Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 22

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak uste du ez dela zergak igotzeko unea, eta adituen batzorde bat eratuko du sistema fiskala sakon aztertzeko

Erantzun egin dio Navarra +ren interpelazio bati, zeinak tartea ikusten baitu zergak lasaitu eta hala enplegua sortzen eta Nafarroaren hazkunde potentziala berreskuratzen laguntzeko

 

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saizek iragarri du Exekutiboak adituen batzorde bat eratzea erabaki duela, arduratzat hartuko duena "Nafarroako sistema fiskala sakon aztertu eta ikertzea, hura efizientzia handiagorako indartzeko eta oraingo nahiz etorkizuneko erronketara moldatze aldera modernizatzeko.

 

Kontroleko Osoko Bilkuran Navarra Sumak aurkezturiko interpelazio bati erantzunez, Elma Saizek adierazi du batzorde horren helburua izanen dela "eraginkortasun ekonomikoa bilatzea eta alderdi hagitz garrantzitsuak baloratzea, hala nola sistemaren ekitatea, nahikotasuna eta efizientzia, ahaztu gabe zergek eraldaketak azkartzeko eta berrikuntza nahiz, noski, birbanatze-ahalmena sustatzeko daukaten garrantzia".

 

Batzorde horrek "zilegi izanen du egokitzat jotzen diren ekimenak eta arau-hobekuntzak proposatzea". Kontseilariak azaldu duenez, geroko foru agindu batean emanen dira jakitera aditu-talde honetako kideak, zeinak proposatuko baitituzte unibertsitateek, ekonomisten elkargoak, abokatuen elkargoak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berak.

 

Nolanahi ere, Elma Saizek esan du ez dela "zerga-igoera orokor baterako unea; batik bat, aski zentzugabea litzateke laguntzen ari gatzaizkienean, aldi berean, gehien sufritzen ari diren sektoreei. Hartutako neurri-samalda bideratuta egon da pandemiaren aurrerakada geraraztearren ezinbestean hartu behar izandako neurri murriztaileen ondorioak samurtzera".

 

Aldi berean, kontseilariak errefusatu egin du Navarra Sumaren diskurtsoa, zeinean "beti ari baita zerga-beherakadak planteatzen, berdin delarik norentzat eta zertarako".

 

Bestalde, Elma Saizek oroitarazi du EH Bildurekiko aurrekontu-akordioan jasota dagoela Sozietateen gaineko Zergako balizko onura fiskalak aztertzea; "litekeena da ebaluatze hori beste tributu-esparru batzuetara hedatzea eta bide horretatik zenbait ekimen eratortzea, zergapetze-alorrean dauden eskaerak asetzearren egokitzat jotzen direnak".

 

Navarra Suma talde parlamentarioko María Jesús Valdemorosek ohartarazi duenez, "oraingoa ez dugu zerga-igoera bat abian jartzeko unea; astakeria galanta litzateke", eta azpimarratu du "Nafarroak jada zama fiskal itzela" daukala.

 

Valdemorosek esan duenez, "ia bi urte daramatzagu legegintzaldi berrian barrena, tartean pandemia bat jasanez, langabezia gehiagorekin, ordaindu beharreko zerga gehiagorekin, sektore hondatuekin, enpresa-mordo batek Nafarroatik alde eginda eta inolako zerga-lasaitzerik gabe".

 

"Zergak igotzea –erantsi du– ez dugu errezeta. Gure hazkunde potentzialerako eta enplegua sortzeko politiketan pentsatu behar dugu. Badugu horretarako tarterik, Espainiako zergarik altuenak dauzkagulako. Badugu tarterik zerga horiek jaisteko. Gobernuari eskua luzatzen diogu, errenta baxu eta ertainentzat, autonomoentzat eta langile-klasearentzat lagungarria izanen den zerga-politika bat taxutzeko".

 

PSN talde parlamentarioko Ainhoa Unzuk aldarrikatu du "lan egin beharra, Nafarroak erakargarri izaten segi dezan", eta kritikatu du "Navarra Sumak behin eta berriz jotzea zergak jaistearen bidetik, Alderdi Popularraren diskurtso berean posizionatuz". Kontuen Ganberak esan du Nafarroak 235 milioi euro gastatu dituela pandemian, gehi bildu ezin izan diren milioi guztiak. Ez dakit iruditzen ote zaizuen milioi horiek ezerezetik ateratzen direla. Zerga-jaitsiera masibo horrekin, ezin izanen ziren egin ezta lortu diren gauzen erdiak ere".

 

Geroa Bai talde parlamentarioko Uxue Barkosek aldeztu duenez, "azken sei urteotan Nafarroak fiskalitaterik serioen eta egonkorrenetako bat izan du, herritar guztien beharrizanak asetzeko bezainbestekoa. Nafarroako fiskalitatea ez da astuna, Europako fiskalitateari doitua baizik. Europar estiloko zerbitzu publikoak nahi bai, baina Ayusotar estiloko fiskalitate bat daukagula, ala? Hori gezurrezkoa da, zuzen-zuzenean. Fiskalitatea nafar gizartearen erronken arabera dago taxututa. Nekez izanen genuen modurik pandemian izan ditugun erronketako askori heltzeko, baldin eta ez bagenu izan aurreko legegintzaldiko politika fiskalen bitartez indarturiko zerbitzu publikoen multzo bat", baieztatu du.


EH Bildu talde parlamentarioko Adolfo Araizek adierazi du pandemiak gastu handiagoa egitera behartu eta, aldi berean, Ogasunaren diru-bilketa urritu duela. "Erronka da nola aurre egin premia sozial areagotu batzuei, noiz eta diru-sarrera publiko gutxiago dauzkagunean", azaldu du.

 

Ildo horretatik, gogorarazi du bere taldeak Nafarroako Parlamentuan jadanik iaz proposatu zituela errekargu bereziak PFEZerako eta Sozietateen gaineko Zergarako, diru-bilketa handitzea xede, baina gehiengoak ezezkoa eman ziola proposamenari. "Zerga-igoerak marra gorria izaten segitzen du, ez PSNk ez Geroa Baik gurutzatu nahi ez dutena", arranguratu da.


Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) ez du ezkutatu fiskalitateari buruzko "desadostasun nabariak" dituela PSNrekin eta Geroa Bairekin, eta aldeztu du "progresibitatean hobekuntzak egitea. Gure posizio politikoa errentarik baxuenen eta Sozietateen gaineko Zergaren inguruan biltzen dugu. Sozietateengandiko diru-bilketan aurrerapausoak eman beharra dago. Ezin onartuzkoa da eskuratzen ari garen diru-bilketak hain eskasak izatea. Gainera, aberastasunaren birbanaketa hobetu beharrekoa da premiarik handiena dagoen gizarte-esparruetan. Txirotasuna pairatzen duten langileentzako zerga-tratamendu positiboa eta errenta-prezioei galga jartzea eskatzen dugu".

 

Azkenik, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko Marisa de Simón andreak baieztatu du "guztiz beharrezkoa" dela "aurrekontu-nahikotasuna bermatzeko zerga-erreforma bat. Nafarroako eredu fiskala bidegabea izatetik abiatzen gara, eta gure uste osoa da eredu horrek aurrerapausoak eman behar dituela progresibitatean, gehiago dutenei zergapetze handiagoa ezarriz, hori bezain sinple. Gainera, Nafarroan egoera ez da preseski oparotasunezkoa”.