Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 10

Espainiako Gobernua premiatzen da Iruñeko espetxera ekar ditzan preso nafar guztiak

Urrian egindako eskaera errepikatu du Ganberak, Nafarroatik kanpo 180 preso baitaude, eta martxoan Cadizen zendutako presoa oroitu dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “zehazki Barne Ministerioa, ahalik lasterren Nafarroako Parlamentuari honako informazio hau igor diezaion”, preso nafarren kokalekuari dagokionez.

 

Lehenik eta behin, Barne Ministerioari eskatzen zaio “argitu dezan Nafarroakoak izan edo Nafarroan erroturik dauden (halakotzat harturik espetxean sartu baino gutxienez ere urtebete lehenagotik Nafarroan erroldatuta daudenak) pertsonetatik zenbat ari diren zigorra betetzen Estatuko beste espetxe batzuetan, eta zeinetan”.

 

Bestetik, “beste espetxe batean daudenetatik zein diren beraiek erabakita han daudenak eta zein espetxe-administrazioak erabakita. Espetxe-administrazioaren erabakia denean, haren zergatiak”.

 

Bigarren atalean, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “Iruñeko espetxera berehala ekar ditzan nafarrak diren edo Nafarroan erroturik dauden preso guztiak, zigorra beste espetxe batean betetzen ari direnak; betiere, interesdunek haien adostasuna adierazten badute”. PSNk puntu honen aurkako botoa eman du, eta gainerako taldeek botoa mantendu dute.

 

Azkenik, hirugarren atalean adosten da “erabaki hau Barne Ministerioari eta Ministroen Kontseiluari igorriko zaiela”.

 

PSN talde parlamentarioak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, sustatzaileek onartu ez dutena, eta testuak Espainiako Gobernua premiatzen zuen “beharrezko neurriak har zitzan Iruñeko kartzelara ekartzeko preso nafarrak edo Nafarroari errotuak daudenak eta beste espetxe batzuetan daudenak, beti ere haiek hala nahi izanez gero, posible izanez gero eta espetxe araudiak hala ahalbidetuz gero”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak 2017ko urriaren 2an onetsitako ebazpena aipatzen du eta Espainiako Gobernua gonbidatzen du “beharrezko neurriak hartzera 180 preso nafarrak edo Nafarroan erroturik daudenak eta gure Erkidegotik kanpo zigorra betetzen ari direnak Iruñeko espetxera ekar ditzan, beti ere pertsona kaltetuek hala nahi izanez gero, izan ere, espetxe araudiak aitortzen duen eskubidea baita”.

 

Zentzu horretan, sustatzaileek diote “Iruñeko espetxean zeuden hiru preso gutxienez beste espetxe batzuetara eraman dituztela, nahiz eta Nafarroan erroturik egon”.

 

Testuinguru honetan, oroitarazi da “pasa den martxoaren 6an Cadizko Puerto III espetxean Iruñeko preso bat zendu zela”.