Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Otsailak 20

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da Zunbeltz Nekazaritzako test gunera

Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako lehen test gunea da, nekazaritza-sektore ekologikoan pixkanaka sartzea eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak Zunbeltz Nekazaritzako test gunea bisitatu du gaur, Nafarroako Gobernuaren, NUPen, NNPEKren eta Andia Mankomunitatearen ekimen bat, etorkizuneko abeltzainek haien proiektuen bideragarritasuna proba dezaten behin betiko urratsa eman aurretik.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maite Nosti (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote honako hauek: Edorta Lezaun, Zunbeltz Elkarteko lehendakaria; Elena Cereceda, Andia Mankomunitateko teknikaria; Marta Urtasun, proiektuaren dinamizatzailea, eta Oihan Moreno, aziendaren arduraduna.

 

UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatu dute bisita, eta xedea izan da “proiektua, instalazioak eta orain arte egindako saiakuntzak eta testatzeak ezagutzea”.

 

Topaketa AndiaLanen hasi da, Andia Mankomunitateak autonomo, ekintzaile eta langileentzat duen elkarlanerako gunean. Bertan, Edorta Lezaunek eta Elena Cerecedak Nafarroako nekazaritzako eta abeltzaintzako lehen test gunearen helburuak eta jatorria azaldu dituzte. Hain zuzen, guneak “nekazaritza ekologikoko sektorean pixkanaka sartzea eta ezagutzaren transferentzia sustatu nahi ditu. Belaunaldiarteko erreleborako eta sektorea dinamizatzeko aukera gisa aurkezten da, eta biztanleria zonaldean finkatzen laguntzen du”.

 

Edorta Lezaunek azaldu duenez, nekazaritzako test gunearen helburua da “ekintzaileen nekazaritza-proiektuak esperimentatzeko ingurune segurua sortzea, etorkizunean instalatu daitezen, laguntza eta prestakuntza pertsonalizatuko prozesu baten bidez, belaunaldiarteko erreleboa bermatuko duena, lankidetzako eta ekonomia zirkularreko printzipioekin eta baliabide eta balio naturalen kontserbazioarekin bat”.

 

Ildo horretan, hainbat arlotan laguntza eskaintzen zaie testatzaileei. Alde batetik, lurrak eta azpiegiturak dituzte (euskarri fisikoa). Horien artean La Planilla eta Zunbeltz finkak nabarmentzen dira. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak finka horietako larreak hamar urterako (luzagarriak) laga dizkio Andia Mankomunitateari. Horrez gain, abeltzainek eta beste aditu batzuek prestakuntza praktikoa eta aholkularitza ematen diete (euskarri integrala) produkzio-proiektuak abiatzeko beharrezkoak diren zenbait esparrutan. Era berean, Zunbeltz Elkarteak lege euskarria ematen die prozesu horretan zehar.

 

Gaur egun, Zunbeltz finkak behi-, ardi-, ahuntz- eta zaldi-proiektuak garatzeko lizentzia du. “Txerri-lizentzia lortu eta bukatzean arreta jartzen ari gara. Izan ere, lau urrats txiki baino ez zaizkigu geratzen, eta gure hurrengo asmoa da hura instalatzea eta txerrien arloan diharduen gazte batek testatzea”, Oihan Moreno azienda-arduradunak adierazi duenez.

 

Egindako lehen deialdira interesa zuten bederatzi lagun aurkeztu ziren. Horietatik, batek testatzaile-epea amaitu zuen, eta beste hiru orain hasi dira. Horietako bik helburutzat dute Pirinioetako lau aratxe gizentzea, modu estentsiboan. “Larrean gizentzea –finkak ematen dituen baliabideak eraginkortasunez aprobetxatuta– estabulazioko gizentze-modu tradizional familiarrarekin konparatu nahi dute, eta merkatuan geroago komertzializatzeko dauden aukerak ikusi”, Morenok aipatu duenez.

 

Horrez gain, programaren ezaugarrietako bat da edozein motatako abeltzaintza-proiektuetara zabalik egotea; ildo horretan, urratsak ematen ari dira Zufiako udalerrian (73 biztanle) dagoen hegazti-ekimen bat abian jartzeko, zeinaren xedea baita berrehun oilasko modu ekologikoan gizentzea. “Test gune efimeroa da”, nabarmendu du Elena Cerecedak, “gu hor gaude akonpainamenduan zehar, baina gero desagertzen gara eta testatzailea bakarrik geratzen da, espero dezagun, bere proiektuarekin”.

 

Ondoren, Parlamentuaren ordezkaritza Zunbeltz finkara joan da, eta bertan Marta Urtasunek eta Oihan Morenok finkaren egokitzean egindako aurrerapenak erakutsi dizkiete: 1.253 metro luzeko itxiturak egin dira, 9.469 metro lursail eskokatu dira, horma lehorraren zati handi bat konpondu da, eta aldagela-etxola bat instalatu da.

 

Etorkizunera begira, Elena Cerecedak azaldu duenez, Nekazaritzako Test Guneen Sarean hainbat erronka lantzen ari dira. Alde batetik, esan duenez, “testatzaileekiko harremana, ordainsariren bat jasotzeko aukera izan dezaten”, eta aitortu duenez, alderdi horri dagokionez “urrats txikiak egiten ari dira”. Bestetik, Sarean jomugan dute test gunea amaitutakoan gertatzen den guztia. Teknikariak azaldu duenez, “alderdi garrantzitsua da lur-bankuen gaia, erretiroak erraztea eta irten den jendea eta sartzeko asmoa duena harremanetan jartzea”, eta “horretan ari gara lanean”.

 

Bisita bukatutakoan, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Voxen bozeramaileek eskertu egin dituzte azalpenak, eta informazioa bildu dute beharrezko deritzen ekimenei heltze aldera, hala erabakiz gero.