Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urriak 13

2020ko urriaren 13ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTEARTEA, URRIAK 13– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –asteartea, urriak 13–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Kreditu berezi bat ematekoa, 100.000 eurokoa, haren bidez bi bizikleta-bide finantzatzeko, Zuñigan eta Metautenen (Nafarroako Gobernua). Urriaren 22ko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da. Zuzenketak aurkezteko epea urriaren 21ean amaituko da.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da baliabideen eta neurri urgenteen sorta bat presta dezan, zaharren ongizate emozionalari, psikologikoari eta sozialari dagokienez COVID-19a izaten ari den ondorio negatiboak arintzeko eta prebenitzeko. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Patricia Perales Hurtado andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da albait lasterren egin ditzan beharrezkoak diren kontratazioak eta plantilla-handitzeak, administrazio zentralarekiko izapideetako atzerapen larriak eta itxarote-zerrendak onbideratzeko. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da plan bat abiaraz dezan, helduen artean hizkuntzen ezagutzaren akreditazioa sustatzeko. Navarra Suma talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da lehenbailehen has ditzan Nafarroako Ubidearen 2. fasea eraikitzeko izapideak. Navarra Suma talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da presoei zigorrak gizarte- eta familia-loturak dituzten lekuetatik hurbil betetzea ahalbidetuko dien espetxe-politika bat aplika dezan. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da sintoma edo zantzu arinak dituzten pertsonen jarraipenerako eta tratamendurako jarduketa-protokolo adostuak taxutu eta ezar ditzan. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Lurralde Kohesiorako kontseilariarena, Nafarroako Errepide Sarearen egoera eta hobekuntza-proposamenak balora ditzan. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariarena, informatzekoa SODENAk Vectiaren kapitalean inbertitzeari buruz. Navarra Suma talde parlamentarioko Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea jaunak aurkeztu du.

- Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariarena, azal dezan 103/2017 Foru Dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu zituen epaiaren eragin kuantitatibo eta kualitatiboa, funtzio publikoan sartzeko harrezkero egin diren lehiaketa edo oposizio-lehiaketetan euskara merezimendu gisa baloratzean, bai eta arau berri bat onesteari begira Nafarroako Gobernuak darabilen aurreikuspena ere. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Bakartxo Ruiz Jaso andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Belosoko Hegoaldeko Erripako parkearen aldeko herritarren plataformaren ordezkariekin, Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren gainean duten iritzia azal dezaten. Navarra Suma talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

- Etxekide eta Etxekonak elkarteen ordezkariekin, elkarlaneko etxebizitzak direla-eta Nafarroan dauden proiektu batzuk ezagutzera eman ditzaten. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Egungo espetxe-politikari buruzkoa (Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jauna).

- Egungo espetxe-politikari buruzkoa (Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jauna).

- Terrorismoa dela-eta kondenatutakoen harrerak edo haien aldeko adierazpen publikoak ekidite aldera legeria indarduna gogortzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.

- Zizurko sarbideko trafiko-arazoei buruzkoa (Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jauna).

 

IDATZIZKO GALDERAK:

- Gazteriari buruzko Foru Planeko bizikidetasun-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko kultura-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko kirol-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko lurralde-garapenaren arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko hezkuntza-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko enplegu-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko berdintasun-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko gizarteratzearen eta aniztasunaren arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko parte-hartzearen arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko osasun-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Gazteriari buruzko Foru Planeko etxebizitza-arloari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Foru erkidegoko garraio-txartel bateratuari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Baheketa masiboak egiteko irizpideei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Mendigorrian Andelosera sartzeko Arga ibaiaren gaineko zubiko jarduketei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Fiteroko sarbidean NA 6900 errepidea hobetzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Kultura Departamentuak José María Iparragirre Balerdiren jaiotzaren 200. urteurrena dela-eta Karlismoaren Museoan hitzaldi bat edo jarduera bat egiteko ezetzari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Lekarozko Aroztegia jauregi-hotelaren oinarrizko proiektuari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Itzaleko bidesari-sistemaren bidez finantzatutako autobiei buruzkoa (EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jauna).

-Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak 2020ko aurrekontuetan aurreikusitako gastuen exekuzio-ezei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 2020ko aurrekontuetan aurreikusitako gastuen exekuzio-ezei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Energia berriztagarria sortzeko plantak paratzea modu ordenatuan sustatzeko xedez tresna publiko bat sortzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko zerbitzu publiko bat abian jartzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2017ko irailaren 13koa, 2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastu ez-finantzarioaren muga onesten duena.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA

- Eskaria, fiskalizazio-txostena egin dadin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak TRACASA INSTRUMENTAL SLri 2020an egindako enkarguei buruz. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Eskaria, Miguel Servet Fundazioari eta Nafarroako Foru Komunitateko osasun-ikerketa publikoaren finantza-iturriei buruzko fiskalizazio-txostena (2016-2020) egin dadin. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

 

OSOKO BILKURARAKO ETA BATZORDEETARAKO DEIALDIAK:

- Urriaren 15eko Osoko Bilkurari dagokionez, erabaki da boto-eskuordetza egiteko epea irekita egonen dela datorren asteazkenera arte –hilak 14–. Mahaiak onetsitako Kontingentzia Planaren aldaketaren arabera, Legebiltzarraren egoitzaren areto guztien edukiera % 30era murriztu da; hori dela eta, heldu den osteguneko osoko bilkurara soilik bertaratu ahalko dira Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak, Gobernuko lehendakaria eta gehienez ere bost kontseilari, legelariez gain. Bilkura mistoa izanen da (presentziala-telematikoa) eta bertaratzen ez diren parlamentariek beren botoa eskuordetu beharko dute.

- Eskaria, urriaren 15eko Osoko Bilkurako gai-zerrenda alda dadin. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna ospatzearen karietara. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

1. Saray elkarteak abian jarritako elkartasun kanpaina aldeztea eta Nafarroako herritarrei bertan parte hartzera dei egitea.

 

2. Nafarroako Parlamentuan ekitaldi instituzional bat egitea heldu den urriaren 19an, astelehenez, 12:00etan.

 

3. 2020ko urriaren 19an arrosa kolorez argiztatzea Parlamentuaren egoitzako fatxada”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baititu txirotasunaren eta ezberdinkeriaren aurka jadanik hartutako konpromisoak; are gehiago, egungo pandemia egoeran. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu jadanik 2019ko urriaren 7an onetsitako adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoak, are indar handiagoa baitute egungo pandemia egoeran. Txirotasunaren eta Desberdinkeriaren aurkako Hitzarmen berria adostasuna lehenetsi duten talde parlamentario desberdinen elkarlanaren fruitua izanen da, bai eta horien eta gizarte zibil antolatuaren arteko lanarena ere, xede komun batekin: inor atzean ez uztea.

 

Hona hemen Hitzarmen berrian jasoko diren 16 helburuak, aho batez adostutako neurriak izanen dituztenak:

 

1. Txirotasun modu guztiekin amaitzea, mundu osoan.

 

2. Gosearekin amaitzea, elikagai-segurtasuna eta nutrizioaren hobekuntza lortzea eta nekazaritza jasangarria sustatzea.

 

3. Bizimodu osasungarria bermatzea eta guztientzako ongizatea sustatzea adin-tarte guztietan.

 

4.- Hezkuntza.

 

5. Generoen arteko berdintasuna lortzea eta emakume eta neskatxa guztiak ahalduntzea.

 

6. Uraren eskuragarritasuna eta haren kudeaketa jasangarria bermatzea. Saneamendua denontzat.

 

7. Energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat.

 

8. Hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria sustatzea, bai eta enplegu osoa eta produktiboa eta denontzako lan duina ere.

 

9. Industria, Berrikuntza eta Azpiegiturak.

 

10. Herrialdeetako eta herrialdeen arteko desberdinkeria murriztea.

 

11. Hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izan daitezen lortzea.

 

12. Kontsumo- eta produkzio-eredu jasangarriak bermatzea.

 

13. Neurri urgenteak hartzea klima-aldaketa eta haren ondorioak borrokatzeko.

 

14. Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak zaintzea eta modu jasangarrian erabiltzea, garapen jasangarria xede.

 

15. Basoak era jasangarrian kudeatzea, desertifikazioaren aurka borrokatzea, lursailen degradazioa geldiarazi eta alderantzikatzea eta biodibertsitate-galera geldiaraztea.

 

16. Gizarte bidezko, baketsu eta inklusiboak sustatzea”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, Neskatoen Nazioarteko Egunaren karietara. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra Talde Mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Neskatoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak salatzen du neskatoen sexualizazioa publizitatean, praktika horrek jarrera eta estereotipo sexistak indartzen baititu eta emakumeen aurkako indarkeriaren agerpenetako beste bat baita. Neskatoek errespetatuak izateko eta publizitatean tratu egokia jasotzeko eskubidea dute.

 

3. Nafarroako Parlamentuak haurren gorputzen merkantilizazioa eta sexualizazioa errefusatzen eta gaitzesten ditu, adingabeekiko balizko abusuak ahalbidetu baititzakete; izan ere, sexualitatea erdigunean jartzen da eta emakumeen eta neskatoen gainerako dohain eta gaitasunak alde batera utzi edo gutxietsi egiten dira, eta, hala, beren haurtzaroa bete-betean bizitzea eragozten zaie eta beren bizimodu-itxaropenak murriztu egiten zaizkie.

 

4. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du ezgaitasuna duten neskatoek pairatzen duten diskriminazio hirukoitza: adinagatik, generoagatik eta ezgaitasun-egoeragatik. Hori dela eta, adierazten du ezgaitasuna duten neskatoek gizarte helduzentriko, matxista eta gaitasunzalekeriazko batean aurre egin behar izaten dioten diskriminazio intersekzionalaren aurka dagoela.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen baititu Felipe VI.arenganako erasoak, monarkia aldezten duela adierazten baitu eta Sortu premiatzen baitu Estatuko erakundeen aurkako indarkeriaren apologiazko ekintzak egiteari utz diezaion. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpena Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin onetsi da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki du:

 

“1. Arbuiatzea eta gaitzestea atzo Espainiako errege Felipe VI.aren figuraren aurka eginiko erasoak, herritarrek berretsitako Espainiako Konstituzioan ezarritako zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa eratzeko forma politikoa definitzen duen erakundearen ordezkaria den aldetik jasandakoak.

 

2. Adieraztea beharrezkoa dela Sortu-ri (Eh Bildu) Estatuko erakundeen aurkako indarkeriaren apologiazko ekintzak egiteari utzaraztea.

 

3. Adieraztea Parlamentu honek monarkia aldeztu eta errespetatzen duela, zeina Konstituzioan jasotako figura bat baita, Espainiaren batasunaren berme-emailea”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu urriaren 15ean ospatzekoa den Landa Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du urriaren 15ean ospatzekoa den Landa Emakumeen Nazioarteko Egunarekin, eta aitortzen du emakumeek nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan egiten duten lan eskerga, ausarta eta berritzailea, nekazaritzako elikagaien industriaren sostenguari eginiko ekarpenagatik eta landa exodoarekin amaitzeko betetzen duten ezinbesteko eginkizunagatik.

 

2. Nafarroako Parlamentuak ulertzen du berdintasun benetakoari eta eragingarriari generoaren eta landa-eremukoa izatearen ikuspegi bikoitzetik heldu behar zaiola, eta nekazaritzan nahiz landa-eremuan betetzen duten ezinbesteko eginkizuna aitortu, ikusarazi, hobetu eta indartu egin behar dela, nekazaritzako ustiategietako titular, negozio-eredu berrietako ekintzaile eta landa-eremuko enpesa, erakunde eta kooperatibetako kide eta buru direnez gero.

 

3. Nafarroako Parlamentuak lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, Nekazaritza-ustiategien Titulartasun Konpartituari buruzko Legea eraginkorra eta baliagarria izan dadin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoko emakumeen errealitate berariazkoak ikusarazten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bai eta oraindik indarrean dauden desberdinkeria-adierazpen guztiei garrantzia ematekoa ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela elkartegintzarako laguntzak bultzatzen eta berrikuntzaren, digitalizazioaren eta prestakuntzaren arloetan emakumeentzako neurri berariazkoak sustatzen jarraitzea.

 

6. Nafarroako Parlamentuak uste du lehentasuna dela landa-eremuan ekitate-politikak garatzen jarraitzea eta emakumeen presentzia gizonezkoena baino txikiagoa eta baldintza okerragoetakoa izatea ahalbidetzen duten oztopoak suntsitzeko lanean jarraitzea. Hain zuzen, landa emakumeek nekazaritzan eta jarduera ekonomikoan eraginkortasunez parte har dezaten sustatuko duten politikak, hori behar-beharrezkoa baita landa eremuak egituratzeko. Ez da soilik ekitate kontua, baizik eta gure herriak bizirik eta jasangarri mantentzeko beharra ere.

 

7. Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela politika transbertsalak garatzea, gizonen eta gizarte osoaren inplikazioa eta kontzientziazioa ere aintzat hartuko dutenak; izan ere, gizarte bat ez da aldatzen haren kideen erdia soilik aldatzearekin.

 

8. Nafarroako Parlamentuak aitortu nahi du, baita ere, emakumeen elkarteak egiten ari diren ahalegin eta aktibismo handia; izan ere, ikuspegi eta jarduketa-eremu desberdinetatik ahalbidetzen dute emakumeen parte-hartzea eta lidergoa landa eremuan. Emakumeek, eta bereziki landa emakumeek, ekonomia digital eta berderanzko eraldaketaren erdigunean egon behar dute”.

 

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuak Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunarenarekin bat egiteko adierazpen instituzional bat baztertu du. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute; EH Bildu eta I-E abstenitu egin dira eta Navarra Sumak alde bozkatu du.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du heldu den urriaren 15ean ospatuko den Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunarenarekin eta aitortzen du emakumeek Nafarroako landa-eremuen garapenari eginiko ekarpenaren balio izugarria.

 

2. Nafarroako Parlamentuak landa-eremuko emakumeekiko eta landa-eremuarekiko konpromisoa adierazten du eta, hori dela eta, Nafarroako landa-eremuan proiektuak garatzeko jarduketa eta laguntza berariazkoak babesten ditu, bai eta Administrazioaren diskriminazio positiboa ere.

3. Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen aldi baterako urraketa ahalik eta gehien murriztea eta legeari dagokion plan estrategikoa lehenbailehen onestea, eta plan horrek jasotzen dituen ekintzetarako dirua jartzea 2021erako Nafarroako aurrekontuetan, urraketa horrek eragina baitu landa-eremuko emakumeei zuzenduriko neurrietan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako landa-eremuko emakumeentzat bereziki eta zehazki taxututako neurriak jasotzea plan horren idazketan, zenbait alderdi jasoko dituztenak, hala nola ekintzailetzarako eta berrikuntzarako onura fiskalak, enpleguaren, lurralde kohesioaren, osasun, hezkuntza eta gizarte arloko zerbitzuen egoera hobetzea, lana eta familia bizitza uztartzeko neurriak, garraioa, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien titulartasun partekatua, genero- eta soldata-arrakala, eta abar.

 

5. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du Nafarroako landa emakumeen elkarteak egiten ari diren lanaren garrantzia landa-eremuan duten parte-hartzea eta lidergoa sustatzeko, eta elkarte horientzako laguntzak bultzatuko ditu.

 

6. Nafarroako Parlamentuak sustatuko du Nafarroako landa-eremuko emakumeek presentzia izan dezaten Europan dagozkien eskumen-esparruetan”.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamena, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu beharrezkoa dela Foru Gobernuak premiazko foro bat eratzea, pandemiari aurre egiteko talka-plan bat prestatzeko. EH Bildu talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute; EH Bilduk eta I-Ek alde bozkatu dute.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalaren proposamenak honako hau zioen:

 

“ Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela Foru Gobernuak lehenbailehen premiazko foro bat eratzea, talde parlamentario guztien, Gobernuko eta Osasun Departamentuko arduradunen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren parte-hartzearekin, informazioa partekatu eta proposamenak egite aldera, osasun egoerari aurre egiteko talka-plan bat prestatzeko, prebentzioari eta pandemiaren kudeaketari dagokienez”.