Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Ekainak 1

Kultura eta Kirol Batzordeko kideak bisitan egon dira Aiegiko kirol-instalazioetan eta futbol-zelaian

Udalak aurrekontu-babesa eskatu du soropil artifiziala paratzeko eta udal enpresa batek kudeatzen dituen kirol-instalazioen bideragarritasuna bilatzeko

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da gaur Aiegiko Javi Martínez futbol-zelaira. Erabilera Club Deportivo Arenas elkarteari lagatuta dago eta Udalak aurrekontu-babesa eskatzen du haren mantentze-lanetarako. Parlamentuaren ordezkariak Gastizun SL udal enpresak kudeatzen dituen Ardantze kirol-instalazioetan ere izan dira bisitan.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo, Miguel Bujanda, Patxi Pérez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa ), Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

Legebiltzarkideei harrera egin diete Aiegiko alkate Leo Camacesek, Manuel Galdeano ziengotziak, C.D. Arenaseko lehendakari Maxi Rosek, C.D. Arenaseko idazkari Maikel Casadok eta klubeko zuzendaritzako kide eta zinegotzi Miguel Iglesiasek.

 

Bisita proposatu duen Navarra Suma taldearen eledun Miguel Bujandak adierazi duenez, bisitaren helburua izan da bertatik bertara ezagutzea belar naturaleko futbol-zelaiaren “egoera eta beharrizanak, mantentze-lanak oso nekezak baitira”, bai eta kirol-instalazioak ere, “egun ekonomikoki bideraezinak baitira”.

 

C.D. Arenaseko lehendakari Maxi Rosek belar naturaleko futbol-zelaiaren problematika azaldu du: “klimak eragindako arazoez gain, kluba osatzen duten 12 taldetatik 3k soilik entrenatzen ahal dute bertan. Mantentze-lanak egiteaz gurasoak eta klubeko kideak arduratzen dira, eta lan horiek egiteko zailtasunen kariaz talderik gehienek futbol-zelai zaharrean edo kanpinekoan entrenatu behar izaten dute, eta horrek kohesio-falta sortzen du futbolean aritu nahi duten guztiei harrera egiten dien klub honetan”.

 

Leo Camacesek, berriz, aurrekontu-babesa eskatu du soropil artifiziala paratzeko, “mantentzeko askoz ere errazagoa eta merkeagoa delako”. Proiektuak “360.000tik 380.000 eurora bitarteko aurrekontua izanen luke, eta udalak ezin dio horri aurre egin”.

 

Jarraian, parlamentariak Ardantze kirol-instalazioetara joan dira. Instalazio horiek –2007an inauguratu ziren eta 3,5 milioi euroko kostua izan zuten– Gastizun SL udal enpresak kudeatzen ditu 2014tik aitzina, ordura arte kudeatzen zuen enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu baitzen. Alkatearen esanetan, “obra horrek neurriz kanpoko dimentsioa dauka, 2.400 biztanleko herri baterako”.

 

Instalazioak ur-eremu bat eta bainu-eremu bat dauzka, estalki teleskopiko automatizatuarekin (zeina konpondu egin behar izan baitzen, 540.000 euroko gastuarekin), eta goiko solairuan hiru areto ditu, non zenbait jarduera egiten baitira (fitnessa, spinninga); kanpoaldean, berriz, 4 padel-pista eta aisialdirako eremua daude.

 

Camacesek adierazi duenez, instalazioen mantentze-lanek dakarten “zama ekonomikoak” eta COVID-19aren pandemia dela-eta aldi baterako itxi izanak (horren ondorioz, bazkideen kuotak galdu dira) “bideraezina” egiten dute instalazio horiek zabalik izatea.

 

“Harremanetan gaude inguruko herriekin, zerbitzuak erkidetzeko aukera guztiak aztertzearren eta instalazioen bideragarritasunaren auziari konponbide bat bilatzearren, baina aurrekontuetan partida bat gaitzea eskatzen dugu, aurrera egin ahal izateko”.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, kasua bada egoki iritzitako ekimenak abiarazteko.