Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 14

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea hein batean aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2021eko urriaren 14an

Parlamentuaren osoko bilkurak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea hein batean aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur, Navarra Sumaren, PSNren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin. Testu honek bigarren aldiz aldatzen du arauaren jatorrizko testua, izapidetzea arintzeko, interpretazioak argitzeko betebeharrak zehazteko eta salbuespenak arazteko zuzenketa teknikoen bidez, bai eta sozietate publikoei buruzkoak ere.

 

Sozietate publikoei dagokienez, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk bultzaturiko Foru Lege proposamenak tramitazioa arintzeko neurriak jasotzen ditu, hala nola entitatearen arduradun den Administrazioaren txostena bertan behera uztea, kontratua sortaka zatitzen ez den kasuetan.

 

Ildo horretan bertan, lehiaren defentsarako agintaritzari aurretiazko txostena eskatu beharra mantentzen da, lehia-murriztapenagatik kontratua sortaka zatitzen ez den kasuetan ere. Ulertzen da aurretiazko txostena egokia dela bai “beste era batera, duten negozio bolumenagatik, lehiatu ezin litezkeen enpresei parte hartzeko aukera emateko”, bai eragin ekonomiko kaltegarriak saihesteko adjudikazio botereentzat, lehiaren defentsarako agintaritzak gerora antzemango balu lehia murriztu, urratu edo faltsutu egin dela”.

 

Prestazio bat edo batzuk, elkarrekin zerikusia dutenak, banatuta erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira, edo xedearen izaerak hala eskatzen badu, “zilegi izanen da halako bakoitzaren banakako kontratazioa aurreikustea, prozedura beraren barrenean sortak antolatuz, betiere bakoitzak unitate funtzional bakarra osatzen badu”.

 

“Publizitatearen eta gardentasunaren printzipioak betetze aldera, kontratuaren balio zenbatetsia halako bat eta erdi baino gehiagoko kaudimena ezartzeko arrazoiak premiei buruzko txostenean jasoko dira, pleguetan jaso beharrean.

 

Halaber, erabaki da mantentzea prozedura erraztuan gutxienez bost enpresa edo profesionalei eskaintza eskatu ezin izateko arrazoiak justifikatzeko eta gonbidatuak aukeratzeko irizpideak azaltzeko beharra. “Objektibotasuna eta gardentasuna bermatzen ditu”. Era berean, mantendu egiten da adjudikazio botereek eskatutako eskaintzetatik gutxienez bi eskuratzeko eta, irizpide hori ez badute betetzen, arrazoiak justifikatzeko beharra.

 

Lizitazio-deialdirik gabeko prozedura negoziatuari dagokionez, apartatu berri bat gehitu da ziurtatzeko, lehia ezinezkoa denean, kontrataturiko pertsonaren hautaketa arrazoitzen dela. Kasu horietan, eskaintza jasotzeko ez da beharrezkoa izanen kontratazio-mahaiaren parte-hartzea, ez eta Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforma erabiltzea ere, eta egintza bakar batean egin ahalko da espedientearen onespena, gastuaren onespena eta kontratuaren adjudikazioa.

 

Era berean, izapidetze arrunteko kontratazio espedienteari buruzko ezaugarri batzuk ditu legeak. Zehazki, unitatearen motibazioa, kontrola eta erantzukizuna aipatzen dira. Halaber, administrazio-espedientearen gutxieneko edukiaren eta kreditu erreserbari buruzko dokumentuaren salbuespenak argitzen dira. Azken hau prozedura erraztuan eta lizitazio deialdirik gabeko prozedura negoziatuan bakarrik eskatu ahalko da.

 

Bestalde, laburtu egiten da jakinarazpen elektronikoaren kasuan kontratuen eraginkortasuna eteteko epea, bertan behera uzten da eskaintzen irekitzearen eguna Atarian argitaratzeko betebeharra, eta, gardentasuna hobetzea xede, kontratu baten adjudikazioaren iragarkia argitaratzeko epea murrizten da.

 

Euskarari dagokionez, hamabosgarren xedapen gehigarria indargabetu da, 2/2018 Foru Legea onetsi aurreko egoerara itzultze aldera. Uste denez, “gure erkidegoaren errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta xedapen horrek ezartzen duen betebeharra bidegabea eta neurriz kanpokoa da Nafarroan kontratatu nahi duten profesional eta enpresentzat”.

 

Horrez gain, transposizio-oker bat zuzentzen da, zerbitzu-emakidei aplikatzekoa den Europako atalaseari dagokiona; transposizio zehatzagoa egiten da Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen aplikazioa baztertzen deneko kasu batzuei buruz; eta ospitale-erabilerako medikamentuen eskuratzea halako moduz arautzen da non baldintza orokorren ezarpenerako sistema bat finkatzen baita, beherapenak ezartzeko nahiz ez ezartzeko aukera emanik Administrazioak Osasun Sistema Nazionalaren kargurako finantzaketarako ezarritako prezioan, irekita daudenak hornitzaile-multzo bati, eta modua egonda beste eragile ekonomiko batzuek bat egiteko geroago. Hori guztia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016an ezarritako doktrinari jarraikiz.

 

Testuinguru horretan, eta efizientziaren eta kudeaketa sanitario egokiaren arteko erlaziorik onena zaintzearren, medikamentu-eskurapeneko sistema bat arautzen da, halakoa dena non lizitazio publikoa egin beharrik ez dagoen, jadanik badagoenean administrazio-prozedura bitartez zehazturiko prezio bat, administrazioaren eta farmazia-hornitzailearen artean negoziatua. Lizitazio publikoa egitetik salbuetsita daude, kasu batzuetan, arrisku partekatuko akordioak edo gastu-mugarakoak.

 

Hala, Osasun Sistema Nazionalerako finkaturiko laborategi-salneurriak dituzten medikamentuak, jadanik erakunde publiko batekiko negoziazioa eta prezio-finkatze administratiboa egon izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean erosten ahalko ditu, lizitazio beharrik gabe. Patente-babesa daukaten medikamentuak ere erosi ahalko ditu modu horretan, gehieneko erreferentziatzat harturik Osasun Ministerioak finkaturiko prezioa.

 

Foru lege honetan arauturiko prozedurek, ordezko modura, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak jasotzen dituenak izanen dituzte araubide. Betiere, interesdun den pertsona batek eskaturik hasitako prozeduretan, haietarako ez baldin bada berariaz besterik ezartzen, eta xedetzat edo gaitzat badute kopuru-erreklamazioa, administrazio-prerrogatiben egikaritzea edo administrazio-kontratu baten exekuzioarekin, betetzearekin nahiz azkentzearekin zerikusia duen beste edozein afera, interesdun den pertsonak zilegi izanen du, prozeduraren ebazpenerako ezarritako epea ebazpen hori jakinarazi gabe igaro denean, bere eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzea, “ezertan eragotzi gabe ebazteko betebeharrak bere horretan irautea”.

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proposamena (77. NPAO, 2021-06-10ekoa)
  • Zuzenketak (110. NPAO, 2021-09-28koa)
  • Irizpena (115. NPAO, 2021-10-14koa)