Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Abenduak 21

Irakaskuntzako Funtzio Publikorako Sarbidea arautzen duen Foru Legea onetsi da

Espezialitatea emateko erabiliko den hizkuntzan eginen dira hautapen proba guztiak, deialdi ezberdin eta berezituetatik abiatuta, epaimahai berariazkoekin

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Irakaskuntzako Funtzio Publikorako Sarbidea arautzen duen Foru Legea onetsi du gaur. UPN, PSN, PPN eta I-Ek alde bozkatu dute, eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek aurka.

 

PSN eta I-E-k sustatu du lege hori, eta irakurraldi bakarrean izapidetu da. Haren helburua da Nafarroako irakasle kidegoetan sartu nahi dutenei aplikatu beharreko hautapen sistema zehaztea, hartara, Foru Komunitateko hizkuntza-erkidegoentzako deialdi ezberdin eta bereizien bidez eta berariazko epaimahaien bidez, ekuanimitatea bermatzeko eta aukera berdintasuna ahalbidetzeko Nafarroako bi hizkuntza ofizialak ez dakizkitenei.

 

Zehazki, ekimenaren titularrak eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako gehitze-zuzenketa batean argitzen denez, “irakaskuntzan erabili beharreko hizkuntzari edo hizkuntza-espezialitateei dagokien mintzairan eginen dira hautapen proba guztiak”. Orain arte, hizkuntza bat irakasteko (euskara, ingelera) hautapen probak hizkuntza horretan egiten ziren, baina espezialitate bat (euskara hizkuntza izan ezik) irakastekotan, hautagaiek euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera zuten.

 

Lege honek ahalbidetzen du deialdi bakoitzeko azterketak egun desberdinetan egin ahal izatea.

 

Ondorioz, “hautapen prozesua gainditzen duten hautagaiek dagozkien espezialitateetan eta hizkuntzetan aukeratu beharko dute lanpostua, hautapen probak gainditu dituzten horietan, alegia, lekualdatze lehiaketei eragin gabe”. Azken zehaztapen hau UPN, PSN, PPN eta I-Ek aurkeztu eta onetsitako in voce zuzenketak ezarri du, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek aurka bozkatu badute ere.

 

Araua “aplikagarria izanen zaie foru legea indarrean jartzen den eguna baino lehenago abiarazitako deialdiei, baldin eta egun horretan bukatu gabe badago izangaiek eskabideak aurkezteko epea”, zeina “10 egunez luzatutzat joko da, deialdia foru lege honetan ezarritakoari egokitzeko”.

 

Epaimahaiei dagokienez, “epaimahai bat baino gehiago (espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko) behar izanez gero, hautapen batzorde bat eratuko da, ebaluazio irizpideak koordinatu eta adostuko dituena”.