Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Azaroak 5

164.243 euroko kreditu-gehigarri bat eta 750.000 euroko aparteko kreditu bat ematen dituen Foru Legea, 2020. urtean NUPen guztizko finantzaketa 914.243 eurotan handitzeko

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko azaroaren 5ean

Parlamentuaren osoko bilkurak gaur aho batez onetsi du 164.243 euroko kreditu-gehigarri bat eta 750.000 euroko aparteko kreditu bat ematen dituen Foru Legea, 2020. urtean NUPen guztizko finantzaketa 914.243 eurotan handitzeko. Hasiera batean finantzaketa hori 68.500.000 eurokoa zen, guztira.

 

Kreditu-gehigarria (164.243 euro) Unibertsitate ikasketetarako bekak eta laguntzak aurrekontu partidan erabilgarri dagoen gerakinaren kargura finantzatuko da.

 

Aparteko kreditua (750.000 euro) Covid-19 NUP finantzatzeko hitzarmena partidan aplikatuko da, eta Covid-19 Administraziotik Estaturako transferentzia aurrekontu partidan erabilgarri dagoen saldoaren kargura finantzatuko da.

 

Zioen azalpenean jasotzen denez, kreditu-gehigarriaren zioa matrikula prezio publikoen eredu berrira partzialki egokitzeak izandako eragina konpentsatu beharra da; izan ere, 164.243 euroko jaitsiera ekarri du 2020/21 ikasturterako tasengatik aurreikusitako diru-sarreretan.

 

Ildo horretatik, gogoratzen da Unibertsitateko Politika Orokorreko Konferentziak, joan den maiatzaren 20an, matrikula prezio publikoen eredu berri bat onetsi zuela 2020-2021 ikasturterako eta, Nafarroaren kasuan, horrek % 7,14ko jaitsiera dakar 2019-2020 ikasturterako finkatutako prezioen aldean. Doikuntza horrek NUPen graduko ikasketa ofizialen prezioak 2011-2012 ikasturterako ezarritakoetara itzultzen ditu.

 

Unibertsitateko Politika Orokorreko Konferentziaren osoko bilkuraren erabakiarekin bat etorriz, ekainaren 3ko 8E/2020 Foru Aginduak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposatuta NUPen 2020/21 ikasturterako prezioak ezartzen dituenak, % 2,38ko murrizketa ezarri zuen graduko ikasketetako lehen matrikularen kredituaren prezioan. Zehazten denez, murrizketa horri eutsiko zaio hurrengo ikasturteetan kredituaren prezioan azkenean % 7,14aren pareko jaitsiera batera iritsi arte.

 

Bestalde, eta aparteko kredituari dagokionez, haren zioa Covid-19aren krisiak eragindako gastuak eta inbertsioak konpentsatzeko gogoa da. Gastu eta inbertsio horiek 750.000 eurotan zenbatu dira NUPen. Horregatik, indarrean dagoen hitzarmenaren hamargarren klausula aplikatuz, Finantzaketako doikuntzak izenekoa, kopuru horretan gehitzen da Unibertsitatearentzako dirulaguntza, ekainaren 16ko 22/2020 Errege Lege-Dekretuak sortutako Covid-19 Funtsetik datorrena. Haren hirugarren tartean 2.000 milioi euro gordetzen ditu hezkuntzarako ‑% 20 goi-mailako hezkuntzarako-, eta haietatik Nafarroari 29.287.530 euro esleitu zaizkio.

 

NUPi 164.243 euroko kreditu-gehigarria eta 750.000 euroko aparteko kreditua ematen dizkion foru lege hori NAOn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak xedatzen duenez, foru lege bidez arautuko dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, bai eta haien aldaketak ere, aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak emateari buruzkoak direnean. Beraz, 2020ko Aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, egokia da lege hau onestea, kasu honetan irakurketa bakarraren bidez.