Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 23

Foru Exekutiboak LGTBI+ koletiboaren eskubideak sendotzeko konpromisoa berretsi du

EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio, zeinak atzerapausuak ikusten dituen “eskuin erreakzionarioenak sustatutako diskurtso eta ekintza homofoboen gehikuntzarekin" batera

Javier Remírez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak Foru Gobernuaren "konpromisoa" agertu du LGTBI+ kolektiboaren eskubideei dagokienez "aurrera egiten" jarraitzeko, eta "atzerapausorik onartuko ez" dutela gaineratu du.

 

Horren harira, Foru Gobernuko bozeramaileak "pairatzen ari garen gorroto-adierazpenak errotik etetearen" alde egin du, "bai diskurtsoei dagokienez, bata erasoei dagokienez ere”.

 

LGTB+ eskubideetan aurrerabidea egite aldera Nafarroako Berdintasunerako Institutuak baliatuko duen politika orokorrari buruz EH Bilduk osoko bilkuran egin duen interpelazioari erantzunez, Remirezek "erabateko gaitzespena" adierazi du "bizikidetzaren aurka doan eta sexu-aniztasuna eta LGTBI kolektiboaren eskubideak gutxiesten eta mehatxatzen dituen ekintza eta adierazpen ororen aurrean".

 

Kontseilariak "atzera egitea bilatzen duten mugimenduei aurre egiteko" eskatu du, eta "ahalegin guztia LGTBI+ kolektiboen errespetuaren eta defentsaren alde lan egiteko politiketan jartzeko" konpromisoa hartu du. “Jarrera homofobikoak ezjakintasunaz eta beldurraz elikatzen dira, baita gure herrialdean tristeki errepikatzen diren gorrotozko diskurtso askotaz ere".

 

"Batzuentzat, euren diskurtso politikoaz hausnartzeko unea da, eta beste batzuentzat, berriz, isiluneekin amaitzekoa. Ez dugu onartuko inor beldurrez bizitzerik edo armairuetara itzultzerik", azpimarratu du Remirezek.

 

Bere ustez, LGTBI+ kolektiboarentzako berdintasun politikak "inoiz baino beharrezkoagoak dira". Horren harira, Gobernuak legegintzaldiaren hasieratik abiatutako ekintzak defendatu ditu, hala nola, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan LGTBI zuzendariordetza espezifiko bat sortzea.

 

Halaber, beste ekimen batzuen artean, langile publikoen prestakuntzan lanean ari direla eta gizartea kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak egiten jarraituko dutela azaldu du. Esan duenez, "beste zutabeetako bat Kattalinguneren zerbitzua da", eta "Nafarroako beste leku batzuetan arreta-gune berriak irekitzearen alde" egingo dutela aurreratu du.

 

Gainera, Remirezek azaldu duenez, 2022a baino lehen amaituta egongo diren bi proiektu berri eta "interesgarri" lantzen ari dira. Zehazki, tokiko erakundeetan genero-aniztasun sexuala txertatzeko eta LGTBI genealogia egiteko, "mugimenduak gure erkidegoan izan duen ibilbidea ezagutzeko".

 

Remírezek azaldu duenez, jarduketa horiek guztiak 2019-2022 Ekintza Planaren barruan daude, eta, pandemiak "geldialdia" ekarri duela jakin arren, departamentuetan ezartzen jarraituko dutela esan du.

 

Patricia Peralesek (EH Bildu) agerian utzi du sexu-orientazioagatiko edo genero-identitateagatiko gorroto-delituek gora egin dutela, "datu larriekin eta goranzko joerarekin. Eskuratutako eskubideek atzera egin dute, eta eskuin erreakzionarioak bultzatutako diskurtso eta ekintza homofoboak daude".

 

Peralesen ustez, Foru Erkidegoa "aitzindaria izan zen eskubide eraginkor eta errealak bermatzeko legearen garapenean", baina "une honetan Nafarroako Gobernua ezin da harro sentitu lege horren garapenaz". "Ekintza plana bere osotasunean gauza dadin" eskatu du.

 

Isabel Olaveren (Navarra Suma) ustez, Foru Erkidegoa "ez da LGTBI pertsonen eskubideen bermean bikaintasuna lortzen ari. Kausa honen onarpen manipulatzailea alde batera uzteko" eskatu du, "giza eskubideak defendatzen dituen ororen kausa delako", eta "ideologia guztietan LGTBIfobia kasuak eta gizabanakoak" daudela azpimarratu du. Hori dela eta, "errekonozimendu mekanismoak" proposatu ditu. Era berean, "PSNren aurrekontu kideek gainerako gorrotoetan" ahaleginak egitea espero du.

 

Nuria Medinak (PSN) adierazi duenez, gai honetan "ahaleginak areagotzeko" unea da, "ultraeskuinaren mugimenduek gero eta mehatxu gehiago egiten baitiete, PPko buruzagi batzuk zuritzen saiatzen ari baitira". Ildo horretan, kezkatuta agertu da "LGTBI pertsonen eskubideen defentsatik kanpo egon diren alderdiek osatutako Navarra Suma taldeak horrelako diskurtsoak imitatzea erabaki duelako eta erradikalizazio ideologikoagatik".

 

Jabi Arakama (Geroa Bai) kezkatuta agertu da azken asteotan "eraso homofobo eta transfoboen gorakada" dela eta. "Zaila da homofobiaren mendeak bat-batean desagertzea", esan du, baina "politika publikoek LGTBI kolektiboaren benetako berdintasunean aurrerapauso handiak eman ditzaketela" azpimarratu du. “Politika autokritikoak eta etengabeko eboluzioan daudenak behar ditugu".

 

Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) "nafar eskuindarren eta Espainiako eskuindarren arriskuaz" ohartarazi du. "LGTBI+ gizarte berdintasunerako politika publiko horiek indartu behar dira. Abiadura hartu behar dugu, ekintza-planean asko gelditzen baitzaigu garatzeke".

 

Azkenik, Marisa de Simónen (Izquierda-Ezkerra) ustez, "erreakzionatu beharreko egoera batean gaude", eta "normalizazioari dagokionez asko dago egiteko", aldarrikatu du. “Askatasun sexuala guztiz bermatuta ez dagoen bitartean, lanean jarraituko dugu. Estigmatizazio eta indarkeria arazo bat izaten jarraitzen dugu, ikusezina dena ikusarazi behar da".