Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Maiatzak 31

16/2019 Foru Legeari lotutako Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako lau kideen hautaketa martxan jarri du Parlamentuak

Talde parlamentarioek eta giza eskubideen eta memoriaren arloan diharduten gizarte-erakundeek ekainaren 17ra arteko epea dute gehienez lau hautagai aurkezteko

Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako Nafarroako Parlamentuak hautatu beharreko lau kideak hautatzeko prozedurari ekin dio Legebiltzarrak, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz.

 

Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak aurkeztutako eskabideak baloratu eta, foru legearen babesean, eskabideak onar daitezen edo bazter daitezen proposatzen du; eta, bidezkoa denean, biktima-izaeraren deklarazioa eta, kasua bada, erreparazio-neurriak proposatzen ditu.

 

Hautaketa Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak eginen du gehiengo osoz talde parlamentarioek edota giza eskubideen eta memoriaren arloko jarduera Nafarroako Foru Komunitatean garatzen duten gizarte-erakundeek proposaturiko hautagaien artean.

 

Hautagaitzak gehienez ere lau pertsonaz osaturik egonen dira. Beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa izan eta karguan jarduteko behar diren egokitasun-, zintzotasun-, kualifikazio- eta esperientzia-baldintzak betetzen dituzten herritar adindunek osaturikoak izanen dira, eta 2021eko ekainaren 17ko 17:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira.

 

Hautagai-proposamenei curriculum profesional bat gehitu beharko zaie, bai eta zinpeko deklarazio bat ere, non hautagaiek adieraziko baitute beren eskubide zibil eta politikoen erabilera erabatekoa dutela; halaber, proposaturiko pertsonak emandako berariazko onarpena ere jasoko da.

 

Mahaiak, hautagaitza aurkezteko epea amaituta, aztertu eginen ditu eta, kasua bada, aldarrikatu eginen ditu, egoki den osoko bilkuraren gai-zerrendan jasoak izan daitezen. Hautagaitza-errefusatzerik egonez gero, horren aurka helegitea aurkezten ahalko zaio Mahaiari, eta hark modu arrazoituan ebatzi beharko du.

 

Hautespenaren xedea jurista-hirukote bat osatzea izanen da, eta Legebiltzarraren Osoko Bilkuran eginen da, paper bidezko bozketa sekretu bidez. Paperetan, foru parlamentariek gehienez lau izen idazten ahalko dituzte.

 

Boto eskuordetua lehenbiziko bozketaren amaieran emanen da. Horretarako, talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bakoitzaren barruan, handienetik txikienera, botoa eskuordetu duten pertsonak banan-banan deituta bozkatuko da.

 

Boto gehien eta Legebiltzarreko gehiengo osoa lortzen dituzten lau hautagaiak izanen dira hautatuak.

 

Hautaketarako erabakigarria den berdinketa gertatuz gero, boto-kopuru bera lortu dutenen arteko bozketak errepikatuko dira, berdinketa hautsi arte.

 

Posturen bat bete gabe gelditzen bada, arau hauetan postu hutsik izendatzeko xedaturiko prozedurari ekin beharko zaio.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakariari hautaketaren emaitza jakinarazita, horrek Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari jakinaraziko dio Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako hautaturiko lau kideen izendapena.