Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Maiatzak 15

Elikagai burujabetzaren eraikuntza kolektiborako II. Parlamentua Nafarroako Legebiltzarrean

Ainhoa Aznarezek azpimarratu du instituzioek gertuko burujabetza baten aldeko apustua egin behar dutela, elikagai burujabetza oinarri hartuta, landa guneetako despopulazioa gelditzeko giltzarria baita

Foru Legebiltzarrak Elikagai Burujabetzari buruzko II. Parlamentua ospatu du gaur, Parlamentuak berak antolatutako jardunaldia, Landa Garapeneko Kontseilaritzarekin, Mundubat eta Mugarik Gabe GKEekin, IPES Fundazioarekin eta Iruñea, Lizarra, Zangotza-Pirinioak, Tutera eta Olite-Tafallako merindadeetako elkarte eta entitateekin batera.

 

Parlamentu Irekia ekimenaren barne dagoen saioa izan da, interes soziala duten herritar ekimenei bide ematen dien programaren barne, eta gaur izpide izan duten gaia izan da “Toki gobernamendu eraldatzaile baterantz, elikagai subiranotasuna eta genero-berdintasuna oinarri”.

 

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Ainhoa Aznarez Igarza izan da eztabaidari hasiera eman diona, oroituz Elikagai Burujabetzarako lehen Bilkura 2016ko otsailean izan zela eta “gaur, bi urte geroago, jardunaldi haren fruituak ikus daitezkeela”. Azpimarratu du bilkura honen helburua “gure ekoizpen ereduaren etorkizuna finkatzea dela, bertako produkturik gabe, elikagai, ekoizpen eta energia burujabetzarik gabe planeta hau ez litzatekeelako jasangarria izango”.

 

Lehendakariak Parlamentu Irekia ekimenaren garrantzia azpimarratu du, politikaren eta erakundeek praktikotasuna bilatzeko asmoarekin sortua, eta gehitu du “ukaezina dela ekimen hauei jarraikortasuna ematen dieten motoreen beharra, sektore desberdinetako gizarte kolektiboen inplikazioarekin”. Hala, Mundubat, Mugarik Gabe Nafarroa eta IPES Fundazioaren lana mahai gainera ekarri du, “lehen sektoreko eraldaketarako hain garrantzitsua den elikagai burujabetzan ezinbestekoak baitira”.

 

Jaxinto Gomez, Mundubat erakundeko ordezkaria izan da ekitaldia gidatu duena, eta azpimarratu du “etorkizuna gure esku dagoela lehen sektorearekin lan egiten badugu”. Parlamentuari eskerrak eman dizkio horrelako espazioak sortzeagatik, jende desberdina elkartu eta elikagai burujabetza nola berreraiki pentsatzeko”.

 

Maialen Chantek, Mugarik Gabe erakundeko ordezkariak, ekimen honi esker Nafarroa guztian zehar lehen sektoreko eragileekin kan egiteko bidea ireki dela adierazi du. “Norabide berean lan egiten duen jende asko ezagutzeko balio izan du, eta aukera ona da lan hau instituzioetara bideratzeko”.

 

Jarraian, merindade desberdinetako ordezkariek diagnostikoak, estrategiak eta eskaera garrantzitsuenak azaldu dituzte, azken hilabetetan egin duten lanaren emaitza.

 

Inma Ruiz, Erriberri-Tafallako merindadeko ordezkariak generazioen arteko erreleborako laguntzak berreskuratzeko apustua egin du, nekazal politika amankomun, jasangarri eta tokiko merkatuetara bideratutakoa sortzeko.

 

Pedro Leraltak, Tafallako Udaleko ordezkariak, “egitura sozial sentsibilizatu bat sortzeko ideia defendatu du, udalen esparruan defendatuko dela, elikagai burujabetza irizpideak eskoletako jantokien lizitazioetan kontuan hartuz”.

 

Lizarrako merindadetik, Miriam Otxotorenak tokiko produktua eta ekologikoa defendatzeko apustua egin du, eta generazioen arteko erreleboa ahalbidetzen ez duten neurriak kritikatu ditu, baita hektarea bakoitzeko ordainketa ere, “negozioa gutxi batzuentzat bakarrik baita errentagarria”.

 

Ramiro Urrak, Deierriko alkateak, azpimarratu du instituzioak direla ekoizleen eskaerak errazteko arduradunak.

 

Iruñeko merindadetik, Gotzone Sestorainek, Leitzako ekoizleak, esparru honetako erronkak aipatu ditu: “lurra babestu, formakuntza eskaini, elkarlanerako sareak sortu, azpiegiturak sortu eta gizartea sentsibilizatu eta kontzientziatu”.

 

Joseba Otondo Baztango alkateak Nafarroako Gobernua premiatu du konplize izan dadin “lurra suntsitzen duten proiektuen aurkako borrokan, Lekarozko Aroztegia bezalako proiektuen aurka”, eta lurra faktore produktibo eta estrategiko gisa babesteko apustua egin du.

 

Edurne Senosiain, Donibane Haur Eskolako Zuzendariak Iruñeko Udalak hartutako erronka azaldu du, bere bi haur eskoletako jantokietan produktu ekologikoak ezarri baititu, eta gai honen inguruan eskaini dieten formakuntzaren garrantzia azpimarratu du, familiei ere eskaini baitzaie eta hau “bide polita baita kontzientziaziorako”.

 

Zangotza-Pirinioetako merindadetik Marc Radalek azaldu du errealitate eta baldintzak guztiz desberdinak diren arren, diagnostikoa bera dela, eredu industrialaren ondorio. Merindadeko arazoaren irtenbidetzat ikusten du lehen sektorearen eta sektore turistikoarekin arteko lotura eta elkarlana.

 

Tuterako merindadetik, Olga Risueño Tuterako udaleko Nekazaritza Zinegotziak azaldu du nekazal industriak Erriberako lurrak okupatu dituela, eta egun bi eredu desberdintzen direla: sektorea monopolizatzen duten eremu handiak eta aisialdirako baratza txikiak.

 

Santi Cordón, Slow Foodeko ordezkariak ohartarazi du “lurrarengandik bereizten ari garela eta horrek ondorioak dituela osasunean”. Zigilu ekologiko eta artisau baten aldeko apustua egiten du.

 

Jarraian Iker Elosegik, Nafarroa Behereko Euskal Herriko Laborantza Ganbarako ordezkariak bere esperientzia elkarbanatu du, eta Iparraldean bizi duten egoera eta gai honetan izan duten historia luzea elkarbanatu du.

 

Hitzartzeekin amaitzeko, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Kontseilariak, Isabel Elizaldek, legegintzaldi honetan esparru honetan egindako lana azaldu du, Nafarroako Gobernuak emandako aurrera pausoak azaldu ditu eta egun dituzten erronkak ere bai. Horretarako, adierazi du, “beharrezkoak direla horrelako ekimenak, entzun, hitz egin, eztabaidatu eta galdetzeko”.

 

Hala, hitzartze hauen ondoren eztabaidari hasiera eman diote, herritar ugariren parte hartzearekin, tartean Udal batzuen presentziarekin, pertsona eta kolektibo ekoizleekin, Nafarroako eta kanpoko elikagai subiranotasun eta kontsumo taldeekin.

 

Saiora bertaratu diren parlamentarioen artean zeuden Dabid Anaut (EH Bildu), Cristina Altuna (UPN) eta Tere Saez (Podemos-Ahal Dugu).