Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 2

Landa Garapen eta Ingurumen Batzordea bisitan joan da Caparrosoko Valle de Odieta nekazaritza eta abeltzaintza kooperatibara

Ustiategiak, zeinak 7.200 abelburu izan nahi baititu 2022a bukatu orduko, biometanizazio-planta bat dauka, mindak kalitatezko ongarri organiko eta energia garbi bihurtzeko

Landa Garapen eta Ingurumen Batzordea bisitan joan da Caparrosoko Valle de Odieta nekazaritza eta abeltzaintza kooperatibara. Kooperatiba hori abeltzaintzako esne-ustiategi bat da, zeinari Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak onartu baitio ingurumen-baimen integratu berria jasotzeko eskubidea duela, bere instalazioen ahalmena jezteko 7.200 behikoa izateraino handitzeko. Une honetan 5.200 dauzkate, eta 2022aren amaierarako iritsi nahi dute kopuru horretara.

 

Batzordeko honako kide hauek izan dira bisitan: Miguel Bujanda, José Suárez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona, Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa). Parlamentuaren ordezkaritzari Valle de Odietako zuzendari kudeatzaile Alberto Guerandiainek eta HTN biogas plantako kudeatzaile Rubén Rodríguezek.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek eskatuta egin den bisitaren xedea izan da “bertatik bertara ezagutzea instalazioak eta jarduera nola garatzen den”; izan ere, Nafarroako Gobernuak behin eta berriro dio zorrotz arautu behar direla biak ala biak, Abereen Osasunari buruzko Foru Legearen eta Abeltzaintza Estentsiboari buruzko Plan Estrategikoaren bidez bermatze aldera bete egiten direla Valle de Odieta kooperatibak ustiategia handitzeko xedez eskatutako ingurumen-baimena 2018an ukatzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak baliatu zuen foru dekretuan jasotzen diren ingurumen-betekizunak.

 

Jarraian, parlamentariek joan-etorri gidatua egin dute autobusean “bio-abeltegiaren” sailetan barrena, eta kooperatibako arduradunek azaldu egin dizkiete Valle de Odietak sustatzen dituen jarduera “jasangarriak”, zeinetan “bermatu egiten baita hazkunde ekonomikoaren, ingurumenarekiko begirunearen eta gizarte- nahiz abere-ongizatearen arteko oreka”, “ekonomia zirkularraren eta enplegu ez deslokalizagarriaren” printzipioekin bat.

 

Hori dela-eta, “landa ingurunearekiko eta lurraldearekiko bere atxikimendua” azpimarratu ondoren, Alberto Guerandiainek azpimarra jarri du proiektuaren zorroztasunean, besteak beste AENOR Conform ziurtagiria duena, hori baita “abereek abeltegietan duten ongizatearen kalitatea ebaluatzen eta kontrolatzen duen bakarra, Europako Welfare Quality proiektuan ezarritako betekizunekin zeharo bat”.

 

Gauzak horrela, Guerandiainek ukatu egin ditu antibiotikoen erabilera neurrigabea egiten delako salaketak, zeina debekatuta baitago behi-aziendaren kasuan, salbu eta “albaitariak agindua” ematen badu.  “Salaketa horiek ez dute funtsik, ezta abere-pilaketei buruzkoek ere; ikusi besterik ez dago instalazioen zabaltasuna (500.000 metro koadro), abere-dentsitatea txikia dela jabetzeko”.

 

Nekazaritza eta abeltzaintza kooperatibako zuzendari kudeatzaileak, amaitzeko, adierazi du “Espainian minden kudeaketa integrala egiten duten abeltegien % 1 horretan” sartzen dela Valle de Odieta kooperatiba, Agropecuaria de Navarra taldearekin erdibana duten biogas planta baliatuta. Halaber, “erabiltzen den energiaren halako bi sortzeko eguzki-panelak dauzkagu”.

 

Biogas plantara heltzean, Rubén Rodríguezek minden tratamendu-prozesuaren gorabeherak azaldu ditu: Europar Batasunaren gomendioei jarraikiz, hondakin horiek “kalitatezko ongarri organiko eta 12.000 familia ingururentzako energia elektriko berriztagarri” bihurtzen dute, metano-emisioak ekidinez. Gainera, “azken belaunaldiko prebentzio, arau-betetze eta jasangarritasun plan bat ezartzen ari gara, ekologiaren nahiz ingurumenaren arloko ezein arau-hauste egitea ekiditeko”.

 

Beren txanda iritsi denean, Navarra Sumaren eta PSNren eledunek negozio-ereduarekiko adostasuna adierazi dute; EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren eledunek, berriz, ustiategiaren tamainaren ondoriozko inpaktuekiko zalantza adierazi dute.

 

Navarra Sumako Miguel Bujandak adierazi du bisita honek balio dezakeela “jendearen eta herritarrak beharrik gabe asaldatzen dituzten talde ekologisten zalantzak argitzeko”. Tokiko kooperatiba familiar bat ikusi du, bigarren belaunaldikoa, nekazaritza eta abeltzaintza jasangarria, zirkularra, egiten dituena. Tamaina txikiagoko ustiategiekiko eredu bateragarria da. Espainian, esne-sektorearen produkzioa defizitarioa da, kontsumitzen denaren % 30 inportatu beharra dauka; beraz, jarduera horrek ez du eragin negatiborik izan behar azken prezioan”.

 

PSNko Javier Lecumberriren esanetan, bisita “oso irakasgarria izan da, bai nekazaritza industrialari lotutako alderdietan, bai biometanizazio plantari dagozkionetan, non abeltegi honetako nahiz beste batzuetako hondakinak lantzeaz gain Nafarroa osoko mankomunitateetako hondakin organikoak ere lantzen baitira. Hondakinak biometano bihurtzen dira, eta autokontsumorako argindarra ateratzen da hortik. Soberakina sarera jaulkitzen da. Interesgarria eta beharrezkoa da”.

 

Geroa Baiko Pablo Azcona pozik azaldu da “beharrezkoa den eztabaida bat elikatzen laguntzen duen bisitaren emaitza ikusita. Eskertu egiten dugu barrutik ikusi ahal izateko aukera eman izana, baina berretsi egiten dugu Nafarroako Gobernuari emandako babesa, gisa honetako ustiategiek foru dekretuan jasotzen diren distantzia eta tamaina parametroak bete ditzaten egiten ari den ahaleginean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia ikusita, eta segurtasun juridikoa areagotzearren, dekretuaren edukia Abereen Osasunari buruzko Legera eramanen dugu, eta horrenbestez lege hori aldatu beharko da. Gisa honetako abeltegitzarrek afekzio sozial eta ekonomikoak eragiten dituzte sektoreko gainontzekoetan”.

 

EH Bilduko Laura Aznalek, berriz, bere taldeak “abeltzaintza-eredu ezberdin baten aldeko apustua” egiten duela berretsi du, “ekonomiaren, gizartearen nahiz ingurumenaren ikuspegitik estentsibo eta jasangarriagoa”.

 

Podemos Ahal Duguko Ainhoa Aznárez aldendu egin da “halako behitegitzarretatik, zeren eta produktua inportatzen baitute eta, hortaz, ekonomia zirkularraren katea hausten baitute. Ustiategi eko-jasangarri eta familiarren alde gaude, horien eragina oso bestelakoa delako, lurralde kohesioaren eta populazioa finkatzearen mesedetan. Jarraitutasunaren sinonimo dira”.

 

Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simón “ustiapen-eredu honen aurka erabat” azaldu da, “zeren eta, arriskutsua izateaz gain, arriskuan jartzen baitu abeltzaintza-ustiategi familiar txikien biziraupena. Enpresa handiek irabazi handiak izan ditzaten sortu dira abeltegitzar hauek. Nafarroak behar duen landa garapenaren kalterako dira. Kasu honetan, gainera, negozioa ez da esnea, baizik eta biometanoaren produkzioa”.

 

1950ean sortua, Valle de Odieta nekazaritza eta abeltzaintza kooperatibak (Ultzamaldea) 1983an abiarazi zuen egun darabilen nekazaritza eta abeltzaintza jarduera, esnetarako behi-aziendako lehen abeltegia ireki zuenean, eta Caparrosoko bio-abeltegian jo du goia, 5.200 behi baitauzka bertan. 80 pertsonari ematen die enplegua zuzenean, eta beste 250 pertsonari, berriz, zeharka. Urtean 60.000 tona esne ekoizten ditu. Inbertsioa 16 milioikoa da, eta diru-kopuru horri beste 9 milioi gehitu behar zaizkio, 2022a bukatu orduko beste sei nabeko eraikin bat egin nahi dutelako. Orobat aurreikusten dute araztegi bat paratzea, jezte-urak ureztatze-ur bihurtzeko.