Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Martxoak 20

Hezkuntza Departamentua premiatzen da Torre Monreal Ikastetxe Publikoak planteatutako beharrizanak bete ditzan

Ikastetxeak eta Gurasoen Elkarteak salatu zuten ikasleen eskolatze berantiarreko kasuek eta matrikula berriek eragiten duten nahasmendua

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, PSN, PPN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentua premiatzen du “matrikula berriei aurre egite aldera Torre Monreal Ikastetxe Publikoak planteatutako beharrizanak bete ditzan. Giza baliabideak eta baliabide materialak izanen dira ikastetxeak eta bertako gurasoen elkarteak proposatutakoak”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak pasa den otsailaren 20an Hezkuntza Batzordeak egindako bisitan eman zituzten azalpenak baliatu ditu, “ikasleen eskolatze berantiarreko kasuek eta matrikulazio berriek nahasmen nabarmena eragin baitute ikasturte hasieran aurreikusitako planifikazioan, giza baliabideei zein materialei dagokienez”.

 

Zentzu horretan eta ikastetxeko zuzendaritzak adierazitakoa, hau da, “Departamentuaren erantzun eskasa” bere eginez, sustatzaileak “bost ikasle berriak artatzeko berrantolaketak eragindako murrizketak” egin behar izan dituztela adierazi du, eta zentzu horretan, ikastetxetik proposatzen diren eskaerei erantzuna ematera premiatzen da.

 

Tuterako Hezkuntza Bereziko Torre Monreal Ikastetxe Publikoa premia bereziak dituzten haurrak eskolatzeko Nafarroan dauden bi ikastetxe publikoetako bat da. Eskualde izaerakoa da, eta Tuterako merindadearen eragin-eremuko ikasleen beharrizanei erantzuten die.

 

Ana San Martín (UPN) lehendakari izan duen sesiora bertaratu diren Parlamentarioak izan dira Alberto Catalán, Luis Zarraluqui, Iñaki Iriarte (UPN), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi, Rafa Eraso (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno, Conchi Ruiz (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).