Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Otsailak 9

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da Itxaropenaren Telefonoaren egoitzara

Atzeman denez, deien igoera izan da, haietako asko suizidioaren gaiari lotuak, eta laguntza-eskaria areagotu da nerabeen aldetik

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da gaur Iruñeko Arrotxapean dagoen Itxaropenaren Telefonoaren egoitzara. Irabazi-asmorik gabeko elkarte horrek 1978tik lan egiten du osasun mentalaren sustapenean, krisian esku hartzean eta prestakuntzan.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Carlos Guzman (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote elkarteko lehendakari Begoña Arbeloak, Alfonso Echávarri zuzendari teknikoak eta Paula Fuentes psikologoak.

 

UPNk eskatutako bisitaren helburua izan da “elkartearen jarduketa ildoak ezagutzea eta bertan ikustea Itxaropenaren Telefonoak baliatzen dituen instalazioak, ekipamenduak eta programak, joan den urtarrilaren 12an Batzordean izan zen lan-bilkura eta gero”.

 

Jarraian egindako bileran Begoña Arbeloak aurkeztu ditu zerbitzu baten jarduketa-arloak, zeinak bilatzen duen “osasun mentala sustatzea krisi emozionala duten pertsonen artean, ikuspegi doako, anonimo eta pertsonalizatu batetik”.

 

Nafarroan Itxaropenaren Telefonoak duen plantilla honako hauek osatzen dute: zuzendari tekniko bat, psikologo bat eta administrari bat. Halaber, elkarteak 120 boluntario ditu, gutxienez ere urtebeteko prestakuntza jaso dutenak.

 

Elkartearen jardunak hiru jarduketa-arlo ditu: krisian esku hartzea, osasun mentalaren sustapena eta prestakuntza. Krisian esku hartzearen zerbitzu ezagunena da telefono bidezko orientazioaren zerbitzua, orain dela 50 urte baino gehiagotik ezarri zena, telefono bidezko zerbitzua eskaintzen duena eguneko 24 orduetan urteko 365 egunetan.

 

2023an Nafarroan artatutako pertsonak 14.009 izan dira, eta haietatik 464k “moduren batean adierazi zuten ideiagintza suizida bat, edo krisi bat edo baita aribideko suizidio bat ere. Ez doa beheraka, aitzitik, gai hori goraka ari da eta kezkatzen gaitu”, adierazi du.

 

Bere aldetik, Alfonso Echávarrik jakinarazi du suizidioarekin lotutako krisiak gero eta gehiago direla eta Itxaropenaren Telefonoa ahalegin handia egiten ari dela gaian, jarduketan ez ezik prestakuntzan ere, barnekoan zein kanpokoan”.

 

Azaldu duenaren arabera, duela bi urte programa “anbiziotsu” bat ezarri da, adinekoekin osasun mentalaren arloa jorratzeko.  Gaur egun lau lantalde daude, krisi zehatzetarako: Bereizketa afektiboa; Zaindaria zaintzen; Dolua garatzen eta Krisia bikotean.

 

Era berean, prestakuntzarako hitzaldiak eta konferentziak egiten dira, “asko ikastetxeetan”, batez ere nerabeen autolesioei eta suizidioei buruz, “kezka handia dagoelako” horren inguruan. Elkartea orain dela bi urte hasi zen gazteekin lan egiten, haiek baitira “kolektibo zaurgarriena aldarteekin lotzen diren osasun mentaleko gaietan”.

 

Bere aldetik, arreta psikologikoaren departamentuak haur, nerabe eta helduei ematen die arreta hainbat kasutan. 2023an 10 psikologo profesional boluntariok eta elkarteko bi teknikariek arreta presentziala eman diete 88 pertsonari, banakako eta doako zerbitzua emanez.

 

Halaber, zuzendari teknikoak prestakuntzako arloa aipatu du; izan ere “kanpoko prestakuntza ugaria eskaintzen da, batez ere aldez aurretik eskatuta”, eta ondotik zehaztu duenez “112 zenbakirako teknikari operadoreak prestatu ditugu; parte hartze etengabea dugu Segurtasun Eskolan, kasu honetan foruzainentzat”

 

Bilkura amaituta, parlamentariek ibilbidea egin dute instalazioetan eta zoriona eskaini diete “laguntza altruistarako baliabide” hori ahalbidetzen duten profesional eta boluntario guztiei.