Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatza 10

14/2004 Foru Legea, 19/1996 Foru Legea, eta 4/2000 Foru Legea aldatzen dituen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko maiatzak 10

Parlamentuko osoko bilkurak gaur 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa, 19/1996 Foru Legea, azaroaren 4koa, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoa eta 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzkoa aldatzen dituen Foru Legea onetsi du, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin.

 

Aldatutako hiru legeak gehiengo osoko legetzat jotzen dira, eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legeko xedapenen osagarri dira hirurak ere.

 

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeari V. titulu berria gehitu zaio, gobernu ekintzaren etikari eta gardentasunari buruzkoa.

 

Gai hori dela eta, azpimarratzen da Nafarroako Gobernuko kideen eta Administrazio Publikoko goi kargudunen jardunaren ardatzak interes orokorra eta beren kudeaketaren gardentasuna izanen direla, eta martxoaren 17ko 2/2011 Foru Legearen bidez onetsitako Gobernu Onaren Kodean jasota dauden jokabiderako printzipio etikoak beteko dituztela.

 

Hartutako ardura publikoekiko interes-gatazka sor dezakeen jarduera publikorik ez izateko betebeharra arautzen da, eta betebehar hori Administrazio Publikoko goi kargudunei ere egozten zaie.

 

Adierazten da, bestalde, ustelkeria delituak ustez egiteagatik ikertuaren (edo legezko figura parekidearen) egoera prozesalean daudenek karguan segitzea bateraezina dela “herritarrei printzipio etikoen indarraz eta instituzioen ospe ona babesteko beharraz eman behar zaien konfiantzarekin”.

 

Azkenik, botere-aldaketa errazteko, Gobernu sartu berriarentzako dokumentazioa egoera onean dagoela bermatu beharko du jarduneko Gobernuak. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen diren gai eta artxibo bukatugabeen egoera zehatzaren berri emanen dio, departamentuz departamentu, eta, orobat, dagokion aurrekontuaren betetze-mailaren berri emanen dio.

 

Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legeari dagokionez, aldatu egiten da 15. artikuluan jasotako zehapen araubidea, halako moldez non arau-hauste oso larriak, 600 eta 6.000 euro bitarteko isuna duten eta kargua uzteko kausa izan daitezkeenak, foru legea bete ez izanaren deklarazioaz zigortu ahalko baitira eta zigor hori NAOn argitaratuko baita.

 

Nafarroako Komunitateko Arartekoari buruzko azaroaren 4ko 4/2000 Foru Legean egindako aldaketaren ondoren, Arartekoak eginkizun zabalagoak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen gardentasunik ezagatiko kexei dagokienez.

 

Izan ere, Administrazio Publikoko organoen ebazpenek herritarrei informazio publikoa jasotzeko eskubidearen erabilera galarazten edo mugatzen dietela salatu nahi denean, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukeraz gainera, Nafarroako Arartekoari ere kexa aurkeztu ahalko zaio.

 

 

  • Gardentasuna, Informazio Publikorako Sarbidea eta Gobernu onari buruzko Foru Lege Proiektuaren Argitalpena (21. NPAO, 2018-02-21ekoa)

  • Zuzenketen argitalpena (43. NPAO, 2018-04-12koa)

  • 14/2004, 19/1996 eta 4/2000 Foru Legeak aldatzeko Proposamenaren argitalpena (115. NPAO, 2016-10-07koa)