Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Maiatzak 14

Eskubide Sozialetako Batzordeak Nuevo Futuroren oinarrizko egoitza harrerako zentro bat bisitatu du, eta Xilemaren beste zentro espezializatu bat ere bai

PAGNAren bi baliabide espezializatu dira, gizarte- nahiz familia-ingurunean egokitu ezinagatik babesgabetasun egoeran dauden 6 eta 18 urte arteko adingabeei larrialdiko arreta ematekoak

Eskubide Sozialetako Batzordeak Nuevo Futuro elkartearen Oinarrizko Egoitza Harrerako Zentroa bisitatu du gaur, bai eta Xilema elkartearen Egoitza Harrera Espezializatuko Zentroa ere. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren (PAGNA) itunpeko bi baliabide dira, zailtasun sozialaren profila duten adingabeei arreta emateko, eta berezitasun nagusitzat dute ematen den arreta “espezifikoa eta sendoa” dela.

 

Parlamentari hauek izan dira bisitan: Raquel Garbayo (UPN), Olga Chueca (PSN), Javier Abad (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).

 

Parlamentuko ordezkariak Nuevo Futuroren oinarrizko egoitza harrerako zentrora joan dira lehenengo, Iturramara, eta harrera egin diete Haurren, Nerabeen eta Familien zuzendariorde Amalia Cuarterok, elkartearen ARB programaren koordinatzaile Marina Aldavak eta egoitzako arduradun Gaudí Pérezek.

 

Bisita UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeek eskatuta gauzatu da, eta xede izan du “guarda eta tutoretza egiteko bi zuzkidura mota horien funtzionamendua eta instalazioak ezagutzea in situ”, biak (zentro oinarrizkoa nahiz espezializatua) baitaude lotuta Behaketa eta Harrera Egiteko Zentroen Programara (COA), gizarte- nahiz familia-ingurunean egokitu ezinagatik babesgabetasun egoeran dauden adingabeei larrialdiko arreta emateko, baita guraso-ahala behar ez bezala egikaritzen den kasuetarako ere.

 

Jarraian bilera bat izan dute, eta Amalia Cuarterok azpimarratu du nola edo hala helburua beti dela familian berriz sartzea. Ibilbidea hasteko, COA zentroek balorazio bat egiten dute, eta, behin guarda eta tutoretza beren gain hartzea erabaki ondoren, erabakitzen dute oinarrizko egoitzaren erregimenean (ARB, 6 eta 18 urte arteko adingabeak) edo erregimen espezializatuan (ARE, 14 eta 18 urte artekoak) kokatu. Kasu batean nahiz bestean, adin-nagusitasunera iristen direnean autonomiako pisuetara pasatzen dira, edo zuzenean emantzipatu egiten dira. Haurren, Nerabeen eta Familiaren zuzendariordeak adierazi duenez, edozein arrazoi dela-eta autonomiako pisurik ez badago eskura, errenta bermatuan sartzen dira.

 

Esku hartzeko maila batean zein bestean, Marina Aldavak adierazi duenez, “adingabe bakoitzak hezkuntza programa indibiduala du, zaintza aldian zehar egokitzen dena. Erreferentziako ikastetxea mantentzen saiatzen da, salbu eta ezinezkoa bada edo kaltegarritzat jotzen bada. Familia egoerak aukera ematen badu, etxera itzultzen dira ibilbidea amaitu baino lehen. Itzultzen direnean jatorrizko nukleora itzultzea posible ez bada, beti da errazagoa erreferentziako harreraren modalitatean inplikatzen diren familiak aurkitzea (lotura eta estimu-harreman onak), familia harrerako modalitatekoak baino. Gaur egun, 300 bat dago modalitate bakoitzean”.

 

Nuevo Futuroren oinarrizko egoitza harrerako zentroaren koordinatzaileak azpimarratu duenez, “garrantzitsua da autonomia prozesuan sakonki lan egitea, adingabe horiek aurrera egin behar dutelako beren kabuz gainerakoek baino askoz lehenago”.

 

Bilera amaitu ostean, Eskubide Sozialetako Batzordeak Iturramako pisu batean kokatutako zentro horretako askotariko instalazioak bisitatu ditu. Pisua “ongi hornituta dago eta tamaina ona du”. Zortzi plaza ditu, guztiak beteak, eta arreta ematen dute zazpi hezitzailek eta etxeko eginkizunetako pertsona batek”.

 

Nafarroako Nuevo Futuro elkartea 1971n sortu zen, eta haurren eskubideak sustatu eta defendatzen dituen garapenerako gobernuz kanpoko erakundea da. harrerako egoitzetan gauzatzen dute beren zeregina, gizarte- eta hezkuntza-proiektuen eta nazioarteko lankidetzaren bitartez. Egoitza harreraren esparruan, 77 plaza itundu kudeatzen dituzte (67 ARB, 8 ARBT, 5 ARE), harrerako hamar egoitzatan banatuta, eta autonomiako eta emantzipazioko beste hamar plaza ere bai.

 

Jarraian, Eskubide Sozialetako Batzordea Xilemaren zentro espezializatura joan da Mendebaldean, eta bertan harrera egin diete Xilemako koordinatzaile Javier San Miguelek, elkartearen AREaren koordinatzaile Sara Fernándezek, egoitzaren arduradun Daniela Záratek eta Haurren, Nerabeen eta Familiaren zuzendariorde Amalia Cuarterok.


Horren ostean, eta Xilemak kudeatzen duen ARE horren askotariko ataletan bisita egin ondoren, Javier San Miguelek eta Sara Fernándezek azaldu dute egoitza harrera espezializatuko programa “esku hartze intentsiboa eta integrala dela, gizarte nahiz hezkuntzako orientazio terapeutikoa duena eta arlo pertsonalean zentratzen dena. Jarrerak aldatu eta bizikidetzako arauak barnera daitezela lortu nahi da neska-mutilen eta nerabeen normalizazio prozesuan laguntzeko”.

 

Batez besteko egonaldia 6 eta 24 hilabete artekoa da, eta “salbuespenez” luzatzen ahal da, ahaztu gabe xedea dela “oinarrizko egoitza harrerako programetara nahiz autonomia prozesuan gazteei laguntzekoetara sartu ahal izatea, familia etxera itzuli aurreko pausoak diren aldetik”.

 

Mendebaldeko ARE zentroak bost plaza misto ditu, bat ere ez dago hutsik, hezitzaileen talde batek ematen du bertan arreta, eta psikologo bat, gizarte langile bat, prestakuntzako teknikari bat, arduradun bat eta koordinatzaile bat ere badaude. Administrazio bidetik sartzen da, baina batzuetan egoiliarrei aplikatzen ahal zaizkien neurri murriztaileek baimen judiziala behar dute. Era berean, instruktoreek eskatzen dutenean soilik esku hartzen dute segurtasuneko langileek.

 

Xilema Fundazioa zaurgarritasun larriko eta bazterketa arriskuko egoeran dauden pertsonei arreta emateko eta laguntzeko sortu zen, eta, horretarako, laguntza sareak sortzen eta garatzen eta gizarteratzen laguntzeko loturak eratzen saiatzen dira, betiere diziplina anitzeko lantaldeen bitartez. 2006tik arreta integrala ematen diete familia larrialdiko nahiz zailtasun sozialeko egoeran dauden 6 eta 14 urte arteko adingabeei.