Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 3

Arartekoak 2020ko urteko txostena aurkeztu du Osoko Bilkuran

Nabarmentzekoak dira Covid-19ren pandemiarekin lotutako kexak eta kontsultak, baina haur eta nerabeen babesari buruzkoak dira ugarienak

Foru Komunitateko Arartekoak, Francisco Javier Enérizek, 2020ko ekitaldiari dagokion urteko txostena Osoko bilkuran aurkeztu du gaur. Txosten horretan 3.393 jarduketa jaso dira, 2019an baino 505 gehiago, hau da, % 17,5 gehiago.

 

2020an egin den lanaren bitartez, 77 iradokizun (beste 27 arauen inguruan), 226 gomendio eta legezko betebeharren 77 oroigarri helarazi zaizkie Nafarroako administrazio publikoei (407 erabaki, guztira). Hori guztia erakundearengana jo duten 5.706 herritarren ekimenaren emaitza izan da; 2.582 kontsulta egiteaz gain, 1.416 kexa aurkeztu dituzte, besteak beste (1.602 espediente sorrarazi dituzte); kexa horietatik % 65,5 izapidetzeko onartu dira. Bestalde, 866 ikerketa egin dira; horietatik 839 jasotako kexen ondoriozkoak izan dira, beste 18 ofizioz egin dira eta 9 herritarren proposamenei lotuta.

 

Kexa gehien eragin dituzten hamar arloak honako hauek dira, kexa kopuruaren araberako ordenan: gizarte ongizatea (327), covid-19 (294), funtzio publikoa (71), etxebizitza (68), enplegu publikorako sarbidea (63), trafikoa eta bide-segurtasuna (56), hezkuntza (49), ogasuna (49), ingurumena (49) eta osasuna (49).

 

Lehendabiziko arloari dagokionez – gizarte ongizatea- aurkeztu diren 327 kexetatik 249 haurren eta nerabeen babesarekin lotutakoak dira eta 22 familien babesari buruzkoak, eta horien atzetik orpoz orpo errenta bermatuari buruzkoak (17); gutxixeago dira, aldiz, desgaitasunen bat duten pertsonen arazoei buruzkoak (11), batez ere aitortutako desgaitasun graduari buruz. Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioari buruzko kexak ere jaso dira, pertsona ezgaituen babesa kudeatzeko modua dela-eta (2), bai eta adineko pertsonen babesa dela-eta (3), mendekotasuna dutenen ingurukoak ere (4), eta orobat jaso dira gizarte zerbitzuek emandako arretari buruzkoak (4).

 

Bigarren postuan Covid-19ari buruzko kexak daude, 294 izan baitira. Horien artean, 35 hezkuntzari buruzkoak izan dira (ustez ez baitira behar adina prebentziozko neurri hartu Covid-19aren kutsatzeak ekiditeko 2020/2021 ikasturtearen hasieran, edo hartutako neurriak gehiegizkoak izan direlako, edo arrisku faktoreak dituzten haurrentzat ez direlako berariazko neurriak hartu, edo jardunaldi jarraiari buruzkoak).


 

Gainera, 19 kexa izan dira hainbat polizia-kidegok ezarritako zigorrekin desadostasuna adieraziz, eta beste 6 kexa egon ziren Segurtasun Indar eta Kidegoen jarduketengatik. Zirkulazio-eskubideen mugei eta pertsonen biltzeari buruzko 15 kexa aurkeztu ziren, 18 osasun-arretarekin lotu ziren, eta senitartekoek adinekoen egoitzetara egiten zituzten bisitak eteteak eta egoitzetan hartutako neurriek 10 kexa eragin zituzten.

 

Gizarte Zerbitzuekin lotutako gaiak (9), bai eta desgaitasuna duten eta tutoretzapean dauden pertsonekin (4), adingabeekin (9) eta haur-eskolekin (39) lotutakoak ere.

 

Administrazioko bulegoetan hitzordua lortzeko edo arreta jasotzeko zailtasunek hainbat kexa eragin dituzte (4 atzerritarren bulegoa, 20 enpleguari dagokionez, 12 Gizarte Segurantza, 12 Nafarroako Zerga Ogasuna).

 

13 kexa ez zeuden ados bide publikoan eta ikastetxeetan maskarak erabiltzeko derrigortasunarekin, eta 6 kexa hartutako neurri murriztaileekin erlazionatu dira.

 

Hirugarren postuan funtzio publikoari buruzko kexak daude, guztira 71 kexa, eta horietatik 18k zerikusia dute langile publikoen ordainsariekin (ordainsari-osagarriak, familia-laguntzak, etab.), baita administrazio-araubidean kontratatutako langileentzako gradu-osagarriari dagokionez ere (5), eta hainbat ikasturtetako udako oporrei dagozkien soldatak ordaintzeko eskaerei dagokienez (3).

 

Beste kexa batzuk opor, lizentzia eta baimenekin lotuta daude; aitatasun baimenarekin, baimena ukatu delako nahiz datak aldarazi dizkietelako.


 

Gainera, Foru Administrazioko funtzionarioen hainbat kolektibo, hala nola erizaintzako teknikariak (karrera profesionala), Osasunbideako telefonisten kolektiboa (C mailara ez igotzeagatik). Beste lau kexa laneko jazarpenarekin lotuta zeuden, hiru diziplina-prozedurekin, bat eskubide pasiboekin eta bestea sindikatuen parte-hartzearekin.

 

Laugarren tokian heldu da etxebizitza. Horri buruzko kexak (68) errentamendu-araubideko etxebizitza babestuak ez esleitzeari buruzkoak dira gehienbat (26), alokairu-parkearen eskasiaren ondorioz; arlo horretako eskumena duen departamentuak berak onartzen du, Arartekoaren bulegoak aurkeztu zaizkion kexen nahi ofizioz izapidetutako jarduketen analisia egitean, hori horrela dela.

 

Beste 17 kexa etxebizitza erosteko eta alokatzeko laguntza publikoei buruzko programak direla-eta aurkeztu ziren. Hiru pertsona kexatu ziren beren etxebizitzen bizigarritasun-zedula berritzea ukatu zitzaielako.

 

Bosgarren tokian daude enplegu publikorako sarbideari buruzkoak (63); gehienak Foru Komunitateko Administrazioari dagozkio, aipatzekoak dira administrari laguntzailearen lanpostuak lortzeko deialdiko aldi baterako kontrataziorako zerrendetan daudenei titulua edo batxilergoa aurkezteko exijentziarekin lotutakoak, deialdian parte hartzeko eskola-graduatuaren titulua eskatu baitzen. Era berean, salatu da Osasun derpartamentuak ez dituela balioesten sektore pribatuan emandako zerbitzuak, eta beste bi kexaren arabera, ez zegoen ados bi toki-erakundek aldi baterako kontrataziorako bi eskaintza eskuratzeko ezarritako emakume izateko eskakizunarekin.

 

Kexak eragin zituen seigarren arloa trafiko eta bide-segurtasunarena da (56), non auzitan jartzen baitira trafikoaren antolamenduari eta bide-segurtasunari eragiten dieten zenbait kontu (12), zehapenak eta garabiaren esku-hartzeak (20) eta AP-15 autobidetik NA-2104 errepiderako sarbidean, Zuasti inguruko zerbitzugunean, bidesari bat jartzeari buruzkoak (11).

 

Ondoren datoz hezkuntzari buruzko kexak (49); horietatik 13 Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan onartuak izateari buruzkoak dira. 9 garraio eta jantoki zerbitzuari buruzkoak dira, 5 bigarren hezkuntza, batxiler eta lanbide heziketari buruzkoak, 5 ikasteko beka eta diru-laguntzen inguruan eta 2 behar berezietako ikasleei zegozkienak.

 

Zortzigarren tokian daude Foru Ogasunari buruzkoak (49); gehienetan auzitan jartzen da PFEZean zenbait kenkari edo murrizketa egiteko aukera, dela ohiko etxebizitzagatik, dela ohiko etxebizitza alokatzeagatik, dela % 65eko desgaitasun-gradua duen senitarteko bat zaintzeko kontratatutako langilearen Gizarte Segurantzako kotizazioengatik.
 

Beste kexa batzuk ez zeuden ados Nafarroako Foru Ogasunak zenbait diru-sarrera ondare-gehikuntzatzat hartzearekin: adibidez, Nafar Lansare/Nafarroako Enplegu Zerbitzuak langabezian dauden pertsonei zuzendutako ikastaroetara joateko emandako bi garraio-beka, eta Erkidegotik kanpoko herrialde batean lanekoak ez diren praktikak egiteko lortutako beka, edo etxebizitza bat egokitzeko diru-laguntza bat.

 

Ingurumenari dagokionez (49 kexa), gehienak dira, beste behin, era guztietako jarduerek eragindako zaratari buruzkoak (17); bereziki, ostalaritzako negozioetako, fabriketako, hirietako autobus geltokietako, udalaren lokaletako eta bizilagunek eragindako zaratei buruzkoak. Beste lau kexa jarduera sailkatuetako lizentziekin lotutakoak dira, dela lizentzia ukatu delako, dela ez ikuskatzeagatik, dela beste arrazoiren batengatik. Ingurumen informazioa ukatzeagatik edo berandu emateagatik ere aurkeztu dira zenbait ke6a (9), bai eta hondakinen bilketagatik ere (8), ika-mika sortu baita kokalekua dela-eta, hondakinak pilatzeagatik edo egindako zaratagatik (kasu horretan, gaueko zabor-bilketaren zerbitzuak eragindakoa).

 

Hamargarrentokian dago Osasungintza (49), non kexarik gehienak itxarote-zerrendei buruzkoak baitira (batik bat, traumatologian eta errehabilitazioan). Beste 14 kexek adierazi zuten ez zeudela ados Osasunbidean jasotako arreta sanitario eta kliniko zehatzarekin, sei kexa osasun publikoari buruzkoak ziren, hiru prestazio sanitarioei eta gastuen itzulketei buruzkoak, eta beste hiru prestazio ortoprotesikoei buruzkoak.

 

2020an aurkeztutako kexa gehienak Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioari buruzkoak izan dira, bere organismo eta sozietate publikoak barne. 545 kexa aurkeztu ziren, kopuru orokorraren % 38,5.

 

Toki entitateei eta horien mendeko erakundeei aurkeztutako kexak 311 izan dira, % 22 hain zuzen.

 

Ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak eta toki erakunderen batek batera egindako lanari buruzkoak datoz, eta alor horretan 65 kexa daude (% 4,6).

 

Estatuko Administrazioari aurkeztutakoak, berriz, 196, hau da, % 13,8.

 

Kexak aurkezteko erabilitako baliabideari dagokionez, bide nagusia telematikoa izan da: % 75, 2019an baino 21 puntu gehiago, helbide elektronikoaren eta erakundearen webguneko formularioen bidez. Bigarrenik, aurrez aurreko kexak daude: % 23. Azkenik, posta arruntaren bidez bidalitakoak (% 2).

 

Kexak aztertu ondoren, 316 ebazpen eman dira, 2019an baino 19 gutxiago. Arartekoaren erabakien onarpen-maila % 57,1 da, aurreko ekitaldiarena baina apur bat baxuagoa (%67,16).

 

Erakundearekin lankidetza guztiz bete ez duten administrazio publikoen artean aipatzen dira, besteak beste, Hezkuntza Departamentua, Osasun Departamentua, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentia, Iruñeko Udala, Arangunengoa, Zangotzakoa, Zintronikokoa eta Eguesibarkoa, eta Iruñerriko eta Erriberako Mankomunitatea.

 

Kontsultei dagokienez (1.740), nagusi izan dira Covid-19ari buruzkoak; zehazki, mugikortasun-murrizketen arau-hauste larriengatik herritarrei ezarritako zehapenei buruzkoak. Lan-kontuak ere kontsultatu ziren, bai eta konfinamenduaren eta uda ondoren ikasgeletara itzultzeak hezkuntza-arloan eragin zuen kezka ere. Hainbat kontsulta egin ziren zirkulazio- eta bilera-eskubideen mugei buruz, eta aisia- eta kirol-jardueren murrizketari buruz. Osasun-arloan, kontsulta gehienak honako hauek izan ziren: osasun-zentroekin telefonoz harremanetan jartzeko ezintasuna, aurrez aurreko mediku-arretarik eza eta detekzio-testik ez egitea. Kontsumitzaileek hainbat kontsulta egin zituzten hegaldiak eta bidaiak bertan behera uzteari eta atzerritik edo uharteetatik Nafarroara itzultzeko neurriei buruz. Era berean, zenbait herritarrek kontsultak egin zituzten hirugarren adinekoentzako eta desgaituentzako egoitzetan ezarritako bisita-erregimenari buruz, murriztaileegia zela eta erabiltzaileen osasunean eragin larria zuela iritzita.

 

Bigarrenik, gizarte-ongizatearen arloko kontsultak nagusitzen dira, zehazki pobreziarekin eta gizarte-bazterketarekin lotutako arazoei buruzkoak, non errenta bermatuarekin, adingabeen babesarekin eta Helduen Tutoretzarako Nafarroako Fundazioaren tutoretzarekin zerikusia duten gaiak kokatzen diren.

 

Etxebizitzan, batez ere, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak aztertu dira, eta, zehazkiago, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozesuak, laguntzak barne, jatorrian eraikuntza-akatsak eta, oro har, bizilagunen arteko bizikidetza-arazoak eta bizigarritasun-zedula.

 

Era berean, honako gai hauei buruzko kontsultak egin ziren, handienetik txikienera: kontsumoa, ogasuna, justizia, hezkuntza, osasuna, ingurumena, funtzio publikoa, gizarte-segurantza, herritarren segurtasuna, zerbitzu publikoak, trafikoa eta bide-segurtasuna, enplegu publikorako sarbidea, toki-erakundeen funtzionamendua, atzerritartasuna, ondare-erantzukizuna, lana, nekazaritza eta abeltzaintza, administrazio publikoen ondasunak, herri-lanak, memoria historikoa, euskara, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

 

Bestalde, herritarren 9 hobekuntza-proposamen jaso dira (329 dira 2008an ekimen hau abian jarri zenetik), honako hauei buruzkoak: hezkuntza-arloko jarduerak (haur-eskoletan behar emozional espezifikoak dituzten ikasleei arreta ematea, ikastetxeak ekainean ixteko data atzeratzea edo ikastetxeetara bueltatzeko protokolo komun bat onartzea), konfinamendua (hirugarren adineko pertsonak ateratzea ahalbidetzea), Osasuna (presioak eragindako ultzeren kasuan, ehunak berreraikitzeko teknika kirurgikoak modernizatzea), familiak (guraso bakarreko familiak familia ugariekin parekatzea). Iruñeko Udaltzaingoaren postuetara sartzeko oposizioetan ere arreta jarri da (adin-taldeen araberako baremoak sartzea), eta, era berean, desagertutako CAN bankuaren antzeko banka publiko bat sortzea eta Mendillorriko txakurren aisialdirako gune batean hesiak jartzea proposatu da.

 

Aurkeztutako bederatzi proposamenetatik, hiru administrazioak zuzenean onartutzat jo zituen, beste bi konponbidean zeuden, beste hiru ez onartutzat jo ziren eta beste batek Nafarroako Arartekoaren iradokizun bat ekarri zuen (Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak 0-3 urteko haur-eskolei laguntza ematea, behar emozional espezifikoak edo kualifikatuak dituzten ikasleen arretari dagokionez), eta onartu egin zen.

 

Haurren eta nerabeen egoeraren balorazioari dagokionez, bildutako datuek agerian uzten dute azken urteetako joeraren arabera adingabeak babesteko sistema hobetu egin dela. Familia babesteko prebentzio-programak eta -baliabideak hobetu dira, familia-elkarguneen zerbitzua berritu da, gizarte-laguntzako eta laguntza terapeutikoko programak areagotu dira familia-harrerako eta adopzio nacional eta nazioarteko adopzioetako prozesuetan, eta Gizarte Zerbitzuen Arloa zabaldu eta deszentralizatu da, familian esku hartzeko programa espezializatuei dagokienez.

 

2020an 2.243 adingabe artatu dira. Zifra 2019koa (2.411) baino txikiagoa da, baina aurreko urteetakoa baino nabarmen handiagoa (1.744 adingabe 2018an, 1.705 adingabe 2017an eta 1.446 adingabe 2016an). Ondorioztatu denez, 2019an adingabeak iristeko salbuespenezko egoera amaitu ondoren, kolektibo horren arreta adingabeak babesteko sistemaren baliabide arruntetan integratzearen aldeko apustua egin da.

 

Oro har, behera egin du babesgabetasun egoeran dauden adingabeen kopuruak (197, 2019ko 222ren aldean), tutoretzapekoena (512/574) eta zaintzapean (1081/1301) daudenena.

 

Gauzak horrela, Arartekoaren bulegoak iradokitzen du adingabeak desinstituzionalizatzera bideratutako jarduera-ildoak indartzea, eta, ahal den neurrian, norberaren familia-ingurunean edo, halakorik ezean, harrera-familietan jarrai dezaten. Era berean, adingabeak babesteko sistemaren baliabideak indartzea proposatzen da. Halaber, egokitzat jo da bakarrik dauden adingabeentzako arreta-programekin jarraitzea, beste administrazio publiko eskudun batzuekin lankidetzan.

 

2020. urtean, Nafarroako Arartekoak bi txosten egin zituen toki-erakundeek eskatuta. Bat, Amescoa Bajako Udalak eskatuta, udalaren osoko bilkuretan soinu-grabazioak egiteari buruz. Bestea, Utergako Udalak eskatuta, udalerrian eguzki-parkeak instalatzeko dauden herri-lurren balizko desafektazioari buruzkoa.

 

Era berean, Nafarroako Arartekoak hiru aldiz egin zuen agerraldia Nafarroako Parlamentuan, lehenengoan Q19/606 kexaren inguruan emandako ebazpen baten harira. Kexa hori Nafarroako Bekak programaren zenbait onuradunek aurkeztu zuten Garapen Ekonomiko eta Enpresarialaren Departamentuaren aurrean, eman zitzaizkien diru-kopuruak itzultzeko erreklamazioaren harira. Bigarrena eta hirugarrena 2019ko urteko txostenaren laburpena ahoz azaltzea izan zen, Foru Araubidearen Batzordean eta Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran.

 

Azkenik, jasota geratu da Arartekoak Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren zortzi bilkuratan parte hartu zuela, eta organo horrek hartutako erabakietako hamar berak egin zuela txostena. Kontseilu hori herritarrek informazio publikoa eskura izateko eskubidea bermatzeko sortu zen, bai eta Nafarroako administrazioei eta entitateei dagokienez publizitate aktiboaren arloko legezko betekizunak betetzen direla zaintzeko ere.

 

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuaren aginduz herritarren eskubide eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den erakundea da, eta, helburu horri helduta, Nafarroako administrazio publiko guztien jarduna gainbegiratzen du.