Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Urriak 6

Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen aldaketaren gaineko irizpena onetsi da

Zenbait zuzenketa tekniko sartu dira izapidetzea arintzeko, interpretazioak argitzeko betebeharrak zehazteko eta salbuespenak arazteko, bai eta sozietate publikoei buruzkoak ere

Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea hein batean aldatzen duen Foru Lege proposamenari buruzko irizpena onetsi du gaur. Testu honek bigarren aldiz aldatzen du arauaren jatorrizko testua, izapidetzea arintzeko, interpretazioak argitzeko betebeharrak zehazteko eta salbuespenak arazteko zuzenketa teknikoen bidez, bai eta sozietate publikoei buruzkoak ere.

 

Sozietate publikoei dagokienez, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk bultzaturiko Foru Lege proposamenak tramitazioa arintzeko neurriak jasotzen ditu, hala nola entitatearen arduradun den Administrazioaren txostena bertan behera uztea, kontratua sortaka zatitzen ez den kasuetan. Alor horretan, ez da aurrera atera EH Bilduren zuzenketa, I-Eren babesa besterik ez baitu jaso. Horren bidez jatorrizko testuari eustea eskatzen zen, “bermatze aldera kontratua ez banatzeko erabakia modu justifikatuan eta salbuespenezkoan erabiltzen dela”. Navarra Suma abstenitu egin da eta proposamenaren sinatzaileek aurka bozkatu dute.

 

Ildo horretan bertan, proposatzen zen lehiaren defentsarako agintaritzari aurretiazko txostena eskatu beharraren ordez ezar zedila hari jakinarazteko betebeharra, lehia-murriztapenagatik kontratua sortaka zatitzen ez den kasuetan ere. Baina Navarra Sumak eta EH Bilduk zuhurtzia hori kentzea saihestu dute, ulertzen baitute aurretiazko txostena egokia dela bai “beste era batera, duten negozio bolumenagatik, lehiatu ezin litezkeen enpresei parte hartzeko aukera emateko”, bai eragin ekonomiko kaltegarriak saihesteko adjudikazio botereentzat, lehiaren defentsarako agintaritzak gerora antzemango balu lehia murriztu, urratu edo faltsutu egin dela”. Bi zuzenketa horiek onetsi egin dira I-Eren babesarekin, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk kontra bozkatu badute ere.

 

Prestazio bat edo batzuk, elkarrekin zerikusia dutenak, banatuta erabili edo aprobetxatzeko modukoak badira, edo xedearen izaerak hala eskatzen badu, “zilegi izanen da halako bakoitzaren banakako kontratazioa aurreikustea, prozedura beraren barrenean sortak antolatuz, betiere bakoitzak unitate funtzional bakarra osatzen badu”. Aho batez onetsi da, Navarra Sumak proposatuta.

 

“Publizitatearen eta gardentasunaren printzipioak betetze aldera, Navarra Sumak proposatuta, aho batez onetsi da kontratuaren balio zenbatetsia halako bat eta erdi baino gehiagoko kaudimena ezartzeko arrazoiak premiei buruzko txostenean jasotzeko beharra, pleguetan jaso beharrean.

 

Halaber, Navarra Sumak eta EH Bilduk proposaturik, erabaki da mantentzea prozedura erraztuan gutxienez bost enpresa edo profesionalei eskaintza eskatu ezin izateko arrazoiak justifikatzeko eta gonbidatuak aukeratzeko irizpideak azaltzeko beharra. “Objektibotasuna eta gardentasuna bermatzen ditu”. Halaber, lortu dute saihestea, I-Eren abstentzioarekin eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren kontrako jarrerarekin, adjudikazio botereek eskatutako eskaintzetatik gutxienez bi eskuratzeko eta, irizpide hori ez badute betetzen, arrazoiak justifikatzeko beharra.

 

Lizitazio-deialdirik gabeko prozedura negoziatuari dagokionez, apartatu berri bat gehitu da ziurtatzeko, lehia ezinezkoa denean, kontrataturiko pertsonaren hautaketa arrazoitzen dela. Kasu horietan, eskaintza jasotzeko ez da beharrezkoa izanen kontratazio-mahaiaren parte-hartzea, ez eta Nafarroako Lizitazio Elektronikoaren Plataforma erabiltzea ere, eta egintza bakar batean egin ahalko da espedientearen onespena, gastuaren onespena eta kontratuaren adjudikazioa. Navarra Sumaren zuzenketa EH Bilduren abstentzioarekin onetsi da.

 

Era berean, aho batez onetsi dira PSNk, Geroa Baik eta Podemos-ahal Duguk eginiko zehaztapen batzuk, izapidetze arrunteko kontratazio espedienteari buruzkoak. Zehazki, unitatearen motibazioa, kontrola eta erantzukizuna aipatzen dira. Halaber, administrazio-espedientearen gutxieneko edukiaren eta kreditu erreserbari buruzko dokumentuaren salbuespenak argitzen dira. Azken hau prozedura erraztuan eta lizitazio deialdirik gabeko prozedura negoziatuan bakarrik eskatu ahalko da.

 

Aldiz, ez da onetsi Navarra Sumaren nahia, baldintza-agirietan edo eskaintzan aurreikusi gabeko xedapen gehigarriak kontratuan jasotzea ahalbidetzen duen aldaketa kentzekoa, haren ustetan segurtasun juridiko falta eragiten duelako, berdintasun-printzipioa urra dezakeelako eta auziei atea irekitzen dielako. PSNk, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute; eta EH Bildu abstenitu egin da.

 

Bestalde, laburtu egiten da jakinarazpen elektronikoaren kasuan kontratuen eraginkortasuna eteteko epea, bertan behera uzten da eskaintzen irekitzearen eguna Atarian argitaratzeko betebeharra, eta, gardentasuna hobetzea xede, kontratu baten adjudikazioaren iragarkia argitaratzeko epea murrizten da.

 

Gainera, kontratazio-mahaiak osatzen dituzten pertsonen arteko eginkizun-banaketa ezartzen da, kide guztien elkartze fisiko edo telematikorik ez dagoenean, eta lizitazio- eta adjudikazio-zenbatekoak kalkulatzeko modua zehazten da prezio unitariotan egiten diren kontratuetan. Halaber, arautzen da pleguetan edo adjudikazio-hartzailearen eskaintzan jasotakoez beste estipulazio gehigarriak kontratuan jasotzeko modua, lehia-printzipioa urratzen ez denean. nera, kontratatzeko baldintzak frogatu beharreko unea eta modua argitzeko aldaketa batzuk ere jasotzen dira; eta beste kontratu batzuetako kaudimenak aprobetxatzeko modua arautzen da.

 

Hizkuntzaren alorrean, EH Bilduren bi zuzenketa ezetsi dira. Zuzenketa horien xedea zen 64. eta 106. artikuluen testua argitzea, euskara erabiltzeari loturiko exekuzio-baldintza bereziak sartzeko aukera jasotzeko, hizkuntza koofiziala den aldetik, “herritarren hizkuntza-eskubideak bermatze aldera”. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, eta Podemos-Ahal Dugu eta I-E, berriz, abstenitu dira. Geroa baik aldeko botoa eman du.

 

Bestalde, onetsi da Navarra Sumaren zuzenketa bat, hamabosgarren xedapen gehigarria indargabetzea xede zuena, 2/2018 Foru Legea onetsi aurreko egoerara itzultze aldera. Navarra Sumaren ustez, “gure erkidegoaren errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta xedapen horrek ezartzen duen betebeharra bidegabea eta neurriz kanpokoa da Nafarroan kontratatu nahi duten profesional eta enpresentzat”. Alde bozkatu dute Navarra Sumak eta PSNk, eta aurka, berriz, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak.

 

Horrez gain, transposizio-oker bat zuzentzen da, zerbitzu-emakidei aplikatzekoa den Europako atalaseari dagokiona; transposizio zehatzagoa egiten da Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen aplikazioa baztertzen deneko kasu batzuei buruz; eta ospitale-erabilerako medikamentuen eskuratzea halako moduz arautzen da non baldintza orokorren ezarpenerako sistema bat finkatzen baita, beherapenak ezartzeko nahiz ez ezartzeko aukera emanik Administrazioak Osasun Sistema Nazionalaren kargurako finantzaketarako ezarritako prezioan, irekita daudenak hornitzaile-multzo bati, eta modua egonda beste eragile ekonomiko batzuek bat egiteko geroago. Hori guztia Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2016an ezarritako doktrinari jarraikiz.

 

Testuinguru horretan, eta efizientziaren eta kudeaketa sanitario egokiaren arteko erlaziorik onena zaintzearren, medikamentu-eskurapeneko sistema bat arautzen da, halakoa dena non lizitazio publikoa egin beharrik ez dagoen, jadanik badagoenean administrazio-prozedura bitartez zehazturiko prezio bat, administrazioaren eta farmazia-hornitzailearen artean negoziatua. Lizitazio publikoa egitetik salbuetsita daude, kasu batzuetan, arrisku partekatuko akordioak edo gastu-mugarakoak.

 

Hala, Osasun Sistema Nazionalerako finkaturiko laborategi-salneurriak dituzten medikamentuak, jadanik erakunde publiko batekiko negoziazioa eta prezio-finkatze administratiboa egon izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak zuzenean erosten ahalko ditu, lizitazio beharrik gabe. Patente-babesa daukaten medikamentuak ere erosi ahalko ditu modu horretan, gehieneko erreferentziatzat harturik Osasun Ministerioak finkaturiko prezioa.

 

Foru lege honetan arauturiko prozedurek, ordezko modura, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak jasotzen dituenak izanen dituzte araubide. Betiere, interesdun den pertsona batek eskaturik hasitako prozeduretan, haietarako ez baldin bada berariaz besterik ezartzen, eta xedetzat edo gaitzat badute kopuru-erreklamazioa, administrazio-prerrogatiben egikaritzea edo administrazio-kontratu baten exekuzioarekin, betetzearekin nahiz azkentzearekin zerikusia duen beste edozein afera, interesdun den pertsonak zilegi izanen du, prozeduraren ebazpenerako ezarritako epea ebazpen hori jakinarazi gabe igaro denean, bere eskaera administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzea, “ezertan eragotzi gabe ebazteko betebeharrak bere horretan irautea”. Azken zehaztapena Navarra Sumaren abstentzioarekin gehitu da. PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek aurkeztu dute zuzenketa.

 

Batzordean egindako eztabaidan 23 zuzenketa eztabaidatu dira (4 in voce), eta horietatik 14 onetsi dira.

 

Irizpena jaso ondoren, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena Osoko Bilkuran aurkeztuko da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko, ziur aski urriaren 14an.

 

Bilkura Isabel Aranburuk zuzendu du (Geroa Bai talde parlamentarioa), eta bertan izan dira Marta Álvarez, José Suárez, María Jesús Valdemoros, Alberto Bonilla, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Yolanda Ibáñez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Ainhoa Unzu, Carlos Mena, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (I-E talde parlamentario mistoa).