu eta zainduak izateko aldarrikapena.

 

Gauzak horrela, eta aurretik kontziliazioaren alde aldarrikatu diren neurri eta baliabideetatik haratago, Nafarroako Parlamentuak bere gain hartzen du garapen ekonomikoa garapen sozialarekin eta ingurumen-orekarekin lotzeko planteamendu berrien beharra.

 

Etorkizunari begira, “pobreziaren feminizazioarekin, lan-prekarietatearekin, mendekotasun ekonomikoarekin eta aldagai horiek eta beste batzuek emakumeen bizi-proiektuetan duten zuzeneko inpaktuarekin amaitzeko erronka eta betebeharra dugu”, are gehiago zaintzen esparruan lan egiten dutenen kasuan, historikoki gutxietsiak izan baitira.

 

Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek “erakundeentzat egun seinalatua" dela esan du, "emakumeen eskubideen alde pausoak ematen jarraitzeko eguna. Aldarrikatzen jarraitu behar da. Manifestazio jendetsurik gabe ospatuko dugu gaur, baina talde parlamentario guztiok, aho batez onartutako adierazpen instituzionalak agerian uzten duen bezala, berdintasunaren aldeko konpromisoa dugu".

 

Ekitaldi instituzionala Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta Lehendakaritzaren proposamenez Eledunen Batzarrak aldez aurretik onartu duen adierazpen instituzionala irakurri da. Unai Hualde eta Inma Jurío izan dira euskarazko eta gaztelaniazko testuari ahotsa jarri diotenak, hurrenez hurren.

 

Nafarroako Parlamentuak 2021eko Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta onetsitako adierazpen instituzionalak hala dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Apustu egiten du bizitzaren jasangarritasuna politika publikoen erdigunean jartzearen alde eta lehentasunezko lan-ildo gisa sartzearen alde agenda politikoan eta tokiko garapena sustatzen duten ekintzen diseinuan.

 

2. Konpromisoa agertzen du bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten eta nagusiki emakumeek egiten dituzten zaintza-lanei ikusgarritasuna eta balioa emateko.

 

3. Lan eginen du herritarrak sentsibilizatzeko banaketa justua eta bidezkoa lortzeko, familietan zaintza-lanen erantzunkidetasuna sustatuz.

 

4. Mugimendu feministak arlo honetan eginiko ekarpenak eta lana aitortzen du”.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, María Chivite, Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Javier Remírez, lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria, Santos Induráin, Osasun Kontseilaria, Eva Istúriz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendaria, eta Koldo Martínez, Nafarrroako Foru Komunitateko Senataria.

 

Parlamentua ordezkatu dute, Yolanda Ibañez bigarren lehendakariordeak, Juan Luis Sanchez de Muniain eta Maiorga Ramirez lehen eta bigarren idazkariek, eta talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte guztietako parlamentariek, baita Javier Esparza (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa Ezkerra (Izquierda-Ezkerra) eledunak ere.