Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Martxoak 14

Endometriosiaren Mundu Egunarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak

Parlamentuaren fatxada hori kolorez argiztatuko da gaur iluntzean, ugalketa-adinean dauden emakumeen % 10i eragiten dien patologia kronikoak kaltetutakoei babesa adierazteko

Nafarroako Parlamentuak, ASENNArekin eta ADAECekin batera, Endometrosiaren aurkako Munduko Egunarekin bat egiteko ekitaldi instituzionala egin du gaur. Sendatzen ikasi lelopean, gaixotasuna osasun publikoko arazotzat hartzeko beharra azpimarratzen da, jatorri ezezaguneko patologia kroniko honen tratamenduan inbertsio- eta ikerketak areagotzeko, ugalketa-adinean dauden emakumeen % 10i eragiten baitie.

 

Hala berretsi du Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek, eta Nafarroako Endometriosiaren Elkarteak (ASENNA) eta Estatukoak (ADAEC) egiten duten lana aitortu ditu, besteak beste, Diziplina Anitzeko Endometriosi Unitate bat, detekzio goiztiarreko protokolo bat, gaixoen erregistro bat eta ezintasun eta ezgaitasun-mailak zehazteko irizpide egokiak barne hartzen dituen berariazko antolamendu-eredu asistentzial bat sortu dadin eskatuz.

 

Hualdek gogorarazi duenez, Nafarroako Parlamentuak, gaixotasun hau artatzeko zerbitzu publikoa hobetzeko asmoz, 2022ko maiatzean aldarrikapen hauek guztiak jasotzen dituen adierazpen bat onetsi zuen.

 

"Ekitaldi honen bidez endiometrosia ikustarazten lagundu nahi dugu, baina baita ASENNA osatzen duten emakumeen lanari Ganberaren babesa adierazi ere. Gure osasun publikoa hobetzea da erakunde publiko guztiek legealdi honetarako dugun helburu nagusietako bat. Eskerrik asko", amaitu du Unai Hualdek.

 

Marisa Alamánek (ASENNA) eta Naroa Mendazak (ADAEC), bestalde, Nafarroako Parlamentuak duela ia bi urte onartutako adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoei eutsi diete eta, horri dagokionez, "mediatizatuta dagoen kolektibo baten bizi-kalitatea hobetzeko" eskatu dute. Izan ere, gaixotasunaren diagnostikorako “batez beste bederatzi urte pasatzen dira eta bost mediku ezberdin bisitatu ohi dituzte gaixoek. Kontsulta goiztiarra funtsezkoa da; izan ere, gaixotasun honek, garatutako estadioetan, organo askori eragin diezaieke".

 

Testuinguru horretan, Barbak eta Mendazak ohartarazi dutenez, "ikerketa medikoaren gabeziaren atzean genero-joera bat ezkutatzen da, eta kaltetutako emakumeak diskriminatu eta hauen gizarte- eta enplegu-zaurgarritasuna areagotzen du. Potentzialki ezgaitasunak eragiten dituen gaitz baten aurrean gaude, eta horrek zabalkundea eta kontzientziazioa eskatzen ditu. Eta maila farmakologikoan, agindutako sendagaien gaineko ikuskaritza eta, terapia kroniko gisa, gizarte-segurantzaren estaldura partziala".

 

Horregatik guztiagatik, ASENNAko eta ADAECeko eledunek endometriosia gizarteratze, sexualitate eta feminismoaren agendetan sar dadin eskatu dute, hau da, “haren ikerketa, tratamenduak eta balizko sendabidea. Alderdi politikoen eta erakundeen babesa eskatzen dugu, berdintasuna, asistentzia-kalitatea eta gizarteratzea bilatzen lagun diezaguten".

 

Endometrosiaren Munduko Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak fatxada horiz argiztatuko du gaur iluntzean (20:00-22:00).

 

Talde argazki batekin amaitu den ekitaldian izan dira, besteak beste: Ainhoa Unzu, Lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Bigarren lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, Lehen idazkaria, Mikel Zabaleta, Bigarren idazkaria, Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox), eta María Chivite, Nafarroako Lehendakaria, kontseilariak eta parlamentariak.

 

Nafarroako Endometriosiaren Elkartea (ASENNA) gaixotasun kroniko hori duten pertsona guztiei ikusgarritasuna emateko eta laguntza, informazioa eta baliabideak eskaintzeko asmoz sortu zen, gaitz horri lotutako mitoak eta estigmak ulertu eta desagerrarazteko. ADAEC Endometriosi Kronikoko Gaixoen Estatuko Elkartearen barruan dago.