Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 17

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko martxoaren 17an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea onetsi du gaur aho batez. Foru lege hori gida arauemaile bat da, eta arintze politikak egokitzapen politikekin konbinatzen ditu eredu sozioekonomiko eta energetiko berri bat prestatzeko, karbono gutxiko ekonomia zirkularrean oinarritua.

 

Foru legearen xedea da arau esparrua eta esparru instituzionala eta instrumentala ezartzea, jasangarritasunaren eta klima aldaketari aurre egiteko borrokaren izenean eredu sozioekonomiko eta energetiko berri eta eraginkor baterako trantsizioan laguntzeko, horrek berma dezan baliabide naturalen erabilera arrazoizkoa eta solidarioa.

 

Hazkunde estrategia berriak oinarritzat hartzen ditu 2030 AgendaEuropako Itun BerdeaNafarroako Klima Aldaketaren Bide Orria (KLINA)Under2Mou Sarea eta Estatuko edo nazioarteko gainerako konpromisoak. “Eraldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozial justuak” eskatzen ditu, 2050. urterako “neutraltasun klimatikoa” lortzeko helburuarekin, berotegi-efektuko gasen isurketa netorik gabea.

 

Testuinguru horretan, Itun Berdearen inbertsio planaren munta handia nabarmentzen da, bilioi bat euro baino gehiago mugiaraziko baitu hurrengo hamarkadan, beste 100.000 milioiz hornituta dagoen trantsizio justurako funtsa kontuan hartu gabe.

 

Gainera, Nafarroako Gobernua eragile izanen dela azpimarratzen da, berak gidatuko baitu politika sektorialen zeharkako dinamika (klima-ikuspegia aurrekontuetan). Politika horietan bereziki landuko ditu nekazaritza, abeltzaintza, basoen kudeaketa, industria eta merkataritza, I+G+B estrategia, hezkuntza, mugikortasuna, pobrezia energetikoa eta fiskalitatea.

 

Mugikortasunari dagokionez, Nafarroako Gobernuari foru lege proiektu bat bidaltzeko eskatzen zaio, arau honetan mugikortasun jasangarria, elektrikoa eta zero emisio sustatzeko helburuarekin aurreikusitako neurriak indartu eta osatzeko.

 

Taxien kasuan, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera 20.000 biztanletik gorako udalerrietan edo prestazio bateratuetako lurralde-eremuetan dagozkien lizentziei ordezkapen bidez atxikitako ibilgailuek zero emisio edo ECO gisa katalogatuta egon beharko dute (eurotaxiak salbuetsita). 2030etik aurrera, baldintza hori udalerri guztietara eta ATPC guztietara zabaltzen da, eta ibilgailu guztietarako edo horietako batzuetarako indarrean jartzeko data aurreratu ahal izango da, kasuan kasuko ordenantzek xedatzen dutenaren arabera.

 

Gidari bidezko errentamendu-baimenei lotutako ibilgailuen kasuan (VTC), 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera Nafarroan helbideratutako baimenei ordezko gisa atxikitzen bazaizkie (ibilgailu historiko gisa matrikulatutakoak izan ezik), zero emisio edo ECO gisa ere katalogatuta egon beharko dute. 2030etik aurrera, baimen horiei ordezkapen bidez atxikitako ibilgailuek zero edo ECO katalogazio bera izan beharko dute.

 

Pobrezia energetikoari dagokionez, “zaurgarritasun ekonomikoan” dauden pertsonak eta familia unitateak babesteko mekanismoak ezarri beharko dira, bermaturik egon daitezen beti, “edozein dela ere egoera”, bizitzeko ezinbestekoak diren gutxieneko hornidura energetikoak (energía elektrikoa, ibilgailuetarako ez diren erregaiak eta ura). Horretarako prestazio-mekanismoen diseinua eskubide sozialetako departamentuen eta, bidezkoa bada, toki erakundeen eskumena izanen da.

 

Fiskalitatearen arloan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta gainerako administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumeneko esparruan,  aztertuko dute “zer neurri ezar daitezkeen isurketen murrizketa sustatzeko eta sektore bakoitzean gai horietan egindako ahaleginak aintzatesteko”.

 

Horretarako, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak lege-proiektu bat edo batzuk igorri beharko dizkio Nafarroako Parlamentuari, bi urteko epean, lege honen helburuak hobeto betetzeko fiskalitate-neurri egokienekin. Arau-testu hori egiteko, gehienez ere hiru hilabeteko epean lan-talde bat eratuko da, arlo fiskalean, ingurumenean eta energian adituak diren pertsonek osatua.

 

Gobernuak beste bi urteko epea izango du, Legea onartzen denetik, saihestu edo gutxietsi beharreko jokabideen eta ekintzen azterketa analitikoa egiteko, edo, aitzitik, emisioak murriztea eta klima-aldaketara egokitzea sustatzeko. Esparru horretan, “balizko zerga-neurri pizgarriak” aurreikusten dira, sektore guztiek egindako ahaleginak “sustatu eta aintzatesteko”.

 

Azterlan horretan, besteak beste, kaltetutako sektore ekonomikoetan izango diren ondorioen, merkatuan izan daitezkeen distortsioen edo balizko zergapetze bikoitzaren estimazioa jasoko da.

 

Nekazaritzaren trantsizio ekologikoari dagokionez, 2030. urterako helburutzat ezartzen da laborantza lurren % 25 modu ekologikoan kudeatzea.

 

Bestalde, legeak erregelamendu eta planak egiteko epeak ezartzen ditu. Hala, bi urteko epea ezartzen du kontratazio publiko guztien klausuletan produktu eta zerbitzuen karbono aztarna jasotzeko. Gainera, berokuntzarako gasolio-hornidura debekatuko du gas naturala banatzeko sarea duten herrietako bizitegi- eta zerbitzu-eraikinetan, eta sistema fotovoltaikoak instalatzera behartuko du bi mila metro karratu baino gehiago dituzten eraikinetan, bai eta azalera handiko saltokietako aparkalekuetan ere. Sustatu eginen dira kooperatiba energetikoak, haiek tokiko komunitate energetikoetan sartuz.

 

Testuinguru horretan, legeak honako hau agintzen du: 8 urteko epean, bertan aipatzen diren lurralde planak, plan sektorial zuzentzaileak eta antolamendu plan orokorrak berrikusi egin beharko dira klima arriskuak gutxitzearen eta karbonoan neutroa den lurralderako trantsizioaren ikuspuntutik.

 

Ibilgailu elektrikoentzako karga puntuak instalatzeko eskaerei eta puntu horietarako sarbide publikoari erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea aplikatuko zaie. Udal lizentzia duten jarduerek beren ibilgailu elektrikoentzako karga puntuaren instalazioa jakinarazi besterik ez dute egin beharko.

 

Energia arloan eskuduna den departamentuak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera, energia kudeatzaileen eginkizunetarako berariazko prestakuntza jarduerak sustatuko ditu, haien ardura izanen baita administrazio publikoetan auditoretza energetikoak egitea.

 

Horiek horrela, energia fosilak berriztagarriekin etengabe ordeztea helburu, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat etorriz, Gobernuari urtebeteko epea ematen zaio Trantsizio Energetikorako Nafarroako Agentzia sortzeko, “erakunde publiko gisa”. Energiaren arloan eskumenak dituen departamentuari atxikita egongo da, baina haren eginkizunak, helburuak eta nortasun juridikoa Gobernuak Parlamentuari sei hilabeteko epean igorri beharko dion lege-proiektutik aurrera zehaztuko dira.

 

Gobernantzarekin lotuta, legeak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren arloko politikari buruzko Gizarte Kontseilua ezartzen du. Ordezkaritza erakunde hori “lege hau onesten denetik 15 hilabete pasatu baino lehen” eratu behar da, eta gaikuntza ematen zaio “proposamenak eta ekimenak aurkezteko Departamentuarteko Batzordeari”.

 

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Departamentuarteko Batzordeak bere gain hartuko ditu plangintza, koordinazio, jarraipen eta ebaluazio zereginak, eta proposamenak eginen ditu, baita Nafarroako Funts Klimatikoari baliabideak esleitzeko lehentasunen inguruan ere. Batzordeko lehendakaria eta lehendakariordea Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ingurumeneko kontseilaria izanen dira hurrenez hurren, edo haiek eskuorde izendatzen dituzten pertsonak.   Batzordea lantalde edo lan-batzorde gisa eratuko da. Departamentu guztiek izanen dute bertan ordezkaritza, eta generoari dagokionez osaera orekatua izanen du.

 

Funts Klimatikoa, klima aldaketaren ondorioak arintzeko politikak eta ekintzak gauzatzeko kofinantzaketa tresna, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei lotuta egonen da. Erregelamenduz ezarriko dira hura kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak. Klima Aldaketaren Nafarroako Bulegoak Funts Klimatikoa kudeatuko du, eta arloko arau-garapena, estrategiak, planak eta helburuak sustatu eta koordinatuko ditu, besteak beste. Horrez gain, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Batzordeko idazkaritza tekniko eta administratibo gisa arituko da.

 

Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Batzordea “departamentuarteko” erakundea da, eta klimari buruzko politikak –plan sektorialak barne– zaintzeko jarraipen eta ebaluazio eginkizunak izanen ditu. Gainera, jakintza sortzen duten zentroetatik kudeaketaren arduradunengana informazioa transferitzea sustatuko du.

 

Halaber, Klima Aldaketaren Nafarroako Herritarren Batzarra sortzea aurreikusten da. Hausnarketa organoa izanen da eta haren proposamenak ez dira lotesleak izanen. Haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua foru agindu baten bidez arautuko dira.

 

Ingurumenaren arloko ikuskaritza-eginkizunari dagokionez, adierazten da langile horiek agintari-izaera izango dutela, eta ahalmena izango dutela energia kontsumitzen edo sortzen duten eta bizilekuak ez diren higiezin, establezimendu eta instalazioetara sartzeko.

 

Era berean, establezimenduaren edo instalazioaren titularra, arduradunak edo ordezkariak eta ekipo eta aparatuen instalazioan, mantentze-lanetan edo kontrolean parte hartu duten teknikariek administrazio-bulegoetan agerraldia egiteko eskatu ahal izango dute, behar bezala arrazoituta.

 

Plangintzari buruzko kapituluan bertan, legeak aipagai ditu karbono aurrekontuak. Horien helburua da, berotegi-efektuko gasen isurketen inbentariotik abiatuta, eta etorkizunerako proiekzioak aintzat hartuta, isurketen murrizketa lortzeko helburuak banatzea Nafarroako jarduera ekonomikoaren sektoreen artean.

 

Hala ere, Nafarroako Gobernuak 18 hilabeteko epea izango du enpresen tipologia ezartzeko, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak barne, eta oinarrizko araudian ezarritakoaz gain, enpresen karbono-aztarna kalkulatu eta argitaratu beharko dute. Horretarako, betebehar hori zein terminotatik aurrera eskatu ahal izango den zehaztu beharko da, betebehar hori egikaritzeko beharrezko aldizkakotasuna eta gainerako terminoak barne.

 

Parlamentuak bost urtean behin karbono aurrekontuak onetsiko ditu Nafarroako Gobernuak proposamena egin ondoren, oinarri harturik Klima Aldaketaren Bulegoaren gomendioetan, eta aldez aurretik Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren arloko politikari buruzko Gizarte Kontseiluan aurkezturik. Bost urteko epealdiaren erdian, Gobernuak jarraipen txostenak argitaratuko ditu.

 

Arauaren bidez Nafarroa lurralde “jasangarri eta erresiliente” bilakatu nahi da, eta helburu horri begira legearen lorpenetan partaide eta arduradun izanen dira “toki erakundeak, ekoizpen sektoreak, eragile politiko, sozial eta ekonomikoak eta oro har herritarrak”.

 

Gizartea eta ekoizpen sektoreak klima aldaketaren ondorioetarako prestatu eta egokitzera bideratutako asmoen artean –eta halaber eraginak arindu nahian– sustatu eginen dira herritarren parte-hartzea, hezkuntza, ikerketa, teknologiaren garapena eta transferentzia; eta informazio objektibo eta ebaluagarria emateko mekanismoak ezarriko dira.

 

Helburua da “energia-sistemak herritarrengan, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik, inpaktu positiboa” izatea, eta horretarako aldarrikatzen da “sarbiderako eskubidea izatea kontsumitzaile eta ekoizle diren aldetik”. Horretarako beharrezkoak dira “informazio eta prestakuntza egokiak, jasangarritasunerako eta efizientziarako jarraibideekin bat datozenak”.

 

Legean “helburu lotesle”tzat jaso da berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez % 55 murriztea 2030. urterako, 1990eko mailak erreferentziatzat hartuta. Asmo hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduan ezarri da, eta horren atzean “2050erako neutraltasun klimatikoa” lortzeko itxaropena dago.

 

Ekintza klimatikoa eta energia-trantsizioa gidatu behar dituzten printzipioei dagokienez, “habitatak birgaitzea” aipatzen da, arreta berezia jarriz basoei, “CO2-aren xurgatzaile naturalak baitira, eta zenbait aldetan oso garrantzitsuak izanik kontuz artatu beharrekoak, batez ere aldaketa nabarmena gertatu den tokietan”.

 

Horrekin batera, zuhur jokatzeko eskatzen da “klima aldaketak ekar litzakeen gertakari, emaitza eta prozesu kaltegarrien aurrean eta, modu generikoan, oraindik ezagutzen ez ditugun arriskuen aurrean”.

 

Plano zehatzago batean eta energia eolikoari dagokionez, Nafarroako Gobernuak arauz ezarri beharko du, urtebeteko epean, mota horretako instalazio bat egikaritzeko baimena duten lurzoruen zerrenda (lurzoru-kategoriak jasotzen dituen mapa bat erantsiko da).  

 

Kontuan hartu beharreko faktore mugatzaileen artean aipatzen dira ingurumena, paisaia eta nekazaritza-ekoizpena, bai eta kultura-ondarearen kontserbazioarekin, azpiegituren zortasunarekin eta arrisku naturalekin lotutako beste faktore batzuk ere. Instalazioa baimendu ezin den lurzoruetan, “salbuespen moduan eta behar bezala justifikatuta”, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2023 Legearen I. eta II. eranskinean jasota ez daudenak baino ez dira baimenduko.

 

Parke eolikoen jabe diren enpresek arrisku-egoerak aztertzen lagundu beharko dute, eta, zehazki, faunaren hilkortasunaren jarraipena egiten. Gobernuak erregelamendu bidez garatuko ditu lankidetza-formulak.

 

Era berean, energia fotovoltaikoko azpiegituren ezarpen ordenatua ziurtatzeko, Nafarroako Gobernuak gehienez urtebeteko epea izango du ingurumeneko, hirigintzako eta nekazaritza-ekoizpeneko irizpideak eta lurzoru baimenduak eta debekatuak bereizten laguntzen duen beste edozein irizpide zehazteko (lurzoru-kategoriak islatzen dituen mapa bat erantsiko da). Instalazioa baimendu ezin den lurzoruetan, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2023 Legearen I. eranskinean eta II. eranskinean jasota ez daudenak bakarrik baimenduko dira.

 

Legeak erosketa publiko ekologikoa ere arautzen du; hala, administrazio eta organismo publikoen lizitazioek energiaren jatorri berriztagarria % 100ean ziurtatzea eskatuko dute, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Elektriken kasuan, merkaturatzaile bakoitzaren ingurumen-inpaktua neurtu beharko da, eta, horretarako, A (A-G) etiketa izan beharko dute lehentasunez. Gainera, lehentasuna emango zaio energia kontratatzeari, PPA kontratuen bidez, instalaziotik 150 kilometro baino gutxiagoko erradioan kokatutako enpresekin eta autokontsumoa duten hornidura-kontratuekin.

 

Ekintza publikoaren eremuan sakonduz, baina ontziei eta horiek foru eta toki administrazioek babestu, antolatu edo diruz lagundutako ekitaldietan behar bezala kudeatzeari dagokienez, ontziratutako edariak saltzeko eta banatzeko alternatibak bermatu beharko dira, eta, nolanahi ere, iturriko ura edalontzi berrerabilgarrien edo botila berrerabilgarrietan eskuratzea bermatuko da. Era berean, ontziak itzultzeko edo behar bezala kudeatzeko sistema bat ezarriko da (SDDR eta beste batzuk).

 

Testuak berariaz aipatzen du genero-ikuspegia. Izan ere, “klima aldaketaren arloan ere gertatzen dira halako diskriminazioak, eta horregatik ezinbestekoa da emakumeek modu aktiboan parte hartzea erabakiak hartzen diren esparruetan ez ezik, baita jarduten den esparruetan ere”.

 

Hori dela-eta, adierazten da emakumeak “gehiago direla behartsuenen artean, eta arrisku handiagoa dutela klima aldaketaren ondorioak jasateko”. Horregatik, Europako Batzordearen 2020-2025 aldirako Genero Estrategia berriarekin bat etorriz, eskatzen da genero-ikuspegia txertatzeko “klima aldaketaren kontrako politiketan eta horietatik eratortzen diren garapenerako lankidetzako politiketan”.

 

Gainera, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearekin bat etorriz, lanbide elkargoek ordezkaritza izanen dute Kontseiluan beste jarduera-sektore batzuekin batera.

 

Osoko bilkuran egindako eztabaidan PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako 11 in voce zuzenketa onetsi dira aho batez.

 

Batzordean egindako azterketan 340 zuzenketa eztabaidatu dira (in voce zuzenketak 56 izan dira), eta horietatik 110 onetsi dira (46 in voce zuzenketa).

 

In voce aurkeztutakoak alde batera utzita, zuzenketa gehien aurkeztu duen taldea EH Bildu izan da (123); ondoren datoz Podemos Ahal Dugu-I-E (74), Navarra Suma (73) eta Geroa Bai (8). PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk beste 6 zuzenketa sinatu dituzte batera.

 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (105. NPAO, 2021- 09-20koa)
  • Zuzenketak (136. NPAO, 2021-11-25ekoa)
  • Zuzenketak (138. NPAO, 2021-12-01ekoa)
  • Irizpena (29. NPAO, 2022-03-07koa)