Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 19

Espainiako Gobernua premiatzen duen ebazpena etxebizitza egoki baterako eskubidea bermatzeko dauzkan nazioarteko betekizunak bete ditzan.

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko apirilaren 19an

1.- Espainiako Gobernua premiatzen da etxebizitza egoki baterako eskubidea bermatzeko dauzkan nazioarteko betekizunak bete ditzan. Horretarako, legeak garatuko ditu eta aurrekontuetako partidak handituko ditu, halako moduan non beteko dituen 5/2015 zenbakiko Jakinarazpenaren gomendio lotesleak. Jakinarazpenean jasotzen da, halaber, DESC batzordeak 61. bilkuraldian (2017ko maiatzaren 29tik ekainaren 23ra arte) onetsitako irizpena.

 

2.- Estatuko Gobernuari eskatzen zaio neurri egokiak har ditzan, legegintzakoak zein administraziokoak, bermatze aldera maizterren utzarazpenen prozesu judizialetan demandatuek aukera izan dezaten aurka egiteko edo errekurtso bat aurkezteko, epaileak ebaluatu ahal izan ditzan familia demandatuen ahultasun egoera eta etxebizitza eskuratzeko modua. Bereziki, Gobernua premiatzen da Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea eta Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legea alda ditzan, bermatze aldera babes judizial eraginkorrerako eskubidea eta beste etxebizitza-aukerarik gabeko utzarazpenen debekua.

 

3.- Esapainiako Gobernua premiatzen da bete egin ditzan Nazio Batuen Eskubide Ekonomikoei, Sozialei eta Kulturalei buruzko Batzordearen 7. Ohartarazpen Orokorrean eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotako xedapenak, berehala debekatu eta geldiaraztearren pertsonak eta familiak beren lehen etxebizitza eta bakarra den horretaz gabetuak izatea, beste etxebizitza-aukerarik ez dutenean.

 

4.- Estatuko Gobernua premiatzen da tresna administratiboak jar ditzan, borrokatzearren sozietate handien edo etxebizitza-edukitzaile handiak diren entitateen eskuetan etxebizitzak pilatzearen aurka. Halaber, premiatzen da legegintzako neurriak har ditzan, etxebizitza-edukitzaile handiak direnak behartzeko haien etxebizitza hutsak laga diezazkieten administrazio publiko eskudunei, bazterketa arriskuan dauden pertsona edo familien larrialdi sozialeko egoerari aurre egite aldera.

 

5.- Eskatzen zaio sustatzea hitzarmenak egin daitezen SAREB-Bankuen Berregituratzetik Heldutako Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearekin eta bankuekin, haien etxebizitza hutsak laga diezazkieten autonomia eta toki mailako administrazioei, alokairu sozialera bideratzeko.

 

6.- Gobernua premiatzen da kontrolerako mekanismoak ezar ditzan, Espainiako etxebizitza-edukitzaile handiak behartze aldera alokairu soziala bermatzera ahultasun egoeran dauden familien mesedetan, familia-unitatearen diru-sarrera ponderatuak konprometitu gabe.

 

7.- Espainiako Gobernuari eskatzen zaio kreditu-lerro bat ezar dezan ICO-Kreditu Ofizialeko Institutuan, alokairura bideratuko diren etxebizitzen eraikuntza edo zaharberritzea finantzatzeko.

 

8.- Espainiako Gobernua premiatzen da DESC Komitearen 2018ko martxoko txosteneko azken behaketak bete ditzan, Etxegabetzeak eta Etxebizitza Egokirako Eskubideen ataleko 35, 36, 37, 38 puntuak hain zuzen ere.

 

9.- Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio 24/2013 Foru Legean, Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzkoan ezartzen diren neurriak ahalik eta azkarren martxan jartzeko.

 

10.- Foru Exekutiboari eskatzen zaio etxebizitza beharra duten pertsona eta familien errolda bat sortu dezan, bereziki logeletan bizi diren pertsonena. Errolda hau Gizarte Zerbitzuekin, Osasun etxeekin eta Ikastetxeekin lankidetzan egingo da.

 

11.- Nafarroako Gobernua premiatzen da 2018-2028 Etxebizitza Planaren ondoren, etxebizitzari buruzko lege oso bat egiteko proposamena egin dezan, etxebizitzarako eskubidea uler dadin etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko eskubide gisa.

 

12.- Espainiako Gobernuari eskatzen zaio errespeta ditzan Nafarroako Parlamentuak etxebizitza esparruan hartzen dituen erabaki eta neurri guztiak.

 

Podemos-Ahal Duguk aurkeztua.

 

1-11 puntuak Geroa Bai, Eh Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin onetsi dira.

 

12. puntua Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin onetsi da.