Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urriak 4

2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen aldaketarako Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko urriak 4

Parlamentuko Osoko Bilkurak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren alde botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin.

 

Gobernuak aurkeztutako foru legearen bidez, Toki Inbertsioen Planaren kudeaketa 84/2017 Foru Aginduaren arauetatik salbuetsi nahi da, inbertsioak dagokien aurrekontu-ekitaldian osorik exekutatzera behartzen baitute; horrez gain, xedea da akatsak zuzentzea, bikoiztutako gaiak kentzea eta zenbait kontzeptu argitzea. Hori guztia zuzenean lotuta dago legebiltzarrak 2016ko abenduaren 1ean onetsitako egungo Toki Inbertsioen Planaren indarraldian detektatu diren gorabeherekin.

 

Espedienteen kudeaketa hobetzeko eta inbertsioen finantzaketa aurrekontuen plangintzarekin bat etor dadin, konpromiso ekonomikoak ekitaldi desberdinei egozteko aukera ematen da, lanen exekuzioaren aurreikuspenaren arabera, betiere zerbitzu eskudunak txostena eman ondoren.

 

Ildo horretan, 2016ra arte ordainketa asko hurrengo ekitaldian eta itxitako aurrekontuen kargura egiten zirela azpimarratzen da. Aukera hori baztertu egin zuen 84/2017 Foru Aginduak, 2017ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko eta 2018ko ekitaldia irekitzeko arauei buruzkoak. Epeei dagokienez, aurreikuspen berri horrek berekin zekarren inbertsioen frogagiriak lehenago aurkeztea. Hori ez zen beti posible izaten, eta konpromisopeko gastu osoa exekutatzea eragozten zuen.

 

Toki Inbertsioen Planaren ekarpenak beste laguntza batzuekin bateragarriak izateari dagokionez, betebehar bat erantsi da kasu horietarako, beste funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatzekoa, alegia.

 

Halaber, salbuespeneko araubideari atxikitzeko baldintzak aldatu dira: atxikitzea eskatu aurretik inbertsioa doitu beharko da, edo, bestela, finantzatzeko formula alternatibo bat proposatu. Halaber, laguntzaren zenbatekoa zuzentzen da, BEZa kengarria ez duten inbertsioetan BEZaren zenbatekoa gehituz, toki entitateak nahiko ahalmen ekonomiko eta finantzariorik ez duela egiaztatu ondoren.

 

Salbuespeneko araubide horri atxikitzeko baldintza hau bete behar da, besteak beste:

 

udalek egun indarra duen zerga-tasaren 0,20ko gutxieneko igoera onetsi eta mantendu beharko dute “obraren exekuzioak irauten duen bitartean eta hura amaitu eta hurrengo lau urteetan”, eta igoera aplikatu ondoren tasa ezin da izan 0,30etik beherakoa, ez eta 0,50etik gorakoa ere.

 

Larrialdiko prozedura ere egokitu egiten da Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean jasota dagoenera, argiago ager daitezen bereizita bi prozedura desberdin, bata larrialdiko jarduketetarako eta bestea jarduketa osagarrietarako.

 

Bestalde, artikulu bat eransten da, 22 bis artikulua, prozedura berri bat (hasierako baimena) arautzeko, erreserbako behin betiko zerrendan dauden inbertsioak hasteko aukera ematen duena, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean ondoren sartzeko eskubidea galdu gabe.

 

Beste arlo batean, inbertsioak egiteko epeak ezartzeko aukera izanen du Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, eta epeak luzatzeko aukera ere ezartzen da, salbuespenez.

 

Obraren hasierako ekarpenari dagokionez, hura % 50etik % 60ra handitzen da. Horrela, toki entitateen ahalmen ekonomikoa hobetzeaz gain, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari bide ematen zaio hasierako fasean gastu portzentaje handiagoa exekutatzeko.

 

Legeak zehapenen araubide berria ezartzen du: jada ez da inbertsioa planetik baztertzeko arrazoi izanen obren hasiera bi hilabetez gehienez atzeratzea, eta ez da partzialki baztertzeko arrazoi izanen inbertsioaren amaieraren frogagiriak epetik kanpo aurkeztea.

 

Azkenik, libreki erabaki beharrekoen (toki entitate onuradunek libreki zehaztu beharreko inbertsio-jarduketen) araubidea aldatzen da, eskumenak udalei eskuordeturik dituzten edo egokitasun-txostena epean eskatzen ez duten kontzejuei kudeaketa errazteko; horrela, haien udalek egin ditzakete lan horiek: egokitasun-txostenak eskatu, inbertsioak exekutatu, eta kasuan kasuko ordainketak tramitatu.

 

Halaber, libreki erabaki beharrekoen ordainketa-eskaerak aurkezteko epe berriak ezartzen dira. Muga-eguna abenduaren 1a izanen da 2018ko ekitaldiari esleitutako obra eta jarduketetarako, eta 2019ko azaroaren 1a, salbuespenez abenduaren 1era arte luza daitekeena, 2019ko ekitaldiari dagozkion obra eta jarduketetarako.

 

Hala ere, epea abenduaren 31ra arte zabaltzea aurreikusten da, “lanen esleipenerako zailtasunak frogatzen direnean edo toki entitatetik kanpoko edozein faktore biltzen denean. Eta epea betetzea galarazten duen egoerak jarraitzen badu, hurrengo ekitaldiko ordainketa eskatu ahalko da. Eskaerak epea amaitu baina gutxienez 10 lanegun lehenago egin beharko dira”. Aurreikuspen hau Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek Osoko Bilkuran aurkeztutako in voce zuzenketa baten bidez gehitu da, UPN eta PPNren aurkako botoekin. Helburua da lanen esleipenean gertatzen diren atzerapenei irtenbidea bilatzea, bai enpresarik ez dagoelako edo gastuak handitzen direlako (petrolioarena esaterako), honen eraginez lizitazio asko hutsik gelditzen baitira. Honek eragiten duena da kontratazio espedienteak bata bestearen atzetik tramitatzea, prezioen eta hasierako pliegoen araberako baldintzetara egokituz”.

 

Hiri hondakinen tratamenduaren atalaren barruan, ingurumeneko arazo larriak edo oso larriak dituzten zabortegiei buruzko jarduketetan, aldez aurretik Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak txosten loteslea emanda, gehieneko ekarpen ekonomikoa zenbateko lagungarriaren % 95eraino igo ahalko da, BEZa barne.

 

Proiektuaren xedapen iragankor bakarrak dioenez, “foru lege honek indarra hartu aurretik tramitatu diren ordainketak, obra hasierakoak eta obra erdikoak, erregularizatu eginen dira, toki entitateak eskatzen duen hurrengo ordainketaren zenbatekoari % 10 gehituz”.

 

Nafarroako Parlamentuak 2016ko abenduaren 1ean onetsi zuen 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana. Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura, plan horrek 100 milioiko zuzkidura du: 40 milioi lehen urtean banatzekoak, 20 bigarren urtean eta 40 hirugarren urtean.

 

18/2016 Legeak arautzen duen Toki Inbertsioen Plana lehenbizikoa da 2009-2012 aldirako TIPak hurrenez hurren izan dituen luzapenen ondoren (2015eko abenduaren 22an luzatu zen azken aldiz), eta hiru atal ditu: inbertsio programa (34 milioi), toki programazioa (43) eta libreki erabaki beharrekoak (23).

 

Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen dizkie udal eta kontzejuei. Inbertsioak (azpiegitura eta ekipamenduen ezarpena, hobekuntza eta berritzea), berriz, 18/2016 Foru Legeak arautzen duen Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen dira.