Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Otsailak 1

Espetxealdi iraunkor berrikusgarria aldeztea eskatzen zuen mozioa atzera bota dute

Ganberak PPNren asmoa gutxietsi du, erruduntasunaren pisua erantzun penalarekin bat datorrela defendatzen duena, berreziketa-xedea ahaztu gabe

Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin, aldezteko “espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren figura, zeina Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duen martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoaren bidez txertatu baitzen Espainiako antolamendu juridikoan, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du berak ere aldezpen-jarrera hori bera adieraz dezan”.

 

Atzera botatako mozioak bigarren puntu batean “Nafarroako Parlamentuak Diputatuen Kongresuan presentzia duten talde parlamentarioak premiatzen zituen espetxealdi iraunkor berrikusgarria indargabetzeari buruzko beren jarrera berrikus zezaten”.

 

Zioen azalpenean, PPNk bultzatutako mozioak dio espetxealdi iraunkor berrikusgarriarekin, 2015eko uztailaren 1etik indarrean dagoenarekin, “bateratu egiten direla erruduntasunaren astuntasunarekin bat datorren erantzun penala eta espetxe zigor orok eduki beharreko berreziketa-xedea”.

 

Zentzu horretan, azaltzen da “eredu hori hedatuta dagoela Europako Zuzenbide konparatuan, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi duela bat datorrela Giza Eskubideen Europako Konbentzioak ezarritakoarekin; izan ere, auzitegiak adierazi du konbentzioko 3. artikuluan xedatutakoa betetzeko, aski dela lege nazionalak iraupen mugagabeko kondena berrikusteko aukera ematea, kondena kommutatzeko, kentzeko, amaitzeko edo baldintzapeko askatasuna ezartzeko xedez”.

 

Amaitzeko, mozioaren bultzatzaileak dio “asko eta asko direla espetxealdi iraunkor berrikusgarriari beren aldezpena eman dioten herritarrak, espainiar guztien segurtasuna, eskubideak eta askatasunak bermatzeko tresna gisa”.